Kolonialismo linguistikoa (bat)

hizkuntz_borroka_euskal_herHIZNET IKASTAROKO LAN BATEAN (Beñat Garaio: ba al dago euskararen gatazkarik?) Ninyoles-en aipu bat irakurri dut: “para comprender el conflicto lingüístico en cualquier sociedad histórica debemos acudir al conocimiento de su génesis”. Hizkuntzaren historia soziala aztertzeak badu horretatik asko: memoria-ariketa bat da, beharrezko bezain osasungarria. Ordezkapen prozesua, kolonialismo linguistikoa, glotofagia… kontzeptu erabilgarriak eta eraginkorrak izan dira euskararen soziolinguistikan, honezkero “erosoak” ez badira ere.

Kolonialismo linguistikoaz 70eko hamarkadako bi erreferentzia aurkitu ditut Euskaltzaindiaren web orrian: Hizkuntz Borroka Euskal Herrian liburuan lehena, eta 78ko artikulu bat Anaitasuna aldizkarian, Goierriko euskal eskolek sinatutakoa. Interesgarriak iruditu zaizkit eta horien aipua hona ekartzea pentsatu dut.

Hizkuntz Borroka Euskal Herrian liburuak SIADECOren sinadura du. Garai hartan, Euskaltzaindiak eskatuta, “Euskararen Soziolinguistika Azterketa” egin zuen Siadecok. Sanchez Carrión (Txepetx) eta Iñaki Larrañaga hor arituko ziren, ziur aski. Handik gutxira, ikerketa horren laburpena argitaratu zen liburu formatuan: Hizkuntz Borroka Euskal Herrian. Han, hizkuntza ordezkapenari buruzko ibilbideari errepasoa eman ondoren, zenbait ondorio atera zituzten:

  • Espainiako indar zentralak etapaz-etapako eta luzera handiko kolonialismo linguistikoa ezarri du, gaztelaniaz, beste hizkuntzekiko.
  • Kolonialismo linguistiko hau Austriekin hasi zen, Borboiekin zorroztu, eta diktadura frankistaz izan du adierazpiderik basatiena.
  • Bizi ditugun postfrankismoko garai hauetan, Estatu espainolak hasitako politíka linguistikoak ez du euskaldunon errotiko problema kulturalaren larritasuna kontutan hartzen; eta, beraz, ez da errealista. Badirudi emaitza berdinak lortuko dituen taktika berrien bila dabiltzala: gaztelaniaren hegemonia eta euskararen ezinbesteko heriotz pausatua, komunikabide-hizkuntzen arloan.

Bigarren testua oso bestelakoa da. 1978ko urrian argitaratu zen  Hizkuntz kolonizapena izenburuarekin eta euskara lantzera eta erabiltzera deitzeko manifestu baten formatua zuen. Hona zenbait pasarte:

Hizkuntzaren arloan gure egoera hizkuntz kolonialismoaren ondorio bat dela esatearekin, berealdiko aurkikunde bat egin bagenu bezala, gure hartan gelditzen gara, eta kolonizatzaileen hizkuntza erabiltzen dugu: espainola nahiz frantsesa. Eta hor dago kakoa. Hor dago gure okerra. /…/ Hizkuntz kolonialismoa borrokatzeko, edozein eratako kolonialismoa bezalaxe, ez dago bide bat besterik: kolonizatuen konzientzia esnatuz, kolonizatua dagoen herriko balioak indartu eta berbiztu /…/ 

Hona bada. Hizkuntz kolonialismoaren sare maltzur horietatik libratzeko bide bakarra: geure hizkuntza erabiltzea hizketan, idaztean, irakurtzean; geure hizkuntza, euskara, erabili nonahi eta beti etxean, kalean, lantokian, jolasean, kiroletan… Bestetik, euskara erabil erazi Administralgoan, Eskolan, Komunikabideetan, Zerbitzu publiko eta pribatu guztietan.

Horrela bakarrik hautsi ahal izango ditugu kolonialismoaren katemaila maltzur horik.

Testu biak Euskaltzaindiaren web orrian eskuratu daitezke:

Gary Snyder eta hizkuntzen ekologia

Portada-La-Práctica-de-los-Salvaje1JACK KEROUACK idazleak The Dharma Bums (Los Vagabundos del Dharma) idatzi zuen 1958. urtean. Liburuak badu eszena bat, niri oso oso gertukoa egiten zaidana:  bi protagonistak menditik behera jaisten ari dira arrapaladan. Ziur nago oso irudi ezaguna egiten zaizuela. Harri solteen artean saltoka, aldapan behera eta ordubeteko bidea minutu gutxitan desegin.

Jack Kerouack-ek honela kontatzen du:

Jazzaren abiadura hartu zuen denak. Gora begiratu, eta Japhy ikusi nuen mendian behera korrika. Bost metroko jauziak ematen zituen eta lurra hartzen zuen orpoen gainean. Bitartean oihu egiten zuen. Gaixoa ni! Orduan ulertu nuen mendi batetik ez dagoela erortzerik. Neu ere maldan behera hasi nintzen bere atzetik, salto eta jauzi. Bost minutuan  jaitsi ginen, ahuntzen moduan edo bi txinatar txororen gisan /…./ Oihu batean, laku ertzera iritsi nintzen, zapatilen orpoa lokatzetan tinkatu, eta han geratu nintzen; bizipozez. —A, Japhy, oraingoan ere ikasgai ederra erakutsi didazu: ez dago mendi batetik erortzerik! —Halaxe dio esaera zaharrak: “Mendi baten gailurrera iristen zarenean, igotzen jarraitu, Smith”.

Liburua biografikoa da neurri handi batean. Jack Kerouack da narratzailea. Japhy-ren atzean Gary Snyder dago. Snyder Estatu Batuetako kontrakulturaren ikono bat da: idazlea, poeta, itzultzailea, hizlaria eta aktibista. Ez dut bere testuen euskarazko itzulpenik aurkitu.

Berriki “La practica de lo Salvaje” liburua argitaratu da. Ingelesezko bertsioa 1990koa da… Orain dela 26 urte idatzia da, eta, oraindik ere, oso gaurkoa egiten zait. Liburuak hainbat gogoetagai ditu: ekologia, kontzientzia, natura, lurra, espiritualitatea, hartz batekin ezkondu zen emakumearen istorioa, eta pasartetxo bat gorde du, hizkuntzaren ekologiaz jarduteko:

Hizkuntzaren ekologiaz hitz egiteko, lehen lehenik onartu behar dugu hiztun bakoitzaren baitan errepertorio zabal bat bizi dela: kodeak, dialektoak, soziolektoak… baita familia ezberdinetako hizkuntzak ere, batzuetan. John Gumperz irakasleak (1964)  Indiako herri baten egoera tipikoa deskribatzen du: bertako gehienek lekuan lekuko dialektoak dituzte lehen hizkuntza. Intokableen kastako pertsona batzuk, ordea, hizkuntza propioak dituzte. Horrez gain, hainbat aldaera dago, mailaren arabera. Bertoko dialektoaren aldaera bat erabiltzen da inguruko azoketan saltzaileekin negoziatzeko. Erlijioso aszetekin beste aldaera bat erabiltzen da… Litekeena da Khrisha gurtzen duten ibiltari aszetekin braj bhasa hizkuntza erabiltzea, eta Rama gurtzen dutenekin avadhi erabiltzea. Hindi estandarra erabiltzen da kanpotar ikasiekin hitz egiteko; urdua, ordea, negozioetarako edota musulman ikasiekin hitz egiteko. Jende eskolatuak ingelesa hitz egiten du, eta beste batzuek sanskritoa ere bai. Hizkuntzen eta aldaeren nahasketa hori lekuan lekukoa da, baita erabat naturala. Hau da, lekuan lekuko naturan sustraitua dago. Leku batetik bestera aldatzen da, jakina; baina —neurri batean— berdina da mundu osoan.

Izenburu bera duen dokumental bat egin berri dute: “The Practice of the Wild”. Gustura ikusiko dut.