Urratsez urrats, pausorik pauso…

Urratsez urrats, pausorik pauso, mailaz maila… Txepetxek bi ideia defendatzen zituen bere teoria soziolinguistikoan: (a) hizkuntza komunitatea trinkotzea, euskaldun osoek osatzen duten nukleo sinbolikoaren inguruan; eta (b) tipo soziolinguistikoen optimizazioa: hau da, euskaldun-tipo bakoitzak puntu bat gora egitea, bere egoera hobetzeko, eta gertu duen hurrengo tipoaren mailara iristeko.

Marina Massaguer soziolinguista katalanari antzeko zerbait entzun diot bideo batean: hiztun-tipo ezberdinak daudela azpimarratzen du eta hizkuntza politika pertsonalizatuak behar direla proposatu. Honela azaltzen du tipologizazio hori:

  • Nonahi eta noiznahi katalanari eusten diotenak (mantenidors, eusleak…)
  • Nagusiki katalana erabiltzen dituzten hiztunak (usuaris predominants)
  • Txandakariak (alternadors)
  • Noizbehinka katalana erabiltzen duten hiztunak (usuaris ocasionals)
  • Ez erabiltzaileak

Tipo horietako bakoitzaren atzean jatorri ezberdinak daude, bizipen eta sentsibilitate ezberdinak, eta sarritan bizitza-proiektu ezberdinak ere. Helburua aldaketa gradualak ahalbidetzea da: hizkuntza adoptatzen hastea, lehen erabiltzen ez zuten testuingu batean. Hau da: hizkuntza gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiltzea (ezaguna egiten zaizue, ezta? Ez-erabiltzaileak noizbehinkako erabiltzaile bihurtu daitezke; noizbeinkako erabiltzaileak txandakari… eta horrela segidan.

Beste testuinguru batean, Xabier Payari ere antzeko ideia entzun diot. Ikasleak euskal hiztun izateaz gain, kulturtzaletu ere nahi dugu, jakina denez. Horretaz jardun zuen “Ikasle, ikusle, ekoizle” izeneko hitzaldian (Eskola Hiztun Bila, 2020). Ikasleak euskal kulturarekin duten hurbiltasuna eskailera edota piramide baten inguruan irudikatu daitekeela dio: behean euskal kulturarekin interesik bat ere ez duten gazteak; eta goiko erpinean gazte kulturzale edota kulturgile profesionalak. Tartean mailaketa oso bat egon daiteke: jakin-minez hurbiltzen direnak, noizbehinkako publikoa, gertuko publikoa, kultur taldeen kolaboratzaileak, amateurrak… Kultur publikoen eskailera deitzen dio horri, eta hainbat estrategia proposatzen ditu eskailera horretan gora egiteko: irisgarritasuna hobetzea, kultur ohiturak sortzea, fidelizazioa areagotzea, kapital kulturala handitzea, partaidetza bideak areagotzea…

Urratsez urrats, pausorik pauso, mailaz maila, nori bera… baina ez inolaz ere geldirik.

Xabier Payaren bideoa: https://www.ulibarri.euskadi.eus/eu/ehb_xxiv_jardunaldiarenbideoak