Soziolinguistika urbanoa: soziolinguistika hirian -2-

zabalgana11--647x231

Ohartu zarete? Soziolinguistika urbanoa da jaiotzez: hirian jaio zen. William Labov-ek hizkuntzaren aldakortasuna eta horren motibazio soziala aztertu zituen, non eta New York hirian. Labov-ek hizkuntza baten aldaera bat edo beste bat hautatzean hiztunaren ezaugarriek zuten garrantzia aztertu zuen. Bere lan aipatuena 1966an argitaratu zuen, eta bertan /r/-ren ahoskerak New Yorken gizarte estratifikazioarekin zuen lotura aztertu zuen.

Zergatik hirian? Hiria laborategi egokia zelako. Hirietako komunitateen ezaugarriak mugikortasuna eta aldakortasuna ziren. Landa eremuan, ordea, komunitateak egonkorragoak dira. Urbanizazioak era guztietako eraldaketak ekarri ohi ditu: demografikoak, ekonomikoak, soziala, etnografikoak… eta -agidanez- baita linguistikoak ere. Hiria aztertzea garrantzizkoa zen hirian ukipen egoera askoz biziagoa eta konplexuagoa zelako.

Soziolinguistiko urbanoak, halere, inoiz ez du berezko onarpenik izan soziolinguistika teorikoaren esparruan. Ekarpen interesgarriak egin ditu, hala ere: lehen-lehenik soziolinguistika barazionistaren alorrean, baina baita gero arlo makrosoziologikoan ere.

Etorkizunean bada hirian zer ikertu. Euskaltzaindiaren iazko Jagon jardunaldietan (joan den asteko sarrera ikusi) Xabier Aierdik azpimarratu zuen hirian are nabariagoak direla euskararen aldeko eta kontrako sektore sozialak. Hortaz, hiria behatoki egokia da jarrerak eta jokabideak aztertzeko. Harek bost sektore deskribatzen ditu, bakoitzaren kapitala (kulturala, ekonomikoa eta soziala) euskararekiko distantzia gurutzatu ondoren:

taula

Dena den, aniztasunaren eta multilinguismoaren inguruko gaiak izango dira, ziur aski, etorkizunean gure arreta gehien mereziko dutenak.

Baina horretaz hobe hurrengo batean hitz egitea.

Izan ongi!

Soziolinguistika hirian -1-

images

Iazko Jagon jardunaldiei buruzko testuak eskuratu ditut Euskaltzaindiaren Euskera agerkarian: Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan (Euskera. 2014, 59, 2). Egokia iruditzen zait hirietako dinamika soziolinguistikoaz gogoeta egitea, hiru euskal herritarretatik bat Euskal Herriko zazpi hiriburuetako batean bizi baita. Jardunaldietan ondo gogoratu diguten moduan, euskaldun gehienok gune urbanoetan bizi gara eta bizimodu hiritarra dugu. Kulturaren ikuspegitik lurralde osoa da continuum urbano bat.

Jardunaldi horietatik lau ideia partekatu nahi nituzke:

  1. Erabilera hirietan trabatua dago. Besteak beste, bi arrazoi aipatu izan dira: (bat) euskaldunen portzentajea txikia izanik, dentsitate txikikoak dira hiriko euskaldunen harreman-sare euskaldunak, (b) euskaldun horiek, sarri, errazago aritzen dira erdaraz euskaraz baino. Biak ala biak esanguratsuak dira hirien soziolinguistika begiztatzeko.
  2. Hiriaren dinamika euskararen kontra doa. Hiria deslekua da euskararentzat. Hiriak erantzukizuna leundu eta desarrarazi egiten du. Nola aplikatu arau komunitarioak komunitaterik ez dagoen tokian? Hiriak hizkuntzaren des-komunitarizazio prozesua azkartu dezake.
  3. Eduardo Apodakaren ustez, sasi-dilema batean bizi omen gara: (a) hiztun-erkidego trinkoak behar ditugu (gure baitara bildu, neokomunitateak sortu, babestokiak antolatu…), baina era berean (b) euskarazko jarduna zabaldu eta hedatu beharrean gaude: “fluxuetan behar dugu euskara, eguneroko fluxuetan eta ez babestoki mugatuetan”
  4. Euskararen etorkizuna hirietan anbibalentziaz josita dago. Nekez egongo da errezeta eta teoria itxirik. Horiek horrela, ziurgabetasun-testuinguruan jardun beharra dugu. Xabier Aierdik work in progress deitzen dio horri.

Oso ideia potenteak iruditzen zaizkit, sakontzea merezi dutenak.

On-line kurtso batean ikasiak

lurraldea-eta-hizkuntza

Bi ikastaro egin berri ditut MOOC formatuan (MOOC: Massive Open Online Course). Bata UABk Coursera plataforman antolatutakoa; bestea UEUk Moodle plataformaren bidez emandakoa. Coursera MOOC ikastaroak antolatzeko berariazko plataforma da, Moodle ikastaro birtual tutorizatuak emateko sortua da, nahiz eta, malgua denez, MOOC formatuan ere ondo funtzionatzen duen. Ikastaro biak oso ezberdinak izan dira. Lehen begiratuan UABren ikastaroa hobeto antolatua iruditu zait: ikastunitate landuagoak, materialak ikastarorako berariaz sortuak, edukiak hobeto artikulatuak. Perspektiba zabalago batetik, ordea, ez dakit zer esan… UEUk antolatutako ikastaroa oso aberasgarria iruditu zait. Ikastaroa zein izen den? Euskararen lehentasuna eta hizkuntza prebentzioaren ikuspegia Euskal Herriko marko juridikoetan: etorkizuneko erronkak

Ikastaroak euskara eta lurraldetasuna landu ditu, hizkuntza ekologiaren ikuspegitik. Ataza pare bat proposatu du, bereziki interesgarriak iruditzen zaizkidanak.

Ekologiaren metaforatik tira eginik, arlo horretan natura-gune sare bat osatzea eta gune horiek pasabide ekologikoen sistema baten bidez lotzea proposatzen den era berean, ikastaroan ere halako zerbait proposatu da: nork bere eskualdean, lau arnasgune nagusi identifikatu (geografiko zein sozio-funtzional) eta horien arteko harremana indartzeko praktika ekologiko bat diseinatzea. Interesgarria. Hona batzuk:

  • Udaleko kirol eta euskara sailak eta herriko elkarte eta ikastetxeak uztartzea, eskola kirola euskara hutsez eskaintzeko; edo, Kataluniako “Plans educatius d’entorn” horien modura, tokiko eragile guztiak inplikatzea aisialdia euskaraz planifikatzeko.
  • Praktika komunitateak sortzea, hainbat administraziotan zein euskalgintza sozialean euskara planei buruz sortzen ari den jakintza partekatzeko.
  • Ikastetxeko eta euskaltegiko ikasleak inplikatzea, inguruko auzo euskaldunetako aiton-amonen hizkera dokumentatzeko.
  • Sentsibilizazio ikastaroak (Zergatik Ez, EusLider…) antolatzea, DBHko ikasleak eurak dinamizatzaile bihurtuta.
  • Arnasgune kontzeptua modu pedagogikoan azaltzea eta kurrikuluan integratzea.
  • Hileroko euskara-topaketak: helduak normalizazio-gaietan formatzen diren bitartean, ekintza ludikoak haurrentzat.
  • Eskualdeko arnasgune sozio-funtzionalen katalogoa egitea.
  • Mendi taldearekin batera, gune euskaldunak bisitatzea.
  • Gaztetxoak berri-emale bihurtzea, eta inguruko auzo euskaldunen albistegiak osatzea.

Proposamen bereziki originalik ez dagoela pentsa daiteke, baina hazi biltegi txiki baten moduan irudika daiteke… Baliteke horietakoren bat inon sustraitzea.

Beste atal batean, ikastaroan zehar landutako gaiak oinarritzat hartuta, gogoko testu edo material bat aukeratzea eta, iruzkin txiki batekin batera, partekatzea proposatu dute. Hor ere esteka-bilduma polita sortu dela iruditu zait. Adibidez:

Esan bezala, aberasgarria iruditu zait.