Ateak Ireki, komunikazioaz

Meredith Belbin ikerlariak talde eraginkor baten ezaugarriak ikertu, eta talde batean beharrezkoak diren rolak identifikatu zituen: sortzailea, ebaluatzailea, koordinatzailea, ekintzailea, espezialista, kohesionatzailea, bultzatzailea, ikerlaria eta bukatzailea. Eraginkorra izateko, rol horietako bakoitza beteko duenik egon behar da taldean. Belbinek horren gainean metodologia oso bat landu zuen, lan ekipoen eraginkortasuna lortzeari begira.

Euskalgintzari ere ideia bera lotu ahal zaio. Behar da euskaldunak zeinek aktibatu, hiztun berriak zeinek erakarri, erasoen aurrean erantzuna zeinek antolatu… Arrakastarako, rol horiek guztiak dira beharrezko. 

Euskal Herrian Euskaraz taldeari, urteetan, Krispin kilkerraren rola egokitu zaio: salatu, zirikatu, aurre egin… Ez da erraza izan, ezta erosoa ere. Barne eztabaida egin berri, “Ateak Ireki” txostena kaleratu dute. Gauza interesgarri asko ageri da bertan, baina, egia esatera, bikaina iruditu zait komunikazioari buruz esaten dutena:

  • Jendartea anitza denez, euskararen aldeko diskurtsoak ere anitza izan behar du: forman, hitzetan eta tonuan.
  • Muinean, ordea, zehatza izan behar du. Oinarrizko ideiak ondo hautatu eta horiekin errekurtsiboa izan: ideia horiek etengabe zabaldu.
  • Belaunaldi berrien mundu ikuskerarekin konektatu.
  • Errelato koherente eta ulergarria antolatu: nondik gatozen, zein den egungo egoera, eta erronkak non ditugun. Euskararen arloan ere errelatoaren batalla dago jokoan.
  • Diskurtsoak batzuetan arrazionala izan behar du, beste batzuetan zirraragarria: emozioa eta arrazoia… biak landu behar diral
  • Aldarrikatzailea izan, baina alde positiboak balioetsi. Botila erdi hutsik dago, baina erdi beteta  ere bai.
  • Kontrakoak zein diren garbi izan. Diskurtso “epelekin” ez konfrontatu. Indarrak gorde, kontrako diskurtsoei aurre egiteko.
  • Bi oinarri proposatzen dute: batetik, identitatea; bestetik justizia soziala. Biekin osatu behar da EHEren diskurtsoa.

Planteamendu osatua eta argia. Bejondeiela!