Gazteak eta kristalezko sabaia

HIZKUNTZA POLITIKARAKO Sailburuordetzak GU GAZTEOK txostena argitaratu zuen 2016an, Euskararen Aholku Batzordearen enkarguz. Oso lan txukuna da: laburra, zuzena eta esanguratsua. 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasuna aztertu eta zazpi ondorio proposatu ditu. Honatx:

  1. Euskara zaharren hizkuntza izatetik haur eta gazteen hizkuntza izatera pasa da
  2. Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, euskara ikasi dute eta euskararen (hizkuntzaren) kulturan sozializatu dira
  3. Euskarak gazteei eskaintzen dienari begiratu behar diogu
  4. Euskararen kulturari erreparatzeko beharra eta euskararen kultura erreparatzeko beharra
  5. Gazteen euskararen erabileran bi helduleku nagusi daude: ohitura eta diskurtsoak
  6. Gazteen praktika-komunitateetan gaztelaniak presentzia handia du
  7. Gazteen hizkuntza-praktiken bi ezaugarri nagusiak: nahasketa eta mudantza

Ikerketa partehartzailea da, eta zentralitatea ematen dio gazteen ikuspegiari. Barru-barrutik begiratzen dio gazteen errealitateari.

Beste ikuspegi batetik, bi kezka eta arrisku aipatu izan dira, gazteen egoera linguistikoari erreparatzeko:

  • Euskararekiko atxikimendu likido(ago)a.
  • Helduen hizkuntza-praktiken nagusitasuna eta erreferentziagarritasuna.

Lehenaz Jon Sarasuak hitz egin du sarri:

“Bizitza guztian ikastolan ikasi duen ikasle batek, mila teorema eta teoria ikasi ditu euskaraz, baina ez daki hizkuntz gatazka dagoen herri batean minimoki manejatzen, euskaldun koherente izaten. Daukan atxikimendu likido horrekin, ez du inolako arazorik erderara pasatzeko”

Horri aurre egiteko baliabideak ematea proposatzen du Sarasuak: espresiozkoak, arrazoibidezkoak, emozionalak…

Bigarrenaz Kontseiluak ohartarazi du, duela gutxi:

Kontseiluak ohartarazi du haurretan eta gazteetan izaten ari den aurrerabidea talka egiten ari dela “kristalezko sabai” batekin: helduen artean gehiengoa direla erdaldunak, gizartearen funtzionamendua erdarazkoa dela, eta hor aurrera egin ezinda daudela belaunaldi horiek. Ildo horretan, ikasitako babesgabetasuna kontzeptua aipatu dute: “Euskaraz hitz egiteko ahalegina egin eta lortu ez duenak, estresaz harago, egoera sozialera egokitzeko jokabidea izango du”.

Oso gustukoak ditut metaforak. Kristalezko sabaia generoaren inguruan sortutako metafora da: emakumeei goi-karguetara heltzea galarazten dien oztopo ikusezina da kristalezko sabaia. Beste hainbat alorretan ere erabili izan da, era guztietako minoriak dituzten trabak agerian jartzeko.

Nago Kontseiluak kontzeptua oso-oso era egokian erabiltzen asmatu duela! 

Zoritxarrez! ;-(


 

 

 

Hizkuntzek eskubiderik al dute?

Behin eta berriro errepikatu ziguten eta kasik sinistera iritsi ginen: “Los ciudadanos son quienes tienen derechos lingüísticos y no los territorios ni mucho menos las lenguas”. Hizkuntzek ez dute eskubiderik, antza. Soilik herritarrek.

Martxoaren 15ean, Zeelanda Berriko parlamentuak, lege baten bidez, Whanganui ibaiari nortasun juridikoa eta eskubideak aitortzea erabaki zuen. Whanganui ibaia maori herriaren ibai sakratua da. Ibaiaren ongizatea haien ongizateari lotua dago.

Kosmobisio eurozentrista batetik, erabaki hori aberrazio juridiko bat da. Objektu material batek ezin du eskubide juridikoen subjektu izan. Kontserbadoreek termino horietan kritikatu zuten erabakia: “Ibaia ez da gizaki bat, ez du hankarik, ez gorputzik, ez bururik. Nola aitortu, bada, nortasun juridikoa eta eskubideak?”

Lehen ministroaren erantzuna antologikoa izan zen: “Eta enpresa bat? Enpresa batek hankarik, gorputzik eta bururik al du? Eta ez badu, zer dela-eta da horren erraza nortasun juridiko erabatekoa aitortzea?”

Istorioa Boaventura de Sousa Santosek kontatu du Público egunkarian. Hemen: Para una sociología de las emergencias

Hizkuntzak, emozioak, sentimenduak…

POMPEU FABRA KATEDRAREN HIRUGARREN JARDUNALDIAK “El sentiment de pertinença i la llengua” izan du hizpide: emozioak, sentimenduak eta hizkuntzak. Bideoak youtuben argitaratu dituzte eta han kuxkuxeatzeko aukera izan dut.

Carme Junyent irakasle mundiala da. Hitzaldian identitate anitzak defendatu ditu:

  • Bere ustez identitatea nagusiki hiru irizpidetan oinarritu izan da: arraza, erlijioa edo hizkuntza.
  • Arraza oso kontzeptu eztabaidagarria da. Eztabaida horretan sartu gabe ere, arrazan oinarritutako identitateek badute arazo bat, ezin baitira hautatu. Ezin dira eskuratu. Bazara edo ez zara.
  • Erlijioaren kasua ezberdina da. Erlijio berri bat adoptatu ahal duzu, eta horrekin identitate erlijioso berri bat hautatu. Baina identitate horiek ez dira metagarriak. Baztertzaileak dira. Pertsona bat nekez izango da multi-erlijiosoa. Horrelako gutxi dago munduan.
  • Hizkuntzan oinarritutako identitateak, ordea, hautagarriak eta metagarriak dira. Horra hor beren abantaila: erabat posiblea da bertoko identitatea adoptatzea, jatorrizko identitateari uko egin gabe.

Beste bi apunte interesgarri utzi ditu:

  • Bada ideologia linguistiko bat, hizkuntza komunikatzeko tresna soil bat dela defendatzen duena. Behin komunikatzea lortuta, alferrik gainontzeko guztia. Ideologia horrek badu indarrik, oraindik ere. Dena den, ez da kasualitatea ideologia erabat elebakarra izatea.
  • Errepublika katalanaren hizkuntza ofizialari buruz galdetu diote. Ofizialtasunaren inguruan, oro har, eszeptikoa da: “hizkuntza handiek ez dute ofizialtasunik behar, eta hizkuntza txikiei ofizialtasunak ezer gutxi aportatzen die praktikan”. Ez dut uste Nafarroa eta Iparraldeko euskaldunak iritzi berekoak direnik, baita tira… Bi gauza besterik ez du eskatzen berak: (a) katalana beharrezkoa izatea, eta (b) gaztelania derrigorrezkoa ez izatea. Horrekin konformatzen dela dio. Geuk ere sinatuko genuke, ezta?

Sarrera-hitzaldiaren ondoren hiru hiztun berri aritu dira: Gagandeep Singh [Un sikh a Catalunya], Najat El Hachmi [Arrelar llegint] eta Matthew Tree [El poder de les llengües, a Catalunya i més enllà].

Ideia batzuk:

  • Bizi-bizia da kanpokoak izan eta hizkuntza gutxitua bereganatu duten hiztunen esperientzia. Antzeko anekdotak kontatuko dizkizute behin eta berriz: botikan katalanez eskatu eta musu bi ematera hurbildu zaien amona, edota entzutearekin batera jarrera erabat aldatu duen dendaria… Oso-oso berezia da anekdota horiek nolako indarrarekin eta nolako ilusioarekin kontatzen dituzten entzutea. Emozioez eta sentimentuez hitz egiten dute bete-betean.
  • Matthew-ek kontatu duenaren arabera, Portugalen ere antzeko zerbait gertatzen da, portugesa hizkuntza gutxitua ez bada ere. Portugal modan dago eta ohituta daude turistekin; baina ez daude batere ohituta portugesez komunikatzen saiatzen diren turistekin… Aukera baduzue, egin proba.
  • Hizkuntza batek sortzen dituen emozioen tamainak ez du zerikusirik hizkuntzaren tamainarekin (edo bai, baina —izatekotan— alderantziz proportzionalak lirateke). Ingelesa nazioarteko hizkuntza izatera iritsi da. Ingelesa ikasten duen jendeak elkarrekin komunikatzen du. Baina ingelesak ez die balio bere emozioak, sentimenduak eta barneko bulkadak adierazteko. Erdi bidean gelditzen dira.
  • Memoria da historiaren intimitatea. Historia botere-harremanez zipristindua dago. Memoria librea da. Najat El Hachmik Montserrat Roig idazlearen eskutik ezagutu zuen Herrialde Katalanetako garai bateko memoria eta idatz-zaletu egin zen. Bere liburuetan harek ezagututako immigrazioaren memoria kontatu nahi izan du; memoria emozioa baita.

Hitzaldi hauek guztek Nelson Mandelaren esaldi ezagun hura gogorarazi didate: gizon edo emakume bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara; bere hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, berriz, bihotzera iritsiko zara

Aukera baduzue, bideoak ikusi. Merezi du.