Ez nuke laburbiltzen jakingo…

Inoiz gertatu zaizue? Hitzaldi bat entzun, testu bat irakurri… eta zapore gazi-gozoarekin irten. Ez duzue osorik ulertu. Ez dakizue ezta tutik ere ulertu ote duzuen. Ez zenukete jakingo esaldi bakar batean laburbiltzen. Ezta bi orritan ere ez zenukete laburbiltzen jakingo. Baina txit interesgarria iruditu zaizue.

Ez egin barre! Niri gero eta gehiagotan gertatzen zait.

Esate baterako. Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan hitzaldia eman zuen Jacqueline Urla irakasleak: «hiztunarengan ardaztutako hizkuntza plangintzaren diseinua». Asteotan bideoa berrikusteko aukera izan dut, eta bigarren entzunaldian iruditu zait hobetoxe ulertu dudala. [Gehiegi ez e! ez pentsa!]. Jaquelineren tesia da orain arteko planifikazio linguistikoek hizkuntza izan dutela ardatz; edota gizartea, konstruktu orokor eta homogeno gisa ulertua. Hizkuntza politika etorkizunean hiztunengan ardaztu behar dela defendatzen du, aniztasunari eta hetereogeneotasunari ateak irekitzeko. Hiztun berriei buruz egin diren azterketek horixe utzi dute agerian: hiztunak askotarikoak dira, anitzak. Praktikak, motibazioak, hizkuntza-ibilbideak… Hizkuntza politika zabaldu beharra dago, bere baitan euskararekiko atxikimendu mota eta euskararekin konprometitzeko modu ezberdinak biltzeko.

Trantsizio baten beharra aldarrikatu du, eta horretarako Arturo Escobarren liburu bat gomendatu du: «Designs for the pluriverse».

Escobarren ustez, munduan erabat nagusitu da modernitatearen kosmobisioa. Erabat hegemoniko bihurtu zaigu. Inposatu egin digute, egia absolutua horixe dela sinistera iritsi garenera arte. Kosmobisio indigenek (baita modernitate aurreko Europako kosmobisioek ere, horiek ere indigenak baitziren) bestelako ikuspegia ematen dute. Modernitateak errealitateak “zatitu”, “banandu” eta “isolatu” egiten ditu, hobeto atzemateko eta hobeto azaltzeko; kosmobisio indigenak, ordea, holistikoak dira eta interdependentzia aldarrikatzen dute. Modernitateak norbanakoari begiratzen dio; kosmobisio indigenek, komunitateari. Modernitateak homogeneotasuna maite du; kosmobisio indigenek, heterogeneotasuna. Modernitatetik harago, beste unibertso batera trantsitatu beharra proposatzen du; edo, hobe esanda, pluribertso batera, hura ezinbestean anitza izango baita. Zapatistak parafraseatuz: bere baitan unibertso ugari bilduko dituen unibertso bat («un mundo donde quepan muchos mundos»).

Iruditu zait Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek ere antzeko ideiak proposatzen dituztela «Trikua esnatu da» liburuan. Haien ustez, feminismoak asmatu egin du norberetasuna (aniztasuna) eta gutasuna uztartzen eta txirikordatzen:

” egunero-egunero, nor izate indibidualetan, gorputz zehatzetan, tentsioz eta gatazkaz mamitzen diren auziez ari da, milaka pertsonaren bizi arazo indibidual eta zehatzei erantzuten.”

“Baina, aldi berean, feminismoak ez du borroka kolektiboaren zantzua galdu. Are, ustez identitate auzi bat dena, partikular bati dagokiona —askotariko emakumeengan gorpuzten den emakumea-ri, nolabait adieraztearren—, demokrazia auzi bat bihurtu du, unibertsal bat, demokraziaz eta justizia sozialaz arduratzen diren denei dagokiena”.

Honaino, bada, gaurkoa. Zuen interesekoa baldin bada, oparitxo bat uzten dizuet. Arturo Escobarren liburua aurkitu dut sarean; hemen: «Design for the pluriverse». On dagizuela, eta zaindu!

Behartuki boluntarioa

Libre da hizkuntza hautatzea?

Xabier Erizeren ustez, hautu linguistikoaren kontzeptua gutxiegi landu da euskal soziolinguistikan. Garrantzi handiagoa mereziko luke. Hautuak  funsezkoak dira:

“euskara erabiltzea edo ez erabiltzea, euskara transmititzea edo ez transmititzea, seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzea edo ez, euskara ikastea/sakontzea edo ez, euskarazko kultura kontsumitzea edo ez, erregistro hau erabiltzea edo beste hau”.

Erdigunean jartzen du hautu linguistikoaren afera.

Libre da hizkuntza hautatzea?

Kepa Altonagak Jean Etxepare Aldudeko medikuaren historia kontatu du bere liburu batean. Han azaldu duenaren arabera, “euskararen atzerakada eragiten duten kanpo-faktoreekin batera, Etxepareren analisian oso munta handikoa da barrukoen jarrera”. Euskaldun xehearen burugutxiespena kezkatzen zuen bereziki. Orduko laborarien semeak, ikasketak egin ahala, erdarari begira jartzen zirela nabarmendu zuen. Antza denez, euskara baztertu beharra sentitzen zuten, norbait izateko. Jean Etxeparek «norbaitu» aditza asmatu zuen horretarako. Honela idatzi zuen:

Norbait direla sentitzen duten une berean bizkarra ematen diote euskarari. “Norbaitu” egin dira, eta dagoenekoz laboraria ez da deus haien ustez”.

Libre da hizkuntza hautatzea?

Borgesek «Bi errege eta bi labirinto» ipuina idatzi zuen aspaldi:

Gizon zintzoek diotenez (baina Alak gehiago daki), lehengo garaietan, errege bat egon zen Babiloniako uharteetan. Bere arkitektoak eta magoak bildu eta labirinto harrigarri eta sotil bat eraikitzea agindu zien, non gizonik zuhurrenak ez ziren sartzen ausartzen, eta sartzen zirenak galdu egiten ziren. Obra hura eskandalu bat zen, miraria eta nahasmena Jainkoari soilik baitagozkio, eta ez gizakiei.

Denboraren joanarekin, Arabiako errege bat etorri zen bere kortera, eta Babiloniako erregeak,  iseka egiteko, labirintoan sartu arazi zuen. Han, nahasirik ibili zen ilunabarrera arte. Orduan atea jo eta laguntza eskatu zuen. Bere ezpainek ez zuten kexarik adierazi, baina Babiloniako erregeari esan zion berak Arabian beste labirinto bat zuela eta, Jainkoa lagun, egunen batean ezagutaraziko ziola.

Gero Arabiara itzuli zen eta han bere buruzagiak eta soldaduak bildu zituen. Babiloniako erresuma erasotu eta suntsitu egin zuen, baita errege hura gatibu hartu ere.

Gamelu azkar baten gainean lotu eta basamortura eraman zuen. Hiru egun eman zituzten zaldiz, eta esan zion: “O, Denboraren Erregea. O, Jauna; Babilonian brontzezko labirinto batean galarazi nahi izan ninduzun, eskailera, ate eta horma askorekin; orain, nirea erakutsiko dizut, non ez baitago igo beharreko eskailerarik, ez zeharkatu beharreko aterik, ez ibiltzeko galeria neketsurik, ezta bidea ixten duen hormarik ere”. Gero, lokarriak askatu eta basamortuaren erdian utzi zuen, non gosez eta egarriz hil zen.

Loria Inoiz Hiltzen ez Denari.

Bata debekuen eta aginduen labirintoa da: bide estuak, legeak eta arauak. Askatasun faltsuaren labirintoa da bestea: ez dago biderik, nahi duzun aldera joan zaitezke, baina ez dago nora joan. Horrelakoa ote da liberalismo linguistikoa?

Libre da hizkuntza hautatzea?

Joseba Sarrionandiak «Airea ez da debalde» liburuan:

Asimilazio prozesua behartutzat edo boluntariotzat har daiteke, baina errealitatean bietatik dago momentuaren eta egoeraren arabera, eta behartuki da boluntarioa.

“Behartuki boluntarioa”. Gustatu zait.