Minoria aktiboak

Margaret Mead antropologoaren hitzak:

«EZ JARRI INOIZ DUDATAN pertsona burutsu eta konprometitu talde bat aski dela mundua aldatzeko. Egia esan, gaurdaino hori izan da funtzionatu duen gauza bakarra».

Minoria aktiboak. Nonbait irakurri dut, euskararen kasuan ere, ezinbestekoak izan dira iritsi garen lekura iristeko, eta are ezinbestekoagoak izango direla aurrera egiteko.

Minoria aktiboen teoria Sergi Moscovicik proposatu zuen, psikologia sozialetik.. Bere definizioaren arabera, minoria horiek «kolektibo txikiak dira, gehiengoarenak ez diren arau eta balio propioetan oinarrituz, gehiengoaren jarrerak eta jokabideak aldatu nahi dituztenak».

Influentzia sozialaren prozesuak landu nahi zituen Moscovici. Bere ustez, minoria aktibo batek gehiengoarengan influentzia izateko, hiru baldintza behar dira: (a) lehenik, minoriak bere jarrera propioa definitu behar du; (b) bigarrenik, gaia problematizatu behar du: gehiengoak arazorik ikusten ez duen lekuan, arazoa azalarazi eta gatazka sortu behar du; (c)  hirugarrenik, kontsistentziaz jokatu behar du; batetik bere hautua zeharo kontzientea dela adierazteko, eta bestetik erdibideko konponbiderik onartzeko prest ez dagoela erakusteko. Gehiengoarengan disonantziak eta duda-mudak sortzea da kontua (baita neurri bateko erru-sentimendua ere).

Minorien influentziak gatazka sortzen eta kudeatzen jakitearekin du zerikusirik. Gatazkak tentsionamendua sortzen duen neurrian, gatazkaren parte diren pertsonek eta taldeek egoera berrebaluatu beharko dute halabeharrez. Haren esanetan, minoriaren papera ez da atsegina izatea, ez limurtzea eta ez seduzitzea, baizik eta gatazka sortzeko eta gidatzeko gai izatea. Horretarako, arrakastaren gakoa minoria aktiboen jokabidea omen da.

Moscovicik gatazkaren irakurketa positiboa egiten du. Disonantzia ondo neurtua sortzea omen da kontua: nahikoa, mugimendu bat sortzeko; eta ez gehiegi, kontrako jarrerak ez gotortzeko.

Interesgarria, ezta?