Eleaniztasuna dekolonizatzea

ALISON PHIPPS Glasgowko unibertsitateko irakaslea da. Errefuxiatuei lotutako gaiak lantzen ditu, kulturartekotasuna, eleaniztasun kritikoa, hizkuntzen irakaskuntzaren ikuspegi dekoloniala eta abar. Horietako kontu asko Decolonising Multilingualism (Struggles to Decreate) liburuan azaltzen ditu. Idazkera berezia erabiltzen du: prosaren eta poesiaren hibrido moduko bat. Atal bat Interneten eskuratu ahal da: Manifestu txiki bat eleaniztasuna dekolonizatzeko (pdf).

Haren ideietako asko erdi-euskaratu eta erdi-egokituz gero, honelako zerbait gera liteke:

Eta... egia balitz
ene eleaniztasunak
menperatu eta azpiratu egiten dituela
hizkuntza txiki zenbait?
Eta egia balitz?

Eleaniztasuna dekolonizatu behar badugu...
zeren zain gaude?
Egin dezagun!
Ez da behar teoria gehiago,
Baina egin behar da.
Egiten ahalegintzea da egiteko modu bakarra.

Egin behar badugu,
Hegoalde globalera begira dezagun,
Bada hor zer ikasi.
Badira hor erreferente baliotsuak.
Egin behar badugu, inprobisatu dezagun.
Sor ditzagun ideia berriak.
Dekolonizazioa arte bat da. Sormena.

Egin behar badugu, bidaideak beharko ditugu: aliatuak eta konplizeak
Elkarrekin konspiratu egingo dugu;
con-spirńĀre: elkarrekin hartu arnas.
Egin behar badugu, errelato bat beharko dugu, poetika bat,
aktibismoa ere bai.

Egin behar badugu... maila bietan egingo dugu:
lokalean eta globalean.
Tokiko hizkuntzak erabiliko ditugu:
komunitateek beren mundua izendatzeko erabiltzen dituzten
eleak eta aleak.
Egin behar badugu, hizkuntza txiki anitzetan egingo dugu.

Hainbat burutazio ūüėČ

  • Bat. Hizkuntza indarberritzeaz ari garela, Kataluniara, Quebecera edo Europara begiratu izan dugu sarri. Gehienok berriki hasi gara ohartzen hegoalde globalean ere badela erreferenterik eta ikasbiderik. Izen batzuk orain hasi gara ezagutzen. Esperientzia batzuk ere bai.
  • Bi. Dekolonizatzea autozentratzea ere bada, eta gure tradizioari begiratzea. Askoren ustez, Txepetx izan zen euskal soziolinguistika kritikoaren sortzailea. Gehiegi esatea ote da? Agian. Baina merezi du haren ideiak errebindikatzen jarraitzea; beste hainbat erreferenterekin batera. Niretzat badira izen funtsezkoak: Txillardegi (jakina), Joxe Azurmendi, Erize, Inazio Agirre… bakan batzuk aipatzeagatik.
  • Hiru. Hizkuntzen pedagogia ere dekolonizatu beharra aldarrikatzen du Alisonek. Euskaltegien munduan gauza interesgarriak egin direla iruditzen zait; baina, orohar, esango nuke ingelesaren irakaskuntzari lotuegi garatu dela. Ez da kritika bat. Logikoa ere bada: negozio bat da ingelesaren irakaskuntza, eta negozioa dagoen lekuan egon ohi da ikerketarako dirua. Baina… gogoratzen duzue AEK-k argitaratzen zuen ELE aldizkaria? Lehenengo zenbakietan Ekintza Bidezko Ikaskuntza edo Kulturgintza izeneko metodologia landu zuten luze-zabal. Zer esango dizuet, bada! Nabaria da Paulo Freireren eragina. Ahaleginak egin ziren ideia horiek praktikara eramaten, baina ezin izan ziren errotu. Batzuetan inpresioa dut egun puri-purian dagoen Ataza Bidezko Ikaskuntza badela, nonbait, haren bertsio desideologizatu moduko bat.
  • Lau. Hezkuntza arautuaren kasuan ere joera berriak omen datoz. Translanguaging da modako hitz berria. Haren arabera, eskolan hizkuntza guztiek izan behar dute lekua, eta ez omen da egokia hizkuntza bakoitza era isolatuan landu nahi izatea, gizartean isolatuak ez daudelako. I√Īaki Martinez de Lunari zeozer irakurri diot horretaz. Haren ustez, arriskutsua izan daiteke kontzeptu hori besterik gabe gureganatzea. Desastre txiki bat izan liteke, horrek euskarari lekua murrizten badio. Beharrezkoa da, haren esanetan, aurrez lanketa kritiko bat egitea: irakurketa propio bat, gure errealitatetik abiatuta. Guk geuk definitu behar dugu gurean kontzeptu hori nola aplikatu.

Alison Phippsekin jarraitzera animatzen bazarete, badu TED hitzaldi horietako bat youtuben. Hemen: Mundu eleanitzetan bizitzen ikastea. On egin!

12 film, hizkuntza aniztasuna maitatzen ikasteko

2019. URTEA hizkuntza autoktonoen nazioarteko urtea denez, Linguapax-ek eta Kataluniako filmotekak zinema ziklo txiki bat antolatu dute Bartzelonan, hizkuntzei buruz gogoeta egiten duten zenbait film erakusteko. Proposamen interesgarria iruditu zait. Oso film ezberdinak dira haien artean, baina funtsean oinarri bera dute: nola edo hala, hizkuntza aniztasuna ontzat ematea eta defendatzea.

Hiru hauek osatu dute zikloa:

  • Le brio – Yvan Attal, 2017
  • Champ d’honneur – Jean-Pierre Denis, 1987
  • Arrival – Denis Villeneuve, 2016

Duela hilabete batzuk ikusitako filma etorri zait burura: Sue√Īo en otro idioma. Bertan, hizkuntzalari gazte bat oihanera iritsi da, hiltzear dagoen zikril hizkuntza ikertzera. Bi hiztun besterik ez da geratzen: Evaristo eta Isauro. Eta, hara non, 50 urte daramatzate haserre, elkarri hitzik esan gabe. Bi agureak adiskidetzen saiatu behar du, hizkuntza gal ez dadin. Youtuben trailer bat ikusi ahal duzue. Hau da erreferentzia:

Pere Mayans irakasle eta soziolinguistak blog bat idazten du VilaWeb plataforman: Blog sobre llengua i societat. Tarteka,¬† “Pel¬∑l√≠cules per treballar la socioling√ľ√≠stica” izenburuko artikuluak idazten ditu bertan: “soziolinguistika lantzeko filmak”, alegia. Askotariko gai eta egoerak azaltzen ditu: hizkuntza autoktonoak han eta hemen, katalanaren egoera frankismo garaian, Australiako hizkuntzak, Irlandako gaelikoa, Kanada eta abar.

Zortzi idatzi ditu dagoeneko. Honako hauek:

Hortaz, kasik ohartu gabe, hamabiko bilduma osatu dugu. Gehiago bururatzen zaizkizue? Zerrenda osatu nahi baduzue, otoi, erantzunetan utzi proposamenak. Eskerrik asko!

Elebidun hartzaileak – Biling√ľes pasivos

SOZIOLINGUISTIKA hiztegiaren arabera, elebidun hartzailea da euskaraz nekez hitz egin edo hitz egin ez arren, ondo ulertu edo irakurtzen duen pertsona. Gaztelaniaz, biling√ľe pasivo; frantsesez, bilingue passif; ingelesez, passive bilingual speaker. Hiztegiak ez du argitzen pertsona batek noraino ulertu behar duen, euskaldun hartzailea izateko; ezta norainoko zailtasuna den onargarria.

Terminologian ere ez dago adostasun handirik: ia-euskalduna erabiltzen da, quasi-bilingue, erdi-elebiduna, elebidun asimetrikoa, elebidun pasiboa… Sesquilinguismo da entzun ditudanetik bitxiena. Uste dut Txepetxek erabili izan zuela. Sesqui, izatez, jatorri latinoa duen aurrizki bat da: “bat eta erdi” esan nahi du. Hots, sesquilingue hizkuntza bat eta erdi dakien pertsona da.

Juan Carlos Moreno Cabrera irakaslearen ustez, ekolinguismoaren ikuspegitik, horrelako kategoria estatikoak aberrazio bat dira. Zer da hizkuntza eta erdi jakitea? Haren ustez, denak gara eleanitzak, denok baitugu era bateko edo besteko hizkuntza-errepertorio bat.

Garrantzitsua da errepertorioaren ideia.

Probokazio baten moduan kontatzen du Moreno Cabrerak. Esan ohi du ez dela egia gaztelaniak 400 miloi hiztun dituenik, gaztelania ez baita hizkuntza homogeno bat, baizik eta hizkuntza-sorta bat. Harek madrileko hizkuntzan hitz egiten duela dio, Salamancako hizkuntzaren berdin-berdina ez dena… baina ez duela batere arazorik Salamancako hizkuntza ulertzeko, hura ere bere errepertorioaren parte baita.

Moreno Cabrerak ez du “hartzaile” hitza erabiltzen. Harek gaitasun analitikoa eta gaitasun sintetikoa bereizten ditu, terminologia deskontaminatu nahian. Gaitasun sintetikoa hizkuntza horretan espresioak sortzeko gaitasuna da: hitz egiteko edo idazteko. Gaitasun analitikoa hizkuntza hori ulertzeko gaitasuna da. Hortaz, elebidun sintetikoak eta elebidun analitikoak daude. Haren esanetan, lotura dago bien artean: hizkuntza batean gaitasun sintetikoa eskuratzen dugun heinean, horrek gaitasun analitikoa ematen digu, beste hainbat hizkuntzatan. Gaitasun horiek guztiak gure errepertorioa osatzen dute.

Galizieraren eta gaztelaniaren arteko hiztun tipologia bat asmaten saiatu da, esate baterako:

  • m cast : elebakarra gaztelaniaz
  • m gal : elebakarra galizieraz
  • b a gal : elebidun analitikoa galizieraz, galiziera ulertzen du
  • b a cast : elebidun analitikoa gaztelaniaz. Hortaz, galizieraz hitz egiten du, eta gaztelania ulertu
  • b s cas gal : gaztelaniaz hitz egiten du, galizieraz ere bai, nahiz eta gaztelaniaren eragina nabaritu
  • b s gal cas : galizieraz hitz egiten du, baina gaztelaniazko gaitasun sintetikoa du ere bai

Azken bi tipo horien artean pauso txiki bat besterik ez da, elebidun sintetikoak dira biak, baina aldatu egiten da hizkuntza dominantea. Moreno Cabreraren ustez, oso urrats sotila da, oso txikia, ia oharkabean gertatu ohi dena, baina oso garrantzitsua. Determinantea izan daiteke, hizkuntza ordezkapenerako lehen pausoa baita.

Soziologiak kategoriak eraikitzen ditu, mundua hobeto ulertzeko: elebiduna, elebidun hartzailea, erdalduna… Baina komeni da ohartzea analisirako kategoriak direla, eta ez besterik.

Sozializazioa eta kolokializazioa

Semea bertso-udalekuetan egon da aurten. Euskara txukuna, aberatsa, malgua eta jatorra duela esango nuke; lagunartean nahi genukeen baina gaztelania gehiago egiten badute ere. Hala ere, itzulitakoan, komentario bitxia egin dit: Gipuzkoatik eta Bizkaitik joandakoak hobeto moldatu omen dira, euskalkiak laguntzen dielako. Komentario bat besterik ez da izan. Ez dio aparteko garrantziarik eman, baina, niri deigarria egin zait.

I√Īaki Larranaga kazetariak Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren gaiak landu ditu Euskadi Irratian urte osoan. 9. saioan Gasteizen izan dira, eta elkarrizketa interesgarria egin diote GEU elkarteko Irati Iciarri: https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/ekt/audioak/osoa/6570699/ekt-7-9-saioa-gasteiz/

Araba eta Gasteizko euskaldunei buruz jardun du Iratik. Bere esanetan, Arabako euskaldunok badugu euskara bizitzeko eta praktikatzeko modu propio bat. Arabako euskalduna, sarri, hiztun berria da, eskolan euskaldundua. Hiztun berri baten ezaugarriak ditu: iruditzen zaio erraztasunik ez duela; bere gaitasuna gutxiesten du; ahozkotasuna landu beharra somatzen du; batua artifiziala egiten zaio; euskalkiaren gabezia sentitzen du. Hori guzti hor da, baina bere praktika lingustikoak ere bai. Iratiren ustez, praktika horietatik euskaldun legitimoa sortzen ari da Araban, euskara bizitzeko bere modua aldarrikatzen duena.

Horrekin batera Pello Jauregik dioena etorri zait burura. Harek esan ohi du pertsona bat euskalduna izateko ez dela nahikoa eskolan edo euskaltegian izandako prozesua. Euskara ikastea ez da nahikoa. Sozializazio prozesu bat ere beharrekoa da. Haren esanetan, euskaltegian (edo eskolan) euskara ikasi duen pertsona bat agian ez da euskaldun osoa izango, harik eta euskarazko harreman sare informal edota afektibo batean parte hartzeko aukera ez duen bitartean. Ezinbesteko esperientzia da, hizkuntza sozializazioan.

Helduen euskalduntzean, barnetegiak izan dira sozializazio prozesu horren parte garrantzitsu bat. Euskaltegian geundela, bitxia egiten zitzaigun ikasleek barnetegitik zekarten mintzamoldea: “ingo det”, “oraindi√Īo”, “emongoustazu”… Bitxia iruditzen zitzaigun guk geuk 20 urte lehenago gauza bera egiten genuelako. Esango nuke sozializazio prozesuaren alderdi linguistikoa dela: kolokializazioa. Tarteko hizkuntza bat dela esan daiteke, hizkuntza-garapenaren etapa bat: batueraz eremu informalean eroso erabiltzeko moduko erregistro bat sortzen dugun bitartean, imitaziora jotzen dugu eta inguruan “funtzionatzen” duten formulak kopiatzen ditugu.

Eskoletan eta kalean ez dakit fenomeno horrek nola funtzionatzen duen. Ez dut horretaz gehiegi pentsatu., baina orain jakin-mina sortu zait ūüėČ

Soziolinguistika urbanoa: hirien anonimatoa

Aurki argitaratuko bide da VI. mapa soziolinguistikoa. Aurrekoetan bezala, Biztanleriaren eta Etxebizitzen zentsuan oinarriturik egongo da eta oraingoan 2016ko datuak emango ditu. Irakurketa oraindik zabaldu ez bada ere, datu gehienak eskuragarri daude EUSTATen web orrian. EAEko datuak dira eta ez euskararen lurralde osokoak.

Hiriei begira jarrita:

  • Autonomia Erkidegoan 6 udalerri daude 50.000 biztanle baino gehiago dituztenak: Bilbo,Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldo
  • Udalerri horietan ia miloi bat pertsona bizi dira (zehazki 978.620); EAEko biztanleen % 46,1. Arabako kasua are deigarriagoa da, Arabako lau biztanleetatik hiru hiriburuan bizi baitira.
  • Euskaldunen portzentajea % 25,3tik % 46,0ra bitartekoa da. Barakaldon da txikiena eta Donostian handiena. Batez bestekoa %32,3 da: hiru biztanleetatik bat euskalduna. Sei udalerri horietan 316.620 euskaldun bizi dira eta 197.362 euskaldun hartzaile.
  • 2011ko datuen arabera, euskaldun berrien ia erdia (% 49,3) sei udalerri horietan bizi ziren. Barakaldon eta Gasteizen lau euskaldunetatik hiru pasatxo ziren euskaldun berriak.

Euskal Herri urbanoaren aurpegi bat da, baina ez bakarra. Xabier Aierdiri entzun diogu, globalizazioaren ondorioz, hiri-kultura erabat gailendu egin dela Euskal Herri osoan. Hiri handietan, hirigune txikiagoetan eta herrietan ere bai. Bere esanetan, Euskal Herria oso herri modernoa da, eta euskaldunok are modernoagoak. 

Edonola ere, hirigune handi horiek arazo bereziak sortzen dituzte. Euskara herrietako kontestu komunitarioetan gorde da hobekien. Hiriaren dinamikak erantzukizuna leundu eta desagerrarazi omen du, Xabier Aierdiren hitzetan. Euskaldunari erantzukizunez jokatea eskatu zaio baina hirietan euskalduna askeago sentitu da erantzukizun horri itzuri egiteko: are gehiago bere burua euskaldun osotzat hartzen ez duten euskaldunen kasuan.

Honela dio Aierdik:

… hiriak euskaratik askatzeko balio diezaguke. Aurreko belaunaldi euskaldunentzako, konplexua sortzen zeneko tokia zen hiria, onarpena bakarrik arlote edo ezjakinaren rolak betetzetik zetorrelarik. Ondorioa? Isiltasuna! Gaur, ordea, hiztun osoa ez denarentzako, hiria hainbat koertziotik urruntzeko ezkutaleu aproposa da, hirian baino ez gara (edo izan gaitezke) anonimoak eta. Hirian isiltasuna hobeto izkutatu daiteke, behar den baino euskaraz gutxiago hitz eginda.

Armairutik ateratzeko deia egin zaigunean, armairu handi, goxo eta eroso bat aurkitu dugu hirietan. Jakinmina dut euskaraldia Bilbon, Gasteizen, Getxon eta Barakaldon zer izango den ikusteko. Iruditzen zait hirietan ahalegintxo gehigarri bat egin beharko dugula gure rola txintxo-txintxo betetzeko, bereizgarria ez disimulatzeko, eta anonimatoan urtzeko tentazioan ez erortzeko.

Eta, halere, optimista naiz. Animoso eta gogotsu ikusten ditut hirietako euskaldunak!

* Xabier Aierdiren testua, BAT aldizkarian: Mintzajardunaren azken urteotako bilakaera. Mikel Zalbideren testuaren inguruko hausnarketa marjinalak.

Hiztun osoa nor den

SANCHEZ CARRION Txepetxi entzun genion lehen aldiz hiztun osoa zer zen (ez dakit harek asmatua ala beste inondik ekarria). Haren esanetan, ibilbide naturala zein kulturala, biak bete dituzten hiztunak dira hiztun osoak:

(a) Batetik, ibilbide naturaletik abiatuta (A), euskaraz  etxean ikasi ondoren euskaraz kulturizatu den (B) eta euskaraz aktiboa den euskalduna: AB

(b) bestetik, ibilbide kulturaletik hasita (B), euskara euskaltegian edota ikastetxean ikasi ondoren euskara erabat barneratu eta euskaraz “natibizatu” (A) egin den euskalduna: BA

AB eta BA tipoetako hiztunak dira, alegia.

Hiztun osoak euskararen komunikate linguistikoaren nukleoa osatzen dute: erdigunea. Ez dut erreferentziarik aurkitu, baina uste dut nonbait esana duela AB eta BA tipologiak erabat osagarriak direla: AB-k denik eta gaitasun-mailarik altuena aportatzen dio hizkuntza komunitateari, eta BA-k daitekeenik eta motibazio-mailarik altuena.

Dena den, hasierako adiera hori lausotuz joan da, eta oharkabean hiztun osoa soil-soilik hizkuntza gaitasunarekin lerratu izan dugu. Horren arabera, hiztun osoa goi mailako ezagutza duena da: edozein egoeratan erraztasunez euskaraz jarduteko gai dena. C2 mailako euskaraduna, alegia.

BAT aldizkariaren 99 eta 100 zenbakietan¬†EUSKARAREN BILAKAERA SOZIOLINGUISTIKOA proiektuaren azalpena ageri da. Horietako lehenean I√Īaki Martinez de Lunak euskararen transmisioaren eta hizkuntza gaitasunaren 30 urteko bilakaeraren birpasa egin du; eta oso ahalegin interesgarria egin du hiztun osoaren kontzeptua bere lekuan jartzeko. Labur-labur honela azaldu du:

  • Hizkuntzaren jabekuntzaren plangintzaz hitz egiteko orduan, hezkuntza arloa eta helduen euskalduntzea bete-betean sartzen dira. Zailagoa da, ordea, bertan familia bidezko transmisioari lekua egitea.
  • Transmisioa osatze aldera, Paula Kasaresek sozializazio kontzeptua proposatu¬† zuen eta berehala adoptatu genuen. Sozializazioaz hasi ginen, sozializazioaren markoa ondo barneratu gabe.
  • Martinez de Lunak hizkuntza-sozializazioa hamar puntutan azaltzen du:
      1. Hizkuntza bizia ikasten da, ez gramatikaren moduko ezagutza formalik;
      2. Sozializazioak hiru prozesu ditu: kognitiboa, identifikaziozkoa eta afektiboa;
      3. Taldearen hizkuntza soilik ez, harreman sareak ere bereganatzen dira;
      4. Sozializazioaren bidez, hizkuntza-komunitatearekiko atxikimendua eta talde kohesioa lortzen dira;
      5. Hizkuntza-komunitatea birsortzen da;
      6. Hizkuntza bizitzan zehar ikasten da etengabe, eta premia berrietara egokituz joango gara;
      7. Lehen sozializazioa, funtsezkoena, haurtzaroan gertatzen da, batez ere familian
      8. Bigarren sozializazioa jarraian gertatzen da, hezkuntza sisteman, aisialdian, lagunarteko giroan, hedabideen bitartez, etab.;
      9. Egoera sozial bakoitzeko hizkuntzaren egokitasuna eta erabilera premiak barneratzen dira;
      10. Hiztuna ez da erabat determinatua; partaide aktiboa da eta jasotakoa alda dezake.
  • Hortaz, gizakiok ez gara gizarteko kide jaiotzen, egin egiten gara, prozesu luze baten ondorioz. Prozesu hori da sozializazioa, baita hizkuntza-sozializazioa ere. Hizkuntzaren transmisioa sozializazio-prozesuaren atal bat da.

Horren guziaren argitik, askoz errazagoa da hiztun osoa zer den hautematea. Komunikazio-gaitasuna zein hizkuntza-kontzientzia dituen hiztuna da hiztun osoa, bere sozializazio-prozesuan osagai identitarioak eta afektiboak jaso dituena. Jon Sarasuak hiru adjektibo erabili izan ditu horretarako: euskaldun kontziente, konpetente eta kontsekuentea. Horiek ere ederrak dira, ez zaizue iduritzen?

Bibliografia: Euskararen transmisioa eta gaitasuna eta aurrera begirako erronkak. I√Īaki Mart√≠nez de Luna. In BAT Soziolinguistika Aldizkaria 99, 2016 (pdf).

Hiztun berriak… Biba Zuek eta Gora Gu

HIZTUN BERRIAK lana oso-osorik irakurtzeko gogoa izan dut aspalditik. Han-hemen erreferentziak ikusi ditut, artikuluetan, hitzaldietan, bideoetan… baina testu osoa irakurtzeko nagi ibili naiz. Uda probestu dut horretarako, eta ez naiz damu. Interesgarria iruditu zait, eta apunte batzuk hona ekartzea pentsatu dut.

Lan mardula da. Gai askotxo lantzen ditu, nahiz eta bereziki bi nabarmendu diren: (a) euskaldunberri kontzeptuaren eta horren atzean dagoen ‚Äúgabeziaren‚ÄĚ ideologiaren desegokitasuna; (b) hizkuntza mudantzaren ideia. Biak ala biak giltzarrizkoak dira gaur egun.

Horiek alde batera, lau atal lantzen ditu, hiztun berrien ikuspegitik: (1) ikaste-prozesua; (2) euskararen erabilera; (3) familiaren baitako hizkuntza politika; eta (4) hizkuntza ideologien eta identitateak. Atal horietako bakoitzean kategorizazio-lan trinkoa egiten du, eta antzemandako profilak deskribatzen saiatzen da. Lan itzela!

Labur-labur…

IKASTE PROZESUA

Ikerketak hiru gako proposatzen ditu:

  • Hiztun berriek euskara non eta nola ikasi duten: kalean, euskaltegian edo ikastetxean.
  • Testuinguru soziolinguistikoa: testuinguru mesedegarria edo oztopatzailea den (hots, zonalde euskalduna ala erdalduna).
  • Euskara ikasteko motibazioa: integratzailea ala pragmatikoa

Horietatik abiatuta, orotara ZAZPI profil identifikatu dituzte (*)

(*) Honako hauek: (1) Euskara kalean ikasi dutenak, bertako euskaldunekin kontaktuan; (2) Euskara euskaltegian ikasi dutenak eta zonalde euskaldun batean bizi direnak; (3) Euskara euskaltegian ikasi dutenak, integratzeko motibazioarekin, baina zonalde erdaldundu batean bizi direnak; (4) Euskara euskaltegian ikasi dutenak, arrazoi pragmatikoengatik, eta zonalde erdaldundu batean bizi direnak; (5) Euskara eskolan ikasi dutenak, zonalde euskaldun batean; (6) Euskara eskolan ikasi dutenak, zonalde erdaldundu batean; (7) Erdibidean gelditu direnak eta euskara ikastera iritsi ez direnak.

ERABILERA

Hiru gako nagusi identifikatu dira:

  • Testuinguru soziolinguistikoa berriro ere
  • Euskarazko harreman sareak
  • Agentibitatea; hau da, hiztuna proaktiboa ala erreaktiboa den, eta, horrekin lotuta, hizkuntza-hautuak

Eta horiekin batera, gaztelaniaren presioa, hizkuntza-ohiturak eta gaitasun erlatiboak.

Horien arabera ZORTZI profil identifikatu dira. Ez ditut zerrendatuko, testua gehiegi ez luzatzeko.

FAMILIA MAILAKO HIZKUNTZA POLITIKA

HIRU joera nagusi ageri dira, horien barruan aldaerak egon badaitezke ere:

  • Familian euskara transmitzen dutenak; euskara baino ez, alegia. Tipologia horretan aldaerak egon daitezke, bikotekideen arteko ohiko harreman hizkuntza zein den: euskara, gaztelania ala biak.
  • Hizkuntza biak transmititzen dituztenak: “guraso bat hizkuntza bat” estrategia izan daiteke, ala besterik gabe guraso biek hizkuntza biak transmititzea.
  • Familian ez dutenak euskara transmititzen, baina bai H2 bezala hezkuntzaren bidez.

Azken inkesta soziolinguistikoetan ikusi denaren arabera, hiztun berrien kasuan transmisioa ia %100ean bermatzen da, EAEn behinik-behin. Halere, gazteen artean, helduen artean ez bezala, gero eta ohikoagoa da gaztelania ere aipatzea: hizkuntza biak transmititu nahi lituzketeela adieraztea, alegia. ‚ÄúHizkuntza bitako diskurtsoa‚ÄĚ oso indartsua da gazteen artean, sarri aho biko ezpata bada ere.

HIZKUNTZA IDEOLOGIAK ETA IDENTITATEAK

Autoidentifikazioa da gakoa. Hiztuna bere identitatea eraikitzera nola iristen den. Konplexua da. Elemenu asko sartzen dira jokoan: ama-hizkuntzaren ideologiak, etxeko hizkuntza, gaitasun maila, euskalkia jakitea ala ez, ohiko hizkuntza. Bereziki aipagarria da tokiko aldaerak ezagutzea zenbateko pisua duen.

Galdera da: Zer naiz ni? Zer euskal hiztun mota? Nabardurak nabardura, lau erantzun jaso dituzte. Oso esanguratsuak:

  • Zer euskal hiztun mota naiz? Euskaldun zaharra ez, behinik behin
  • Zer euskal hiztun mota naiz? Euskaldun berria naiz
  • Zer euskal hiztun mota naiz? Ni ez naiz euskaldunberria. Eta euskaldunberria ez banaiz, zer naiz?
  • Euskalduna naiz.

Hizkuntza identitateei dagokienez, ZORTZI profil definitu dira.

ZAZPI profil, ikaste prozesuari begira; ZORTZI, erabilerari begira; HIRU, transmisioari begira; eta ZORTZI, hizkuntza identitateari begira. Benitoren modura galde genezake: Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi? Taxonomiak ikaragarri gustatzen zaizkigu. Ezta? Ze eroso sentitzen garen, bakoitzari etiketa jarri eta bakoitzari lekua esleitu ondoren. Halakoxeak gara! Zer egingo diogu, bada!

SAKONTZEKO

Hizkuntza bat, musika-banda bat atzean

Ezaguna da Max Weinreich hizkuntzalariaren esana: “Hizkuntza bat armada duen dialekto bat da”. Alderantziz ere esan daiteke: “dialekto bat armadarik ez duen hizkuntza bat da”. Funtsean adierazi nahi da hizkuntzaren eta dialektoaren arteko bereizketa politikoa dela, linguistikoa bainoago.

Toni Moll√° idazle eta kazetari valentziarrari entzun diot, Lluis V. Aracil soziolinguistak¬† aipu horren egokitzapen bitxia egin ohi zuela. Haren esanetan, “dialekto bat atzean musika-bandarik ez duen hizkuntza bat da” edo, alderantziz esanda, “hizkuntza bat atzean musika-banda duen dialekto bat da”. Esan nahi baita, hizkuntza batentzat, botere politikoa bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela atzean egitura zibil sendo bat izatea. Erabat zentrala da gizarte zibilaren papera.

Gustatu zait aipua. Toni Mollák Alcoi-ko soziolinguistika jardunaldietan emandako hitzaldian jasotakoa da. Merezi du hitzaldia osorik entzutea.

Mapa soziolinguistikoa. Irakurketa longitudinala

Irudia

Mahai gainean dut 2016ko datu estatistikoei buruzko BAT aldizkariaren zenbaki monografikoa. Oraindik ez dut begiradarik emateko aukerarik izan, eta aitortu behar dut nagitasun puntu bat ematen didala.  Zentsuek eta inkestek errealitate soziolinguistikoaren mapa bat erakusten digute, baina hori besterik ez. Iruditzen zait zenbakiekin gehiegi tematzen garela batzuetan.

Edonola ere, ariketa bat proposatzen dizuet…

Eustaten web orrian, euskara-mailari buruzko datuak bilatu. Hemen, adibidez:¬†Euskal AEko >=2 urteko biztanleria, eskualdearen, euskara-maila orokorraren eta adinaren arabera. Bai… oraingoz EAEkoak besterik ez.

Datu interesgarri batzuk:

  • Azken neurketaldian ‚ÄĒ2016an‚ÄĒ 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean da euskaldunen portzentajerik handiena: % 87.
  • Adin-tarte horretan erdaldunak % 2,4 dira. Ulermena, beraz, ¬†%100etik oso gertu dago.
  • Orain dela 10 urte ere, adin-tarte bera zen euskaldunena (10-14 urte bitartekoak), baina portzentajea 10 puntu txikiagoa zen orduan: % 76,6, alegia.
  • Hobekuntza nabaria da, beraz.

Xabier Isasik, ordea, irakurketa longitudinala proposatzen zuen, orain dela hainbat urte: adin-tarte bat hartu eta urtez urte bilakaera ikusi. Azken 3 neurketaldiak konparatu ahal ditugu, azken 10 urtean zer gertatu den ikusteko. Horiek horrela, 2006, 2011 eta 2016ko datuak alderatu ditugu, hurrenkera horretan:

  • 2006an, esan bezala, 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean % 76,6 ziren euskaldunak. Lautik hiru.
  • 2011n gaztetxo horiek 15-19 urte zituzten eta euskaldunen portzentajea txikixeagoa zen: % 73ra.
  • 2016an 20 eta 24 urte bitarteko gazteak ziren, eta euskaldunak % 69 ziren.

Gazte eta gaztetxo horien artean, 10 urtean, 7 puntu egin du behera euskaldunen portzentajeak. Zer gertatu da tarte horretan? Zilegi al da deseuskalduntzeaz hitz egitea? Faktore demografikoak al dira? Soil-soilik autopertzepzioekin du zerikusirik? Imajinatzen dut azken bi horien arteko konbinazio bat izan daitekeela, baina ideiarik ez.

Proba egin ahal duzue, eta zuen herriko datuekin aztertu. Esango nuke nahiko joera homogeneoa dela.

HPP: Hizkuntza Politika eta Plangintza

GUSTATU ZAIT¬†I√Īaki Martinez de Lunak Bat 104 aldizkarian argitaratu duen testua: Akademia eta Hizkuntza Politika.

Testu batzuk biribil-biribilak dira, eta gaia agortu egiten dute. Esan beharreko guztia esan esaten dute. Beste batzuek, aitzitik, tira egiteko moduko hari-mutur ugari uzten dituzte. Ateak ireki eta irakurtzen jarraitzeko irrika pizten dute. I√Īakiren testua bigarren horietakoa da. Bejondeiola!

Hari-mutur horietako batzuk ekarri ditut hona:

(1) Zer da unibertsitatearen gizarte erantzukizuna euskararekiko? Unibertsitateak hizkuntza indarberritzeari ekarpena egin beharko lioke: ekarpen teorikoa eta ekarpen aplikatua. Horretarako bi bide ditu: irakaskuntza eta ikerkuntza. Mtz de Lunak esana du irakaskuntza unibertsitarioan hutsala dela soziolinguistikaren pisua. Ikerkuntzan egoera hobea da. Interesa antzematen da, baina gehiago da gizarte eragileen interesa, unibertsitatearen ekimena baino.

(2) Ez dago erabateko adostasunik Hizkuntza Politikaren eta Hizkuntza Plangintzaren arteko harremanez. Politikaren ondorioa da planifikazioa? Ala planifikazio baten baitan zehazten da hizkuntza politika? Diferentzia kontzeptualak daude, baina HPP (Hizkuntza Politika eta Plangintza) termino konposatua erabiltzea egokia da. Lagungarria da marko kontzeptual bateratu bat osatzeko.

(3) Hizkuntza planifikazioak lau arlo arketipiko azpimarratzen ditu: (a) statusaren plangintza, (b) corpusaren plangintza, (c) eskurapenaren plangintza, (d) prestigioaren plangintza.

(4) HPPari buruzko teoria baten beharra azpimarratu izan da. Baldauf irakasleak¬†lau enfokeren arteko interakzioa proposatzen du: a) enfoke klasikoa, b) gestio linguistikoa, c) domeinua edo jardun-eremua, d) enfoke kritikoa. Enfoke klasikoak modelazioarekin du zerikusirik: egoeran eragiten duten faktoreak identifikatu eta horietan eragin. Gestio linguistikoak, ordea, arazoak identifikatzea eta konpontzea proposatzen du. Hirugarren enfokeak lanean, familian, kalean… jardungune bakoitzean hizkuntzak duen lekua aztertzea proposatzen du, neurri egokiak definitzeko. Enfoke kritikoak hegemonia eta botere-harremanak aztertzen ditu.

(5) Beste aditu batzuek uste dute zaila dela HPParen teoria osatu bat sortzea. Euren iritziz, aski da ikerketarako eremuak zein diren ondo definitzea. Alde horretatik, Tollefson-ek, esate baterako, 8 iker-lerro proposatzen ditu

  • HPParen baitako jardunbide egokiak eta huts egindako politikak eta planak.
  • Tokian tokiko marko legalaren garrantzia aztertzea.
  • Teoria politikoak eta politikaren prozesuek HPParekin duten lotura aztertzea.
  • Migrazioak, estatuen eraketa, gatazka politiko.
  • Lidergoen eta diskurtso politikoen papera HPP eratzeko.
  • Identitate sozialak eta botere harremanak.
  • Estatuak eta komunikazioaren etnografia.
  • Hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak.

Mtz de Lunak arrazoi du. HPP bere bidea egiten ari da nazioartean, eta lan horiek guztiak ez dira guregana iristen ari. Unibertsitatearen hutsunea izan daiteke.

Opari txiki bat utzi dizuet, gai horietan gehiago sakontzeko: