Kolonialismoaz zertxobait

(1)

Euskaltzaindiak Allande Sokarrosen omenez argitaratu duen liburua irakurtzen ari naiz: bere testu batzuk, zenbait elkarrizketa eta lagunen testigantzak ageri dira bertan. Jakin aldizkaritik jasotako testu batean (151 zk.) euskaldunok herri kolonizatua garela dio Allandek:

Euskara da zokoratua eta baliabiderik gabe utzia den hizkuntza eta, aldiz, euskaldunak, euskal hiztuank gara euskaldunen zokoratzaile bezala agertzen garenak eusakraz mintzatzeagatik… Edo, beharbada, guk geuk geure buruari zokoratzaile izatea egozten diogu oharkabean. Konolizatuaren sindromea nonbat… Albert Memmi gogoetalari eta idazle tunisiarrak hain ongi aztertu duena “Portraut du colonisé” saiakera entzutetsuan.

Irakurri dudan apurragatik, Alber Memmi nahiko polemikoa suertatu zen gerora, Palestinaren okupazioaz egin zuen defentsa sutsuagatik. Baina horrek ez die baliorik kentzen kolonizazioari buruz idatzi zituen hasierako testu horiei.

Txillardegik Alber Memmiren testu bat euskaratu zuen aspaldian: kolonizatuaren ezugarria. Senez aldizkarian eskuratu daiteke, 43. zenbakian: hemen.

(2)

Joseba Sarrionandiak ere kolonizazioaz hitz egin du, Anboto aldizkarirako egin dioten elkarrizketa batean:

Nerabeak eta beste guztiak erdaraldi etengabean bizi gara. Kolonizaturik gaude; hain kolonizaturik ze, kolonizaturik gaudela ere ezin dela esan. Dena normal dagoela esan behar dugu, eta egiten duguna libreki aukeratzen dugula. Jarrera antikoloniala erretorikoa ez denean txarto ikusita dago, kolonialismoa unibertsala delako, eta badakizu kolonizatuak korrektoa izan behar duela onartua izateko. Ez dut ez apokaliptikoa ez integratua izan gura. Baina arazo soziolinguistikoak ditugu, eta arazo linguistikoak, eta arazo politikoak, eta arazo ekonomikoak, eta arazo kulturalak. Eta oso guai daude gure euskaraldiak gure erdaraldian. Baina euskaldunok dena dugu egiteko.

Zer pentsatua ematen du. Ez zaizue iruditzen?

(3)

Ngũgĩ wa Thiong’o idazleak  gogoeta interesgarriak egiten ditu kolonialismoaz, “Descolonizar la mente” liburuan (sentitzen dut… gaztelaniaz eskuratu nuen). Bere ustez, kolonialismoaren lorpenarik handiena da gure kultura lotsaz begiratzea, eta gu guztiok beste kultura nagusiago bati begira jartzea. Kolonialismoak ustez globala den kultura mendebaldetarra (edo amerikarra, frantziarra, espainiarra…) erdigunean jartzen du eta gurea zokoratu. Ngũgĩ wa Thiong’o-k erdigunea mugitu beharra aldarrikatzen du: geure kultura geure erdigunean jarri bai, baina gainerako kulturei begirunez begiratuz. Erdigune anitzak behar ditugula dio, eta ez beste erdigune absolutu bat. Polizentrismoa defendatzen du. Aniztasuna. Kultur aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna: giza-irudimena areagotzeko eta herri txikiak zapalkuntzetatik askatzeko.

(4)

Txillardegik Parisko kafetegi batean bi gazte afrikarrekin izan zuen elkarrizketa kontatzen du “Kronikak” liburuko testu batean. Kolonialismoaz, gazteek honela argudiatzen zuten:

Noski! Europarrok ez duzue Afrika konprenitzen. Hura oso da diferentea, zinez. Gure artean, esate baterako, inon ez da gertatzen inork norberaren hizkuntzaz besterik ezer ez jakitea. Han denok dakizkigu, geureaz gain, eta gutxi gorabehera bederen, bi, hiru, are lau hizkuntza ere; eta horrela inguruetako etnia guztiak, praktikaren eta egiazko bizieraren mailan, oso loturik daude, gaurko Europan sumatu ere egin ezin daitekeen eran.

Hori ote da Ngũgĩ wa Thiong’o-k defendatzen duen aniztasuna? Nago Euskal Herrian ere aniztasunaren ikuspegi propio bat lantzea komeni zaigula. Geure kultura geure erdigunean jartzeko lanean jarraitu, eta beste kulturen erdiguneak estimatu

(5)

Testu gehiago hemen:

Eleaniztasuna dekolonizatzea

ALISON PHIPPS Glasgowko unibertsitateko irakaslea da. Errefuxiatuei lotutako gaiak lantzen ditu, kulturartekotasuna, eleaniztasun kritikoa, hizkuntzen irakaskuntzaren ikuspegi dekoloniala eta abar. Horietako kontu asko Decolonising Multilingualism (Struggles to Decreate) liburuan azaltzen ditu. Idazkera berezia erabiltzen du: prosaren eta poesiaren hibrido moduko bat. Atal bat Interneten eskuratu ahal da: Manifestu txiki bat eleaniztasuna dekolonizatzeko (pdf).

Haren ideietako asko erdi-euskaratu eta erdi-egokituz gero, honelako zerbait gera liteke:

Eta... egia balitz
ene eleaniztasunak
menperatu eta azpiratu egiten dituela
hizkuntza txiki zenbait?
Eta egia balitz?

Eleaniztasuna dekolonizatu behar badugu...
zeren zain gaude?
Egin dezagun!
Ez da behar teoria gehiago,
Baina egin behar da.
Egiten ahalegintzea da egiteko modu bakarra.

Egin behar badugu,
Hegoalde globalera begira dezagun,
Bada hor zer ikasi.
Badira hor erreferente baliotsuak.
Egin behar badugu, inprobisatu dezagun.
Sor ditzagun ideia berriak.
Dekolonizazioa arte bat da. Sormena.

Egin behar badugu, bidaideak beharko ditugu: aliatuak eta konplizeak
Elkarrekin konspiratu egingo dugu;
con-spirāre: elkarrekin hartu arnas.
Egin behar badugu, errelato bat beharko dugu, poetika bat,
aktibismoa ere bai.

Egin behar badugu... maila bietan egingo dugu:
lokalean eta globalean.
Tokiko hizkuntzak erabiliko ditugu:
komunitateek beren mundua izendatzeko erabiltzen dituzten
eleak eta aleak.
Egin behar badugu, hizkuntza txiki anitzetan egingo dugu.

Hainbat burutazio 😉

  • Bat. Hizkuntza indarberritzeaz ari garela, Kataluniara, Quebecera edo Europara begiratu izan dugu sarri. Gehienok berriki hasi gara ohartzen hegoalde globalean ere badela erreferenterik eta ikasbiderik. Izen batzuk orain hasi gara ezagutzen. Esperientzia batzuk ere bai.
  • Bi. Dekolonizatzea autozentratzea ere bada, eta gure tradizioari begiratzea. Askoren ustez, Txepetx izan zen euskal soziolinguistika kritikoaren sortzailea. Gehiegi esatea ote da? Agian. Baina merezi du haren ideiak errebindikatzen jarraitzea; beste hainbat erreferenterekin batera. Niretzat badira izen funtsezkoak: Txillardegi (jakina), Joxe Azurmendi, Erize, Inazio Agirre… bakan batzuk aipatzeagatik.
  • Hiru. Hizkuntzen pedagogia ere dekolonizatu beharra aldarrikatzen du Alisonek. Euskaltegien munduan gauza interesgarriak egin direla iruditzen zait; baina, orohar, esango nuke ingelesaren irakaskuntzari lotuegi garatu dela. Ez da kritika bat. Logikoa ere bada: negozio bat da ingelesaren irakaskuntza, eta negozioa dagoen lekuan egon ohi da ikerketarako dirua. Baina… gogoratzen duzue AEK-k argitaratzen zuen ELE aldizkaria? Lehenengo zenbakietan Ekintza Bidezko Ikaskuntza edo Kulturgintza izeneko metodologia landu zuten luze-zabal. Zer esango dizuet, bada! Nabaria da Paulo Freireren eragina. Ahaleginak egin ziren ideia horiek praktikara eramaten, baina ezin izan ziren errotu. Batzuetan inpresioa dut egun puri-purian dagoen Ataza Bidezko Ikaskuntza badela, nonbait, haren bertsio desideologizatu moduko bat.
  • Lau. Hezkuntza arautuaren kasuan ere joera berriak omen datoz. Translanguaging da modako hitz berria. Haren arabera, eskolan hizkuntza guztiek izan behar dute lekua, eta ez omen da egokia hizkuntza bakoitza era isolatuan landu nahi izatea, gizartean isolatuak ez daudelako. Iñaki Martinez de Lunari zeozer irakurri diot horretaz. Haren ustez, arriskutsua izan daiteke kontzeptu hori besterik gabe gureganatzea. Desastre txiki bat izan liteke, horrek euskarari lekua murrizten badio. Beharrezkoa da, haren esanetan, aurrez lanketa kritiko bat egitea: irakurketa propio bat, gure errealitatetik abiatuta. Guk geuk definitu behar dugu gurean kontzeptu hori nola aplikatu.

Alison Phippsekin jarraitzera animatzen bazarete, badu TED hitzaldi horietako bat youtuben. Hemen: Mundu eleanitzetan bizitzen ikastea. On egin!

Ez nuke laburbiltzen jakingo…

Inoiz gertatu zaizue? Hitzaldi bat entzun, testu bat irakurri… eta zapore gazi-gozoarekin irten. Ez duzue osorik ulertu. Ez dakizue ezta tutik ere ulertu ote duzuen. Ez zenukete jakingo esaldi bakar batean laburbiltzen. Ezta bi orritan ere ez zenukete laburbiltzen jakingo. Baina txit interesgarria iruditu zaizue.

Ez egin barre! Niri gero eta gehiagotan gertatzen zait.

Esate baterako. Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan hitzaldia eman zuen Jacqueline Urla irakasleak: «hiztunarengan ardaztutako hizkuntza plangintzaren diseinua». Asteotan bideoa berrikusteko aukera izan dut, eta bigarren entzunaldian iruditu zait hobetoxe ulertu dudala. [Gehiegi ez e! ez pentsa!]. Jaquelineren tesia da orain arteko planifikazio linguistikoek hizkuntza izan dutela ardatz; edota gizartea, konstruktu orokor eta homogeno gisa ulertua. Hizkuntza politika etorkizunean hiztunengan ardaztu behar dela defendatzen du, aniztasunari eta hetereogeneotasunari ateak irekitzeko. Hiztun berriei buruz egin diren azterketek horixe utzi dute agerian: hiztunak askotarikoak dira, anitzak. Praktikak, motibazioak, hizkuntza-ibilbideak… Hizkuntza politika zabaldu beharra dago, bere baitan euskararekiko atxikimendu mota eta euskararekin konprometitzeko modu ezberdinak biltzeko.

Trantsizio baten beharra aldarrikatu du, eta horretarako Arturo Escobarren liburu bat gomendatu du: «Designs for the pluriverse».

Escobarren ustez, munduan erabat nagusitu da modernitatearen kosmobisioa. Erabat hegemoniko bihurtu zaigu. Inposatu egin digute, egia absolutua horixe dela sinistera iritsi garenera arte. Kosmobisio indigenek (baita modernitate aurreko Europako kosmobisioek ere, horiek ere indigenak baitziren) bestelako ikuspegia ematen dute. Modernitateak errealitateak “zatitu”, “banandu” eta “isolatu” egiten ditu, hobeto atzemateko eta hobeto azaltzeko; kosmobisio indigenak, ordea, holistikoak dira eta interdependentzia aldarrikatzen dute. Modernitateak norbanakoari begiratzen dio; kosmobisio indigenek, komunitateari. Modernitateak homogeneotasuna maite du; kosmobisio indigenek, heterogeneotasuna. Modernitatetik harago, beste unibertso batera trantsitatu beharra proposatzen du; edo, hobe esanda, pluribertso batera, hura ezinbestean anitza izango baita. Zapatistak parafraseatuz: bere baitan unibertso ugari bilduko dituen unibertso bat («un mundo donde quepan muchos mundos»).

Iruditu zait Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek ere antzeko ideiak proposatzen dituztela «Trikua esnatu da» liburuan. Haien ustez, feminismoak asmatu egin du norberetasuna (aniztasuna) eta gutasuna uztartzen eta txirikordatzen:

” egunero-egunero, nor izate indibidualetan, gorputz zehatzetan, tentsioz eta gatazkaz mamitzen diren auziez ari da, milaka pertsonaren bizi arazo indibidual eta zehatzei erantzuten.”

“Baina, aldi berean, feminismoak ez du borroka kolektiboaren zantzua galdu. Are, ustez identitate auzi bat dena, partikular bati dagokiona —askotariko emakumeengan gorpuzten den emakumea-ri, nolabait adieraztearren—, demokrazia auzi bat bihurtu du, unibertsal bat, demokraziaz eta justizia sozialaz arduratzen diren denei dagokiena”.

Honaino, bada, gaurkoa. Zuen interesekoa baldin bada, oparitxo bat uzten dizuet. Arturo Escobarren liburua aurkitu dut sarean; hemen: «Design for the pluriverse». On dagizuela, eta zaindu!