Zertaz ari gara, normalizazioaz ari garenean?

URTZI URRUTIKOETXEAK Hitz Adina Mintzo zikloaren barruan emandako hitzaldi baten izenburua da: «Zertaz ari gara hizkuntza normalizazioaz ari garenean?». Berria egunkarian azaldu zuen bere tesia: «Gaztelaniaren makulua erraz onartzen dugu euskaldunok». Halako des-ikaste prozesu bat planteatzen du; zenbaitetan gaztelaniari uko egiteko prest egotea; gaztelaniaren des-hazkunde bat, nolabait esatearrren.

Normalizazioaz Urtzik azaldu zuen terminoa batez ere gure inguruan errotu eta zabaldu dela: gurean, Galizan eta Herrialde Katalanetan. Hemendik kanpo bestelakoak erabiltzen dira usuago: aménagement linguistique, language planning, language policy…  Agidanez, beste askotan bezala, hizkuntza normalizazioaren terminoa zein kontzeptua soziolinguistika katalanatik heldu zaigu.

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, normalizazioa da minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza egoera horretatik atera eta gizarte-esparru eta funtzio guztietara hedatzeko prozesua. Egokia iruditzen zait, baina badakit terminoak berak ezadostasunak sortu dituela batean zein bestean.

Jakin aldizkariak uda partean antolatu zuen “Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekuan” izenburuko jardunaldian Maria Reimondez idazle eta itzultzaile galegoari normalizazioaz galdetu zioten: normalizazio linguistikoaz zein kulturalaz, gaizki ulertu ez banuen. [Hemen]. Hitzak sentimendu kontraesankorrak sortzen dizkiola esan zuen. Azaldu zuen Feijooren gobernuak normalizazio izena ezabatu nahi izan zuela nonnahitik, eta ikastetxeetako normalizazio taldeak dinamizaziorako taldeak bihurtu zituela. Dinamizazioa kontzeptu neocon-agoa da, antza. Alde horretatik, Mariak defendatu zuen normalizazioaren ikuspegia  iraultzailea dela, galegoa arlo guztietan presente egon behar dela aldarrikatzea baita.

Aitzitik, Feijooren munduan bizi nahi ez dugun pertsonen ikuspegitik, kontzeptuak kezka bat edo beste sortzen diola aitortu zuen; izan ere, zer da, bada, normala izatea edo zerbait normal egitea? Gaia literaturara eramanda, literatura bioaniztasun handiko lekua izan behar duela aldarrikatu zuen, eta hor normalek zein anormalek… denek behar dutela lekua. Txepetxek ere antzeko ideia bat zabaldu zuen inoiz, ezta? Zer da normala? Gaztelania? Gure buruari zer nahi dugun galdetzea gomendatzen zuen. Inguruan ikusten dugun berdina baina “euskaraz”? Bai? Merezi du? Ez ote da garaia beste zerbait pentsatzeko?

Ni neu ez nau normalizazio terminoak kezkatzen. Jaurlaritzaren eskutik, ikastetxeetan lantzen den Ulibarri programak oraindik ere horrela definitzen du bere burua: Hizkuntza Normalkuntza Programa.

EAEko jaurlaritzak izen arranditsuagoa hautatu zuen bere garaian: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Arranditsua bai, baina ez zen izen itsusia. Niri Benito Lertxundiren abestia ekartzen zidan gogora: “arantzak kendu nahi dizkio, bizi berri bat eman“. PSEk Eusko Jaurlaritza hartu zuenean, ordea, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia EBPN izatetik ESEP izatera: Euskara SUSTATZEKO Ekintza Plana, alegia. Neocon-agoa?

Sentitzen dut, baina aitortu beharra dut SUSTATU hitza ez dudala gogoko. Milaka aldiz idatzi behar izan dut ehunka txosten, memoria, justifikazio, kartel eta mezu elektronikotan. Tarteka, inor begira ez dagoenean, SUSTATU hitza ezabatu eta beste bat jarri izan dut bere lekuan: gehienetan INDARTU, SENDOTU edo horrelakoren bat, askoz hobeak ez direla jakin arren. Noiz edo noiz NORMALIZATU hitza idaztera ere animatu naiz.

Hirien soziolinguistika eta dibertsitate konplexuak

400-1462982233-KARTEL A3 WEBRECODE Europako Zientzia Fundazioak finantzatzen duen ikerketa-programa bat da, dibertsitateak ikertzea helburu duena. Akronimo bat da: “Responding to Complex Diversity in Europe and Canada”. Ideia hori bera defendatzen du: egungo dibertsitatea, lehengoarekin alderatuta, askoz konplexuagoa da. Programaren helburua da horren eragina aztertzea hainbat arlotan: dibertsitate linguistikoan eta hizkuntza politiketan, besteak beste.

Peter Kraus Augsburg-eko Unibertsitateko irakaslea da eta ikerketa-talde horretan parte hartzen du. Hitzaldi interesgarri bat eman berri du Migrazioak eta Europako Gutxiengo Kultural eta Linguistikoak izeneko jardunaldiaren baitan: ‘Dibertsitate konplexua, immigrazioa eta hizkuntza-politika’. Interesgarria iruditu zait, eta asko ikasi dut. Hona apunte batzuk:

  • Garai bateko dibertsitateari elementu berriak erantsi zaizkion neurrian, are konplexuagoa bihurtu da. Dibertsitate konplexua, batez ere, fenomeno urbanoa da: hirietan aztertu behar da bereziki. Dibertsitate konplexu horrek hirietako egoera linguistikoan duen eragina eta  hizkuntza politika ezberdinen ondorioak aztertzea da soziolinguistikak dituen erronka handienetako bat, ziur aski.
  • Hirietako dibertsitate linguistikoa ez da egoera berria. Atzera begiratuz gero, hiri eleanitzak erabat arruntak izan direla ageri da. Irakasleak adibide bat aipatu du: Vilnius. Lituaniako hiriburua da, baina 1926. urtean inork gutxik hitz egiten zuen lituanieraz bertan; errusieraz ere jende gutxik. Poloniera eta yiddisha ziren hizkuntza hedatuenak. Ekialdeko edota Erdialdeko Europan erabat arrunta zen egoera hori: okindegira joan eta —esate baterako— ogia polonieraz eskatzea; handik eskolara, eta alemanaz ikastea; eta etxean, familiarekin ,yiddishaz aritzea. Bizimodu eleanitz arrunta eta erabat bideragarria zen.
  • Azken mendean, ordea, homogenizazio kulturala nagusitu zen Europako modernitatearen paradigma gisa, harik eta Europako periferiatik eta beste kontinenteetatik etorritako migrazioak heterogeneitate berria sortu duen arte.
  • RECODE programak horrelako errealitateak ikertu nahi ditu, egoera konplexuak. Horretarako, bere baitan gehiengo baten eta gutxiengo baten arteko botere harremanak gordetzen dituzten hiriak bilatu dituzte, gero, migrazioen eraginez, dibertsifikazio berriak izan dituztenak: heterogeneotasun zaharra eta berria konbinatzen dituzten hiriak, alegia.
  • Peter Krausek, ildo horretatik, Helsinki eta Bartzelonako egoerak aztertu eta alderatu egin ditu. Bi kontu egin zaizkit deigarriak:
    • Helsinkin finlandiera eta suediera dira hizkuntza ofizialak, eta eskolak horren arabera antolatzen dira. Immigrazioaren hizkuntzek babes zabala dute (Integrative multilingualism), eta eskoletan immigranteen familia hizkuntzaren irakaskuntza bermatzen dute, horretarako eskaera nahikoa dagoen lekuetan: finantzazioa bertoko udalak hartzen du bere gain. Bartzelonan teoriaz antzeko zerbait defendatzen bada ere, aparteko finantzazioa bilatu beharra dago, ez baita horretarako baliabiderik bermatzen.
    • Dena den, datu azpimarragarria da Bartzelonako immigranteen % 40k bi hizkuntza nagusiak dakizkitela: katalana eta gaztelania. Helsinkin egoera bestelakoa da: oso gutxi dira finlandiera eta suediera, biak, ikasi dituzten migranteek. Krausen ustez —paradoxikoa bada ere—  Katalunian gatazka linguistikoa ageri-agerian egoteak badu horrekin zerikusia.
  • Ondorio interesgarri bat iradoki du. Bere ustez, egoera berri horretan arazo nazionala transnazionalizatu egiten da, eta transnazionala nazionalizatu. Fenomeno osagarriak dira: batetik, garbi ageri da dilema gaur egun ezin dela soil-soilik katalana vs. gaztelania izan, Bartzelonan hizkuntza ugari baitago bi horiez gain; bestetik, kanpotik etorritako hiritar horiek hautuak egitera behartuta ikusten dute beren burua (Kataluniako independentziari buruzko galdeketetan, esate baterako).

Gehiago jakiteko:

Balantze linguistikoa

Imagen1Sarri garrantzizkoa da jakitea izen bakoitzaren atzean zein kontzeptu izkutatzen dugun. Izenak izana zor. Izanak izena du. Garai batean, ziklo baten amaieran, balantzea egin ohi genuen. Egun, ez… egun, memoria egiten dugu: oroit-idazkia. Balantzea ekonomizistegia da, antza.

Halaxe da. Balantzea da negozio baten aktiboa eta pasiboa parez pare jartzea, negozioaren egoera zein den aztertzeko. Balantzea prozesu edo egoera bateko zirkunstantzien eta faktoren ikerketa konparatiboa da, prozesuaren balizko bilakabidea aurreikusteko. Balantze bat bi zutabetan irudikatzen dugu: aldeko faktoreak eta kontrakoak; alde sendoak eta ahulak. Balantze batek aukera ematen du begiratu bakar batean non gauden ikusteko.

Kataluniako Plataforma per la llengua elkarteak lan interesgarria argitaratu berri du, izenburu luze-luzea badu ere:

Balances lingüístiques entre el català i el castellà en les pràctiques institucionals i en els reconeixements legals de l’estat espanyol. Llibre blanc sobre el tractament del català respecte al castellà a l’estat espanyol. Balances Lingüístiques (pdf)

Azterketa konparatibo bat da, hainbat arlotan gaztelaniaren eta katalanaren arteko balantzea egiten duena: a) estatuaren oinarri linguistikoak; b) estatuaren irudi instituzionala, herritarrekiko harremanak, eta hizkuntzaren erabilera territoriala; c) enpresa publikoak; d) Europar Batasuna eta hizkuntzaren proiekzioa nazioartean; e) irakaskuntza; e) justizia; f) hedabideak; g) enpresa eta kontsumoa. Orotara 113 kasu adierazgarri aztertzen ditu.

Egileen ustez, katalanaren tamaina eta bizitasun bereko beste hizkuntzekin alderatuta, erabat anomaloa da katalanak bizi duena. Tamalez, eta estatuaren partetik borondate gutxi ikusten dute “erregimen linguistiko” anomalo hori gainditzeko.

El nostre, valencià; el català, de tots

DSC02971Gazte(ago) ginela arbuiatu izan ditugun opor-moldeetara makurtu izan gara azken urteotan. Umeak… badakizue 😉. Eguzkia, hondartza, hotela, piszina… Marc Augé antropologoaren lana gogoratzen duzue? Ez-lekua kontzeptua sortu zuen trantsitorioak izategatik lekua izena merezi ez duten lekuak izendatzeko. Leku antropologikoak dira, Augè-ren ustez, harremanetarako espazioak direnak, berezko identitatea dutenak, alegia. Ez-lekuak bestelakoak dira. Ez-lekuak dira, esate baterako: autopistak, hotelak, aireportuak edota supermerkatuak… Hondartzak ere… susmoa dut hondartzek ere badutela ez-lekua izatetik asko.

Valentziatik gertu egon gara. Hoteletik hondartzarako bidean, amona bat zetorren gure atzetik, 3-4 urteko bilobarekin. Elkarrekin hizketan ari dira. Atzera begiratu dugu, hau entzundakoan: “Xiquet, parla valencià”. Kontxo… borroka bera hemen ere! Portzierto… Ohartu zarete? Soziolinguistika katalanak garrantzi handia izan du gurean… baina valentziarrak izan dira gure erreferente nagusiak: Aracil, Ninyoles…

Oporretara etorri aurretik, Diversia aldizkariak hizkuntzari buruzko monografiko bat argitaratu zuen: La llengua catalana del present al futur. Aldizkaria Pompeu Fabra Unibertsitateak argitaratzen du, dibertsitate sozialari buruzko katedraren bidez. Herrialde Valentziarrari buruzko artikulua Toni Mollà kazetari eta soziolinguistari egokitu zaio. Hemen eskuratu daiteke: www.upf.edu/diversia/_pdf/Pais_Valencia.pdf

Toni Mollà-ren ustez, soziolinguista batek oso kontuan izan behar du espazio publikoaren gaur egungo krisia. Izan ere, politika instituzionalek –politika linguistikoek barne– espazio publikoa hartu behar dute oinarritzat: espazio fisikoa (kalea eta plaza), espazio mediatikoa (hedabideak) eta espazio birtuala (Internet). Toni Mollà-ren iritziz, politika komunikatiboetan zein politika linguistikoetan errentagarritasun soziala eta kohesio soziala bilatu behar dira. Bere ustez, Herrialde Valentziarrean bada defizit identitario garrantzitsu bat, komunikazio-sare konpartituen faltarekin zerikusia duena.

Beste formatu batean bada ere, Valentziako hizkuntza egoeraz asko ikasi daiteke Què ens passa, valencians!? dokumentala ikusirik. Bertan, Alina Moser alemaniar gazteak, aurreko dokumental batean herrialde katalanetako hainbat lurralde furgonetaz bisitatu ondoren, txirringa hartu eta herrialde valentziarra bisitatzeari ekin dio, valentzieraren osasun-egoeraren berri emateko. Esan bezala, alemaniarra da Alina Moser, eta ez daki gaztelaniaz; katalanez bai. Merezi du dokumentala ikustea. Oso-osorik ikusi daiteke youtube-n: hemen