Erakunde adimentsuak [?]

Boaventura de Sousaren azken liburuan irakurri dut gizarte zientzietan badela eztabaida interesgarri bat: alegia, noiz frogatzen da hobekien instituzioen kalitatea eta noiz ikusten da hobekien beren benetako izaera? Egoera normal ala egoera berezi batean? Egunerokoan ala krisi garaian?  Haren ustez bietan dago zer ikasia, baina gauza ezberdinak ikasiko ditugu batean zein bestean.

Dakitenek diotenez, erakundearen kultura garrantzitsua da. Pertsonak ere bai, jakina, baina ikuspegi sistemikoa komeni da. Erakunde bat ez da adimentsua (soilik) horren buru pertsona inteligente bat dagoelako, ezta bertan pertsona inteligente asko dagoelako ere. Arauak, protokoloak, prozedurak… horiek ere adimentsuak izan behar dira: ez-burokratikoak eta ez-zurrunak.

Dakitenek diotenez, erakunde bat adimentsua den jakiteko, horren zakarrontzian begiratu behar da, zakarrontzian amaitzen baitira erakundearen agendan lekurik lortzen ez duten gaiak. Krisi garaian erakunde adimentsuak funtsezkoari eutsi, eta gainerakoa gainetik kentzen du.

Edo, beste konparazio batera, erakunde adimentsuetan soinua eta zarata bereizten dakite. Zarata kutsadura akustikoa da. Erakunde adimentsuek zarataren erdian ere, doinu egokia aurkitzen dute. Beren burua ondo fokalizatzen asmatzen dute.

Dakitenek diotenez, erakunde adimentsuak ikasten duten erakundeak dira. Ikasten ikasi duten erakundeak.  Autokritikoak dira, autokonplazentziatik zein autoflagelaziotik aparte. Gogoeta eta ikasketa prozesuak zaintzen dituzte. Ebaluazio prozesuetan galdera aldatu dute: kontua ez da “zer lortu dugun” baizik eta “zer ikasi dugun”.

Zer moduz joan da “krisi” hau zuen erakundeetan? Asko ikasi duzue?