Hizkuntzen historia sozialaz (bat)

503Liburu txiki meheen zalea naiz. Poltsikoan eramateko moduko liburuak maite ditut; ahal dela 300 orrialde baino gutxiagokoak. Autobusa, kalea, parkea… leku oro leku ona da, liburua ateratzeko eta irakurtzeko.

Aurrekoan liburutegira joan eta Euskaltzaindiaren liburukote bat ikusi nuen: Euskararen Historia Soziala lantzeko Eredu Metodologikoa. To eta no! 750 orrialde, ia bi kiloko pisua… eta, hala ere, hartu egin nuen.

Gustukoa dut Zalbideren idazkera… Bitxia egiten zait: zehatza eta argia da, baina badu halako ukitu barroko atsegin bat. Hitzaurrean liburu heterogeneoa dela dio Zalbidek, xede askoetarako sortua, eta askotariko irakurleak gogoan dituena. Harek onartzen du gutako askok ez dugula izango hainbeste orrialde irakurtzeko ez gogorik, ez astirik eta ez beharrik; hortaz, nork zer irakurri gomendatzen du. Neuri —zerbait izatekotan— bigarren eta zazpigarrena zegozkidala ulertu nuen.

Garai batean liburuak beste modu batean hartzen nituen. Gustukoak ez nituenak ere erraz asko irakurtzen nituen goitik behera, bestela ezer galduko nuelakoan. Ohartu naiz selektiboxeagoa izatea komeni dela… Azken batean, astean liburu bat irakurriz gero, datozen 20 urtean 1.000 liburu inguru besterik ezin izango dut irakurri. Hobe ondo hautatzea ;-). Hortaz, Zalbideri kasu egin diot eta bi kapitulu horiei ekin diet.

Bigarren kapituluan soziolinguistikaren lerro nagusiak errepasatu eta  hizkuntzaren historia sozialak 6 lan arlo behar dituela proposatu du: (1) Hizkuntzalaritza soziohistorikoa, soziolinguistika historiko barazionista; (2) Hizkuntza-soziologia diakronikoa; (3) Historia soziala eta hizkuntzak; (4) Hizkuntzalaritza historikoa eta gizartea; (5) (Sozio)pragmatika historikoa; (2) Bestelako lanak (historia kulturala, geografiazko historia, arkeologia, diskurtsoaren analisia…). Gaizki ulertu ez badut, azentua non jarri da gakoa: hizkuntzan, gizartean, pragmatikan, historian…

Zazpigarren kapituluak, bestalde, material soziolinguistikoa sailkatzeko 5 dimentsio eta 6 azterbide proposatzen ditu.

  • Dimentsioak: (1) hizkuntza-erabilera, (2) hizkuntza-gaitasuna, (3) hizkuntzaren barne-osaera, (4) gizarte-giroa, (5) iritziak-jarrerak-jokabideak…
  • Azterbideak: (A) Deskriptiboa (gauzak nola daude, leku eta una jakin batean?); (B) Zinetikoa (gauzen bilakaera nola joan da?), (C) Dinamikoa (zergatik gertatu da gertatu dena? zeintzuk fenomeno gertatu dira era berean?), (D) Prospektiboa  (nolako geroa espero dugu?), (E) Kontrastiboa (nora goaz eta nora joan nahi genuke?), (F) Preskriptiboa (zer egin behar da, zuzen dagoenari eusteko eta oker dagoena zuzentzeko?)

Hortaz, dimentsio eta azterbide horiekin matrize bat osatu nahi dute, eta aztertu nahi dugun garaiari buruz ditugun datuak matrize horretan sailkatu, irakurketa errazteko. Matrizearen aurreko bertsioa Bat aldizkarian argitaratu zuen Lionel Jolyk orain dela urte batzuk:

Sin nombre

Lehen begiratuan, eredu konplexu eta sofistikatua dirudi… baina oso-oso arrazionala iruditzen zait. Erabilgarria iruditzen zaizue garai jakin batean gertatu dena azaltzeko? Bai, ezta? Gaur egungo egoera taula horren arabera azaltzeko gai izango zinatekete?

Zubiak, eta ez mugak

thLiburu baten erreferentzia utzi nahi dizuet: “Solidarity without Borders: Gramscian Perspectives on Migration and Civil Society Alliances”. Óscar García Agustín eta Martin Bak Jørgensen (2016). Hau da, Elkartasuna, mugarik gabe: migrazioaren eta gizarte zibilaren arteko aliantzak, ikuspegi gramsciar batetik.

Liburuaren aurkezpena entzun dut interneten [hemen] eta interesgarria iruditu zait. Egileek Gramsciren liburu bat abiapuntutzat hartu, eta migrazioen gaia landu dute (Zenbait gai, hegoaldeko arazoari buruz da liburua).

Gramscik orduko Italiari buruzko argazkia egiten du liburu hartan. Italia, gizartearen zein ekonomiaren ikuspegiti, bitan zatiturik zegoen, eta bi errealitate zeuden aurrez aurre: iparralde industrializatua eta nekazari giroko hegoaldea; hegoaldea iparraldearen mende. Egoera horretan iparraldeko burgesia eta hegoaldeko lur-jabe handiak irabazle ateratzen ziren. Klase subalternoek —iparraldeko proletario industrialak eta hegoaldeko nekazariek— onura gutxi aterako zuten handik, baina ezin ziren ohartu interes amankomunak zituztela.

Esan bezala, hortik abiatzen da migranteen eta gizarte zibilaren arteko aliantzak aztertzeko. Lau ideia jorratzen ditu:

  • Egoera berberaren aurrean, aktore politiko heterogeneak sortzen dira. Migranteak ere horixe direlako: aktore politikoak.

  • Elkartasuna, mugen gainetik. Haiek eta Gu bereizten dituen mugak dira gainditu behar direnak. Elkartasuna norabide biko kontzeptua da eta alde biak eraldatzen eta birdefinitzen ditu. Elkartasunezko harremanak identitate berriak sortzen ditu, identitateak elkartasun horren baitan autodefinitzen baitira.

  • Lekuz kanpo dauden aliantzak sor daitezke (aliantza desubikatuak). Hemen ere Grasmciren erreferentzia: hegoaldeko nekazarien eta iparraldeko langileen ustez, beren erreibindikazioak edo industrialak edo agrikolak izan behar ziren. Iparraldeko ala hegoaldeko interesak zeuden jokoan. Proletarioek, horrela, nekazarien kontrako neurriak babestuko zituzten, euren interesen aldekoak zirelakoan.

  • Alde bien artean elkartasunezko harremanak sortzen direnean, erresistentziarako espazioak sortzen dira.

2002an Joxemi Zumalabe Fundazioak “Mundua Euskal Kulturan” jardunaldia antolatu zuen. Euskalgintzako hainbat eragilek eta Euskal Herriko hainbat etorkinen elkartek bat egin zuten horretarako. Eredu kulturalaren inguruko hausnarketa gune bat izan nahi zuen. Prozesu hartan parte hartzeko aukera izan nuen eta aberatsa iruditu zitzaidan. Gogoan dut Ignasi Vila irakasleak eman zuela hitzaldi nagusia [hemen]. Gogoan dut identitate multipleen defentsa egin zuela: euskara ikasi duen magrebiarrak magrebiar izaten jarraituko du, baina euskalduna ere bai, gaztea ala zaharra izango da, langile ala ikaslea… eta ehunka gauza gehiago. Identitate horiek guztiak ditu, eta bere identitatea horien guztien uztarketa da. Magrebiar euskalduna izatea, gainera, magrebiarra izateko era berezia da, eta euskalduna izateko era berezia ere bai. Oraindik ere gogoratzen dut, oso ideia deigarriak egin zitzaidalako.

Joxemi Zumalabe fundazioaren web orrian jardunaldi horien berri ematen da, baina zoritxarrez ezin da orduko materiala eskuratu. Jardunaldi horrek bigarren parte bat izan zuen handik urtebetera: jatorrizko herrialdeetako hezkuntza sistemak konparatu nahi izan ziren, hemengo sistemaren erronkak hobeto identifikatzeko. Horien berri HikHasi aldizkarian argitaratu zuten  [hemen].

zubideiak-LOGOHamalau urte eta gero, #Zubideiak gune irekia antolatu dute aurten Leioan. Adierazgarria eta sujerentea da ekitaldiari buruz antolatzaileek eman duten azalpena: “Elkarren artean erlazionatzeko eta gai sozialei heltzeko dinamika eraikitzailea bultzatu nahi da. Elkarrizketa da oinarria, ikuspegi ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko eta sendotzeko. Urratsak emango ditugu beste gizarte eredu baterantz: euskara, aniztasuna eta bizikidetza ditugu ardatz.”

Hala bedi!