Urratsez urrats, pausorik pauso…

Urratsez urrats, pausorik pauso, mailaz maila… Txepetxek bi ideia defendatzen zituen bere teoria soziolinguistikoan: (a) hizkuntza komunitatea trinkotzea, euskaldun osoek osatzen duten nukleo sinbolikoaren inguruan; eta (b) tipo soziolinguistikoen optimizazioa: hau da, euskaldun-tipo bakoitzak puntu bat gora egitea, bere egoera hobetzeko, eta gertu duen hurrengo tipoaren mailara iristeko.

Marina Massaguer soziolinguista katalanari antzeko zerbait entzun diot bideo batean: hiztun-tipo ezberdinak daudela azpimarratzen du eta hizkuntza politika pertsonalizatuak behar direla proposatu. Honela azaltzen du tipologizazio hori:

  • Nonahi eta noiznahi katalanari eusten diotenak (mantenidors, eusleak…)
  • Nagusiki katalana erabiltzen dituzten hiztunak (usuaris predominants)
  • Txandakariak (alternadors)
  • Noizbehinka katalana erabiltzen duten hiztunak (usuaris ocasionals)
  • Ez erabiltzaileak

Tipo horietako bakoitzaren atzean jatorri ezberdinak daude, bizipen eta sentsibilitate ezberdinak, eta sarritan bizitza-proiektu ezberdinak ere. Helburua aldaketa gradualak ahalbidetzea da: hizkuntza adoptatzen hastea, lehen erabiltzen ez zuten testuingu batean. Hau da: hizkuntza gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiltzea (ezaguna egiten zaizue, ezta? Ez-erabiltzaileak noizbehinkako erabiltzaile bihurtu daitezke; noizbeinkako erabiltzaileak txandakari… eta horrela segidan.

Beste testuinguru batean, Xabier Payari ere antzeko ideia entzun diot. Ikasleak euskal hiztun izateaz gain, kulturtzaletu ere nahi dugu, jakina denez. Horretaz jardun zuen “Ikasle, ikusle, ekoizle” izeneko hitzaldian (Eskola Hiztun Bila, 2020). Ikasleak euskal kulturarekin duten hurbiltasuna eskailera edota piramide baten inguruan irudikatu daitekeela dio: behean euskal kulturarekin interesik bat ere ez duten gazteak; eta goiko erpinean gazte kulturzale edota kulturgile profesionalak. Tartean mailaketa oso bat egon daiteke: jakin-minez hurbiltzen direnak, noizbehinkako publikoa, gertuko publikoa, kultur taldeen kolaboratzaileak, amateurrak… Kultur publikoen eskailera deitzen dio horri, eta hainbat estrategia proposatzen ditu eskailera horretan gora egiteko: irisgarritasuna hobetzea, kultur ohiturak sortzea, fidelizazioa areagotzea, kapital kulturala handitzea, partaidetza bideak areagotzea…

Urratsez urrats, pausorik pauso, mailaz maila, nori bera… baina ez inolaz ere geldirik.

Xabier Payaren bideoa: https://www.ulibarri.euskadi.eus/eu/ehb_xxiv_jardunaldiarenbideoak

Ezin izan diot tentazioari eutsi

Txakurrak oinutsik Katalunian ere? Imanol Larrearen artikulua irakurri, eta ezin izan diot tentazioari eutsi. Bikain adierazten du Kataluniako hizkuntza egoera: “herritar gehienek dakite katalanez hitz egiten, batez ere gazteek, biztanleen erdiek inguru egin ohi dute katalanez egunerokoan dezente edo asko, eta urritzen ari dira soilik katalanez edo soilik gaztelaniaz bizi direnak”

Han ere arazoak dituzte baina —Imanolek esan bezala— “ezin dugu ahaztu goragoko kategoria batean ari direla jokatzen. Adibidez, Kataluniako eskualde guztiek UEMAko kide izateko eskatzen den hiztun proportzioa baino handiagoa dute”.

Esan bezala, ezin izan diot tentazioari eutsi. 2018ko datuak dira orain zabaltzen ari direnak, eta gure inkesta soziolinguistikoak 2016ko datuak eman ditu. Alderatzeko modukoak izan daitezkeela iruditu zait. Bai, badakit beste kategoria bat dela, baina alderaketa interesgarria iruditu zait, gure tamainaren neurria emateko.

Hiru datu jarri ditut elkarren ondoan. Ez dut baloraziorik egin:

  • Katalunian, 2018an, 7.600.065 pertsona bizi ziren, horietatik % 18,2 atzerrian jaioak. Inkesta egiteko, 15 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartu da kontuan: 6.443.771 pertsona, alegia. Kontuan izan soilik Katalunia dela (ez Herrialde Katalanak).
  • Euskal Herrian, orotara, 3.140.000 pertsona bizi gara; horietatik 2.200.000 inguru, EAEn  (2.800.000 inguru Hegoalde osoan). Atzerrian jaiotakoak % 9,43 dira EAEn eta % 14,24 Nafarroan. Ez dago Iparraldeko daturik.
  • Katalunian, 15 urtetik gorako pertsonen artean, %31,5ek katalana izan dute lehen hizkuntza moduan, eta % 36,3 katalanarekin identifikatzen dira nagusiki; bostetik lauk (% 81,2) katalanez hitz egiteko gaitasun nahikoa dutela adierazi dute, eta ia denek (% 94,4) katalana ulertzen dute.
  • Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoaren arabera, % 28,4 dira euskaldunak eta % 16,4 elebidun hartzaileak. Hortaz, esan daiteke % 28,4k euskaraz hitz egiten dakitela eta % 44,8k euskara ulertzen dutela. Katalunian ulermen unibertsaletik gertu daude; gurean, erdira ez gara iristen (nahiz eta gertu egon). EAEn datuak hobexeagoak dira: % 33,9 eta % 53, hurrenez hurren.
  • Kataluniako hiru herritarretik batek (%36) ohiko hizkuntza modura erabiltzen du katalana. Lautik hiruk (% 76,4) katalana erabiltzen dute egunero.
  • Euskararen erabilera trinkoa (euskaraz erdaraz baino gehiago edo euskaraz erdaraz bete) % 16,5 da Euskal Herrian. Erdaraz baino gutxiago hitz egiten dutenak batuz gero, kopuru hori % 25,7ra iritsi daiteke. EAEn kopuru horiek % 20,5 eta % 30,6 dira, hurrenez hurren.

Kataluniako inkesta soziolinguistikoari buruzko informazioa oso-osorik hemen: Resultats de l’Enquesta d’usos lingüístics de la població de Catalunya 2018. Berria egunkariak oso laburpen ona argitaratu du: Geldialdia katalanaren erabileran

Inkesta soziolinguistikoa alde batera utzirik, Plataforma Per la Llengua elkarteak datu deigarria eman du, duela gutxi. Hizkuntzen erabilerak neurtu dituzte hiriguneetako eskola eta institutuetako patioetan, eta soilik elkarrizketen % 24,3 izan dira katalanez jaso dituztenak. Alde nabarmena da lehen eta bigarren hezkuntzaren artean: lehen hezkuntzan % 35, eta bigarren hezkuntzan % 14,6 besterik ez. Xavier Vila irakasleak galdera horixe egin zuen orain dela urte batzuk: Hem guanyat l’escola però hem perdut el pati?. Galdera mingarria: eskola irabazi, eta patioa galdu al dugu?

Gurean, ARRUE azterketak ematen digu eskolako hizkuntza-erabileren berri. Gurean, ordea, datu horiek ikasleek aitortuak dira (ez behatuak). Hori horrela, ARRUEren arabera, LH4ko ikasleen artean, euskararen erabilera batez beste % 40,9 da, ikaskideekin jolaslekuan ari direnean. DBH2ko ikasleen artean, ordea, % 23,6 da. Datu optimistegiak dira, agian; baina hemen ere adierazgarria da LHren eta DBHren artean dagoen aldea.

Bide batez… izan al duzue azterketa horrek piztu duen polemikaren berri?

Lotsagarria, ezta? Gure artean ere izan ziren antzeko polemikak orain dela urte batzuk. Akordatzen?

Kale erabilera, haur eta helduen artean

Lehen kale neurketa 1989an egin zenetik hogeita zazpi urte igaro dira dagoeneko. Hirugarren edizioaz geroztik, haurren presentziak erabilerari nola eragiten dion aztertu nahi izan da.  Oso-oso aldagai esanguratsua suertatu da.

Neurketa guztietan ikusi da haurren presentzia eragin handiko aldegaia dela. 2016an, esate baterako, erabilera daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean jasotzen dira (% 19,3) eta baxuenak nagusiak haurren presentziarik gabe ari direnean (% 8,6).

Euskal Herriko datuak dira. Baina iruditzen zait horretan ere aldeak daudela egoera soziolinguistiko batetik bestera. Alde kuantitatiboak zein kualitatiboak:

Gasteizen % 3,7 da euskarazko kale erabilera. Haurrek eta helduek osatutako taldeetan kopurua igotzen da: % 7,1era, hain zuzen. Nagusiek euren artean (haurrik gabe) ari direnean, %2,4an darabilte euskara, eta haurrak bakarrik (nagusirik gabe) daudenean % 0,9 da erabilera.

Datu harrigarria da [ni neu harritu egin nau, behinik behin]. Eta larria. Datuen arabera, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina batez ere helduekin ari direnean, edo helduen presentzian. Haurrak euren artean ari direnean erabilera oso baxua da. Bilboko edota Iruñeko daturik ikusteko aukerarik ez dut izan, baina susmoa dut joera ez dela izango oso-oso bestelakoa.

Alde horretatik, esanguratsua da Jaime Altunak iaz Eskola Hiztun Bila jardunaldietan esandakoa. Haren ustez, sarritan esan izan da euskararen erabilera haurtzarorekin oso lotuta egon dela, baina azken urteotan arau sozial berri eta arriskutsu bat sortu dugula uste du. Kontua ez da soilik euskara haurren hizkuntza izatea. Kontua da haurrek barneratu egin dutela euskara haurren eta helduen artean interaktuatzeko hizkuntza dela. Haurrek ikasi dute helduekin euskaraz hitz egin behar dutela, baina euren artean gaztelaniaz egin dezaketela.

Mereziko luke datu hori hobeto aztertzea.