Prospektiba-ariketak?

WIKIPEDIAREN arabera, etorkizuna aztertzen duen zientzia da prospektiba, etorkizuna ulertzeko eta etorkizunean eragin ahal izateko. Prospektiba-analisi batean, aldagai kritikoak definitzen dira, eta aldagai horietako bakoitzaren balizko bilakabideak aztertu. Horren arabera, etorkizuneko agertoki edo jokaleku ezberdinak irudikatzen saiatzea da helburua; gehienetan hiru: bat kontinuista, bigarrena baikorra eta hirugarrena ezkorra. Non egongo gara X urte barru, egoera gutxi gorabehera gaur bezala jarraituz gero? Eta aldagai kritikoek nabarmen hobera egingo balute? Aldagaiak okertzeko arriskurik al dago? Ariketa interesgarria (eta tentagarria) da etorkizuna aurreikustea. Ez zaizue iruditzen? Ernest Querolek horri guztiari buruzko artikulu bat idatzi zuen “Treballs de Sociolingüística Catalana” aldizkarian: Per una sociolingüística prospectiva: de la profecia a la prospectiva.

Orain dela urte batzuetatik hona dezente zabaldu da bidegurutze batean gaudelako ideia. Esan izan da hemen eta orain hartzen ditugun erabakiak funtsezkoak izango direla, hemendik hainbat urtera egoera batean edo bestean egoteko. Kontua da… Zein dira jokaleku batera edo bestera eramango gaituzten erabaki horiek?

Orain dela hilabete pare bat hitzaldi bat antolatu zuten Gasteizko Oihanederren: 2040ko Gasteizko euskaldunak. Irudikatzen? Iñaki Mtz de Luna eta Asier Etxenikerekin. Erantzun batzuk jaso nituen bertatik:

BAT. Euskararen jakite-maila hobetzea da gakoetako bat. Ulermenaren unibertsalizazioa aipatu izan da; baina horrekin batera, euskaraz gaztelaniaz bezain erraz (edo errazago) jardungo duten hiztunen kopurua handitzea ere bai. Asierrek hortik jo zuen. Iñaki Iurrebasoren tesia aipatu zuen. Izan ere, Iñaki Iurrebasok defendatzen du, apurtxo bat era probokatiboan, “euskara asko erabiltzen dela dagoen ezagutza-mailarako”. Hauxe da, gutxi gorabehera, argumentazioa: Soziolinguistika inkesta hartzen badugu (>16 urte), Araban % 19,2 da euskaldunen portzentajea (2016ko datuak). Horien artean gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak % 70,8 dira. Hortaz, diferentzia da euskaraz gaztelaniaz bezain ongi edo hobeto moldatzen diren arabar euskaldunen portzentajea: % 29,2, alegia. Proiekzio bat egiten badugu biztanleria osoa kontuan hartzeko, datua harrigarria da: arabarren % 5,6 inguru dira euskaraz gaztelaniaz bezain ongi (edo hobeto) moldatzen diren euskaldunak. Kale-erabilera Araban % 4,6 da. Kasualitatea? Ez dakit zenbakiak ondo dauden, baina argumentazioa horixe da gutxi gorabehera.

BI. Mtz de Lunak ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) ekarri zuen hizpidera. Gaizki ulertu ez badut, bere ustez, aktibazioan eta planifikazioan egon daiteke gakoetako bat: ESEP plan instituzional hutsa izan barik, plan komunitarioa izateko urratsak ematea. Ez dago gaizki esana, baina barkatuko didazue eszeptiko samarra baldin banaiz. Eztabaida zaharra da: euskara plan orokor batek bi dimentsio behar ditu: dimentsio instituzionala eta dimentsio soziala, osagarriak eta ondo lerrokatuak. Agian norabide onean gaude, baina asko dago oraindik lantzeko. [Dimentsio komunitarioaz sarrera bat idatzi nuen duela gutxi: hemen].

HIRU. Ez batak eta ez besteak ez zuten aipatu, baina… hezkuntza izan daiteke gako horietako beste bat? Hezkuntzan ere ziklo baten amaieran gaudela esan da eta aldaketak iragarri dira. Ikusteko daude aldaketa horien tamaina eta eragina. Oraingoz era guztietako erreakzioak ikusi dira.

Kike Amonarrizek oso modu adierazgarrian azaldu ohi du hau guztia:

“Norantz joko du gero eta euskaldunagoa den belaunaldi berri honek? Euskara izango du gero eta gehiago hizkuntza nagusi? Edo euskaraz jakin arren erdaraz egiten jarraituko du, besteak beste, gure belaunaldiak eskaintzen dizkion lanerako eta sozializaziorako eremu nagusiak erdarazkoak direlako?  Hurrengo hamarkadetan, Europako hizkuntza normalizatuen bidean jar gaitezke edo Irlandako sinbolismoaren norabidea hartu”.

Zuek nola ikusten duzue?