Elebiduna, ni?

EUSKARA hizkuntza inklusiboa dela diote. Gainerako hizkuntzak baino are inklusiboagoa. Baliteke. Garai batean tranpa diskurtsibo txiki bat erabili izan dugu: “Elebidunak bai, jakina… baina hemen soilik euskaldunak gara elebidunak; erdaldunak, ez… erdaldunak elebakarrak dira”. Akordatzen? Falazia txiki bat da (era onean esanda). Gure eskemaren arabera, erdaldunak euskaraz ikasi ahala, euskaldun bihurtzen dira eta erdaldun izateari uzten diote. Beraz, ezin da, definizioz, erdaldun elebidunik izan.

Duela gutxi Kathryn A. Woolard irakasleak on-line emandako hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen. Woolardi deigarri egiten zaio hizkuntza gutxitu batzuen kasuan komunitateek elebitasunaren aldeko apustua eta elebitasunaren apologia egiten dutela (adib. komunitate hispanoak Estatu Batuetan) eta beste batzuek, ordea, elebitasunaren ideia errefusatu egiten dutela (katalanak, euskaldunak…).

Kontua da elebitasuna ez dela soilik egitate soziolinguistiko baten deskripzio hutsa. Ideologia linguistiko bat ere bada. Soziolinguistikan, ideologia linguistikok dira pertsona edo giza talde batek hizkuntzei buruz dituen ideien multzoak. Haren ustez, hortxe dago koxka: etiketa horren atzean izkutatzen diren ideiak errefusatzen ditugu. Ideologia horren bi adibide dira, esate baterako, “Galicia Bilingüe” eta “Manifiesto por la Lengua Común”. Bietan egiten da elebitasunaren defentsa, hizkuntza nagusiaren hegemonia defendatzeko. Muturreko adibideak dira, baina badira gehiago.

Elebitasunaren ideologiaren aurka, bada Carod-Robira politikari katalanaren aipu interesgarri bat: “elebitasuna hizkuntzarentzat da federalismoa politikarentzat den gauza bera: anestesiko bat, tapoi bat, galga bat”. Aracilek berak paradoxa nabarmentzen zuen: elebakarrak elebitasunaren aldekoak dira, eta elebidunak elebitasunaren kontrakoak.

Batzuen ustez, akatsa da elebitasunaren aurka agertzea. Elebitasunaren defentsa egin behar dela uste dute, bestela supremazismo linguistikoak kontzeptu hori kolonizatu egiten duelako. Ez dakit, bada!. Agian horregatik egiten zaigu horren erakargarri eleaniztasunaren ideia: ikuspegi zabalagoa ematen digulako eta logika binario horretatik ihes egiteko aukera eskeintzen digulako.

Oharra: hemen agertzen den ia-ia guztia Woolard-en hainbat testutatik eta hitzaldi horretatik ateratako ideiak dira.

Hiztun berrien autogorrotoa

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, norberaren hizkuntza ezaugarriak edo portaerak ezkutatzeko jarrera da autogorrotoa. Gizartean prestigio handiagoa duten portaera edo estereotipoekin bat etortzeko helburua izan ohi du jarrera horrek. Ez dakit kontzeptua han sortua ote den, baina gugana Ninyoles eta soziolinguistika katalanaren bidetik etorri zitzaigun. Egia esan, harez geroztik, euskarak zein katalanak bestelako prestigioa dute. Agian pentsa liteke autogorrotoa diskurtso setenteroaren hondar bat besterik ez dela eta egun erabat obsoletoa dela (euskarari edota katalanari dagokienez, behinik-behin).

Beste zentzu batean, soziodialektologoen ustez, autogorrotoak badu zerikusirik ziurtasun-gabezia linguistikoarekin. Hiztunak gutxietsi egiten du bere mintzaera, eta erabat sinesten du berak normalean era espontaneoan erabiltzen dituen formak ez direla zuzenak, ez egokiak eta ez jatorrak. Ziurtasun-gabezia kasik patologikoa da, eta autokontzeptuari eragiten dio. Hiztun berrien inguruan egin diren ikerketetan “gabeziaren ideologia” deskribatu da: hiztun berriak uste du bera ez dela euskaldun osoa eta erabatekoa, zerbait falta zaiola, eta ez dela hiztun legitimoa. Muturreko kasuren batean, autogorrotoaz hitz egin daiteke? Ez dakit, bada. Ziur aski, gehiegi esatea da.

Euskaraldiaren testuinguruan “Hiztun Berri Sortzaileak” izenburuko mahai-ingurua antolatu zuen Deustuko Unibertsitateak, Ana Morales, Patxi Huarte “Zaldieroa” eta Xabier Payarekin. Payak ahate itsusiaren sindromea deitzen dion fenomenoaz jardun zuen. Hiztun berria berdinkideen artean ari denean ez da horretaz ohartzen, baina benetako (euskal) mundura atera behar denean, orduan konturatzen dela bera hiztun ezberdina dela. Bertsoen munduan nabaritu du berak bereziki, eta oso era bizian kontatzen du (merezi du entzutea). Bi prozesuei buruz hitz egiten du (berariaz izendatzen ez baditu ere): lehena, erdi-txantxetan, “jatortze-prozesua” deitu ahal dugu eta bigarrena “ahalduntze-prozesua”. Hiztun berriak gabeziaren sentimendu hori gainditzeko abian jartzen dituen estrategiak dira “jatortze-prozesua”: hizkuntza hobetzeko estrategiak, hizkuntza praktikatzeko aukera berriak bilatzea, euskalkietatik hartutako formak erabiltzen hastea… Asko eta askotarikoak dira. Ahalduntze-prozesuari dagokionez, besteak beste, euskalgintzaren erabakiguneetan hiztun berriak egon behar direla aldarrikatzen du, eta euren “hiztunberritasuna” konplexurik gabe bizi duten ereduak behar direla uste du. Itziar Ituñoren adibidea aipatzen du berak

Txepetx gogoratzen duzue? Bere eskemaren arabera bi hiztun tipologiak osatzen dute hizkuntza komunitatearen nukleo sinbolikoa: AB eta BA, jatorrizko hiztun alfabetatuak, eta euskaldun berri naturalizatuak (jatortuak ageri da itzulpen batzuetan). Ez da prozesu lineala; ziklikoa da, edo espiral baten modukoa… baina polita litzateke pentsatzea, euskara eskolan edo euskaltegian ikasi ondoren [B], naturalizazio-prozesua ere antola daitekeela, modu planifikatu samar batean, [BA] hiztunak lortzeko. Imaginatzen? Hiztun Berrien Jatortze eta Ahalduntze Koordinakundea.

Urte berri on! 😉