Elebidun hartzaileak – Bilingües pasivos

SOZIOLINGUISTIKA hiztegiaren arabera, elebidun hartzailea da euskaraz nekez hitz egin edo hitz egin ez arren, ondo ulertu edo irakurtzen duen pertsona. Gaztelaniaz, bilingüe pasivo; frantsesez, bilingue passif; ingelesez, passive bilingual speaker. Hiztegiak ez du argitzen pertsona batek noraino ulertu behar duen, euskaldun hartzailea izateko; ezta norainoko zailtasuna den onargarria.

Terminologian ere ez dago adostasun handirik: ia-euskalduna erabiltzen da, quasi-bilingue, erdi-elebiduna, elebidun asimetrikoa, elebidun pasiboa… Sesquilinguismo da entzun ditudanetik bitxiena. Uste dut Txepetxek erabili izan zuela. Sesqui, izatez, jatorri latinoa duen aurrizki bat da: “bat eta erdi” esan nahi du. Hots, sesquilingue hizkuntza bat eta erdi dakien pertsona da.

Juan Carlos Moreno Cabrera irakaslearen ustez, ekolinguismoaren ikuspegitik, horrelako kategoria estatikoak aberrazio bat dira. Zer da hizkuntza eta erdi jakitea? Haren ustez, denak gara eleanitzak, denok baitugu era bateko edo besteko hizkuntza-errepertorio bat.

Garrantzitsua da errepertorioaren ideia.

Probokazio baten moduan kontatzen du Moreno Cabrerak. Esan ohi du ez dela egia gaztelaniak 400 miloi hiztun dituenik, gaztelania ez baita hizkuntza homogeno bat, baizik eta hizkuntza-sorta bat. Harek madrileko hizkuntzan hitz egiten duela dio, Salamancako hizkuntzaren berdin-berdina ez dena… baina ez duela batere arazorik Salamancako hizkuntza ulertzeko, hura ere bere errepertorioaren parte baita.

Moreno Cabrerak ez du “hartzaile” hitza erabiltzen. Harek gaitasun analitikoa eta gaitasun sintetikoa bereizten ditu, terminologia deskontaminatu nahian. Gaitasun sintetikoa hizkuntza horretan espresioak sortzeko gaitasuna da: hitz egiteko edo idazteko. Gaitasun analitikoa hizkuntza hori ulertzeko gaitasuna da. Hortaz, elebidun sintetikoak eta elebidun analitikoak daude. Haren esanetan, lotura dago bien artean: hizkuntza batean gaitasun sintetikoa eskuratzen dugun heinean, horrek gaitasun analitikoa ematen digu, beste hainbat hizkuntzatan. Gaitasun horiek guztiak gure errepertorioa osatzen dute.

Galizieraren eta gaztelaniaren arteko hiztun tipologia bat asmaten saiatu da, esate baterako:

  • m cast : elebakarra gaztelaniaz
  • m gal : elebakarra galizieraz
  • b a gal : elebidun analitikoa galizieraz, galiziera ulertzen du
  • b a cast : elebidun analitikoa gaztelaniaz. Hortaz, galizieraz hitz egiten du, eta gaztelania ulertu
  • b s cas gal : gaztelaniaz hitz egiten du, galizieraz ere bai, nahiz eta gaztelaniaren eragina nabaritu
  • b s gal cas : galizieraz hitz egiten du, baina gaztelaniazko gaitasun sintetikoa du ere bai

Azken bi tipo horien artean pauso txiki bat besterik ez da, elebidun sintetikoak dira biak, baina aldatu egiten da hizkuntza dominantea. Moreno Cabreraren ustez, oso urrats sotila da, oso txikia, ia oharkabean gertatu ohi dena, baina oso garrantzitsua. Determinantea izan daiteke, hizkuntza ordezkapenerako lehen pausoa baita.

Soziologiak kategoriak eraikitzen ditu, mundua hobeto ulertzeko: elebiduna, elebidun hartzailea, erdalduna… Baina komeni da ohartzea analisirako kategoriak direla, eta ez besterik.