Kapitalizazio linguistikoa eta kapitalizazio soziala

Gustukoak ditut Xabier Aierdiren hitzaldiak. Argi hitz egitea gustatzen zaio eta probokatiboa ere bada batzuetan. Duela urtebete inguru hitzaldi bat eman zuen Sabino Arana Fundazioan, migrazioaz eta harrera linguistikoaz. Ideia interesgarri asko aipatu zituen bertan. Azpimarratu zuen, esate baterako, immigrazioa ez dela tarte baterako kontua izango, baizik eta fenomeno estruktural bat, eta serio(ago) hartu beharko genukeela.

Immigrazioaren Euskal Behatokiak egiten dituen azterketen arabera, badirudi euskaldunak tolerantexeagoak garela erdaldunak baino. Ezker-eskuin ardatzean ere beste horrenbeste: ezkerrekoak toleranteagoak gara eskuinekoak baino. Baina gizartea konplexutzen diren neurrian arazo berriak sortuko direla ohartarazten zuen Aierdik. Izan ere, bere esanetan, batzuk arnasguneak ikusten ditugun lekuetan, litekeena da beste batzuk itoguneak ikustea. Bere ustez litekeena da egunen batean euskararen aurkako nolabaiteko erresistentzia aurkitzea, esate baterako, migrari kualifikatuen aldetik, euskara traba moduan ikusiko dutelako. Arazoa da erresistentzia hori ez dutela planteatuko termino linguistikoetan. Esango digute: “zuek euskaldun zuriok iparraldekoak zarete eta pribiligio egoera batean zaudete; gu arrazializatuak gara, menpekoak gara, eta zuen hizkuntzak menpekotasun horretara kondenatzen gaitu”. Horrek kontraesan berriak sortuko ditu, honezkero aurreikusi, zaindu eta landu behar direnak.

Hitzaldi hura gogoratu dut, duela gutxi, Interneten bidez, Marina Massaguer soziolinguista katalanaren hitzaldi bat entzuteko aukera izan dudalako. Harek ere antzeko gogoeta egiten zuen:

  • Katalana mugikortasun sozialarekin zerikusia duen baliabide bat dela defendatzen du: kapital bat. Badira atzerritik etorri diren pertsonak, katalanarekin inolako kontakturik izan ez dutenak eta, gainera, eskala sozialean igotzeko aspiraziorik ez dutenak. Adin bat dute honez gero, eta katalanarekin interes txikia erakusten dute. Zertarako inbertitu ezertarako balioko ez didan errekurtso batean?
  • Horien seme-alabek edo etorri berri gazteagoek, ordea, ikasi eta lanpostu koalifikatuak izateko aspirazioa dute. Horientzat katalana baliabide bat da eta, oro har, jarrera positiboa dute hizkuntzarekin. Beste kontu bat da, baliabide hori eskuratzeko modurik izan ote duten edota katalanezko harreman-sareak sortzeko aukera izan ote duten.
  • Nork ez du katalana behar? Baliabide alternatiboak dituztenak (harremanak, ikasketak…); hau da, eskala sozialean gora egiteko bestelako kapitalak eskuratu ahal dutenak: kapital ekonomikoa, kapital soziala, kapital kulturala…
  • Azkenik, Aierdik planteatzen zuen ildo berean, gogoetatu egin du litekeena dela beren herrian egoera sozial ona zuten pertsonek beren espektatibak zapuztuak ikustea, Kataluniara etortzen direnean, beren estatusari ezin diotelako eutsi. Jatorrian zuten “kapitala” debaluatu egin da nonbait: beren harreman-sarea (kapital soziala) ez dago hemen, agian titulazioa konbalidatu beharra egokitu zaie… eta hizkuntza ere ikasi beharra dute. Horiek hizkuntzaren aurkako jarrera erakutsi dezakete.

Marina Massaguerek katalana ikasi nahi eta behar dutenentzat kapitalizazio bikoitza proposatzen du: kapitalizazio soziala eta kapitalizazio linguistikoa. Hizkuntza ikasteko baliabideak baino gehiago, bizikidetzarako espazio ez hierarkikoak eskatzen ditu, non migrantea, bere harreman-sarea zabaltzeaz gain, katalana ikasi eta katalanez sozializatuko den.