Hizkuntza gutxituak eta garapen iraunkorra

Nazio Batuen Erakundeak abian du Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda. Marko horren baitan, 17 helburu definitu ditu, mundua hobetzeko: Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) dira. Horien bidez, pobrezia ezabatu, desberdintasunak murriztu eta klima-aldaketaren aurka egin nahi da, inor atzean gelditzen ez dela bermatuz.

Hizkuntza aniztasuna modu esplizituan aipatzen ez bada ere, hor atzean dago. Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak ageriago adierazteko beharra aldarrikatu, eta 17+1. helburua proposatu du, hizkuntza eta kultura aniztasunaren berme izateko. Izan ere, Unesco Katedraren ustez: “doktrinak eta esperientziak behin eta berriro erakutsi dute hizkuntzak ekonomiaren motore direla, giza-kohesioaren eta bakearen bultzatzaile eta azken batean giza eskubide kontu bat, horregatik garapen iraunkorrak nahitanahiez kontuan hartu behar ditu.”

Proposamena erakusketa baten bidez zabaldu zuten. Itziar Idiazabal irakasleak haren berri eman zuen bideo honetan:

Garapen iraunkorrerako helburu horiek maila mikrora eta tokian tokikora jaistea izan da hurrengo urratsa: gobernuek, udalek, enpresek eta gainerako entitateek ere helburu horiek lortzeko zer egin ahal duten definitzea alegia. Instituzioen kasuan, agintaldiko planak eta GIH helburuak ondo lerrokatzea eskatu da, antza. Udal hauteskundeen ondoren, han eta hemen, garapen iraunkorrerako helburuen aipamena ageri da, baina esango nuke, hizkuntza aniztasuna erabat inbisibilizaturik geratu dela.

Enpresaren munduan adibide interesgarri bat edo beste ikusten da, halere. Katalunian, Respon.cat entitatea horretan ari da. Erakundeen Gizarte-Erantzukizuna sustatu eta bultzatzen duen entitate bat da. Enpresen eta entitateen lehiakortasuna eta jasangarritasuna lantzen ditu, eta, besteak beste, enpresetan Garapen Iraunkorrerako Helburuak sustatu nahi ditu, enpresen Gizarte-Erantzukizunearen ikuspegian integratuz. Euren ustez, berezko nortasuna duten gizarteetan, bi arrazoirengatik da funtsezkoa enpresentzat nortasun hori balioestea: (a) bidezkoa delako aniztasunaren defentsa enpresaren etikan txertatzea, eta (b) ona delako bezeroen eta hartzaileen espektatibak kontuan hartzea eta asetzea.

Hori guztia GIHetako 11. helburuari lotuta dagoela argudiatzen dute: hiri eta komunitate sostenibleak, alegia. Alde horretatik, erantzukizun linguistikoa gizarte-erantzukizunaren parte dela defendatzen dute, eta erabat lerratuta dagoela garapen iraunkorrerako helburuekin. Horren berri hemen eman dute.

Bultzada txikien indarra: nudgegintza

JEAN-CLAUDE CORBEIL Quebeceko soziolinguistak komunikazio instituzionalak eta komunikazio indibidualizatuak bereizi zituen, dinamika soziolinguistikoak hobeki azaltzeko. Horren arabera, posiblea da hizkuntza komunitate batek komunikazio instituzionalizatuetan aurrera egitea, eta komunikazio pertsonalizatuetan atzera. Horrelako adibide ugari ditugu, eta ez oso urrun. Egia esanda… ez da horren sinplea. Ikuspegi sistemiko batetik, elkarreragina da, beti ere. Komunikazio instituzionaletako erabilerak eragina du pertsonarteko erabileran, eta alderantziz.

Horiek horrela, Albert Bastardas irakasleak mikropolitika linguistikoak aldarrikatu izan ditu pertsonarteko erabileran eragiteko. Bere ustez, ahalegin bat egin behar dugu hizkuntza jokabideen atzean dauden mekanismoak ulertzeko, eta horietan eragiteko.

Besteak beste, “nudge” kontzeptua proposatu du, ekonomian Richar Thaler-ek formulatu zuen teoriaren haritik. Izan ere, jokabidea estimulu edo ekintza txikien bidez bideratu daitekeela uste du. Bultzada txikiak garantzitsuak dira pertsonek bestela hartuko ez lituzketen hautuak hartzen laguntzeko. Ez da inposizio bat. Testuinguru egokiak sortzea da besteek guri interesatzen zaigun zerbait bat dezaten, behartuak edota “bideratuak” sentitu gabe. Hautatzen uztea, baina testuinguru egokia sortzea hautaketa “ona” izan dadin. Erabakiak ez dira prozesu arrazionalak; erabakiak ez dira hartzen aldeko eta kontrako faktoreak ondo aztertu ondoren. Erabaki txikiak, batez ere, testuinguruaren arabera hartzen dira… eta ez dago testuinguru neutrorik. Politiketan, hortaz, bidezkoa da gure helburuetarako testuinguru egokiak eraikitzea: erabakien arkitektuak izatea.

Horri guztiari “paternalismo libertarioa” deitu dio Thaler-ek bere liburuan. Ingelesez, “Nudge: Improving Decisions About Health, Wealth, and Happiness” du izenburua. Gaztelaniaz, “Un pequeno empujon (Nudge)”.

Adibide batzuk:

  • Hainbat herrialdetan pentsatzen hasi dira pentsio-funtsetan izena emateko prozedura automatikoa izatea. Gero, jakina, norbera libre da, nahi izanez gero, baja emateko.
  • Internet ere mundiala da horretarako. Zapata berriak erostekotan, begiratzen ari zarela: “Artikulu hau agortzear dago. Bi ale besterik ez da geratzen” agertuko da. Zaila da abisu horri aurka egitea. Liburu bat erosi berri duzula ere, antzeko oharra agertuko da: “Liburu hau erosi dutenek hau eta hau ere erosi dituzte. Erosi nahi dituzu?”.
  • Konturatu zarete? Janariak zapore hobea du izen luze edo exotikoa duenean. Zer nahiago duzue bigarren platerako? Arraina ala Arrain zuria erroma erara limoiarekin? Diotenez, eraginkorragoa da janari osasuntsua ikusgarriago egitea, zabor-jana debekatzea baino.
  • Zergak ordaintzeko orduan, ohartxo bat bidali ohi dute Estatu Batuetan. Azterketa txiki bat egin zuten hiru mezurekin: lehenak zergak ordaintzearen onura sozialak azpimarratzen zituen; bigarrenak zergak ez ordaintzearen ondorio legalak; eta hirugarrenak, herriko zergadunen artean gehiengo handi batek zergak ondo eta garaiz ordaintzen zituela informatzen zuen. Hirugarrena izan zen eraginkorrena. Antza denez, ez da komeni eragin sozialaren indarra gutxiestea.

Horiek guztiak nudge-ak dira: bultzada txikiak. Gure arloan ere egin izan dira, eta gehiago egin litezke. Esate baterako, nudgeak dira honako hauek:

  • Ordenadore edo mugikorretako sistema eragina defektuz euskaraz izatea.
  • Erakundeetako harrera guneetan, hizkuntza paisaia lehentasunez euskaraz izatea. Lehen hitza euskaraz izatea…
  • Kirol saioak programatzeko orduan, euskarazko saioak ordurik egokienean antolatzea.
  • Dena delako ikastaroa, euskaraz bada, merkexeagoa izatea.
  • Telebistako albistegiak berregituratzea. ETB1 eta ETB2. Zeinek ordutegirik onena? Zeinek emango du informazioa osatuago?
  • Liburutegietan eta liburu-dendetan euskarazko liburuak non jarri?
  • Zer egin ahal dugu euskaltegietako matrikulazio-prozesua ahalik eta sinpleena eta ahalik eta azkarrena izateko? Trabak nola kendu? Klik bakar batekin matrikulatzeko bidea nola sortu?
  • Erronka txikiak sortzea eskoletan, X denbora tartean euskara gehien erabili duen gela zein izan den ikusteko eta saritzeko.
  • /…/

Azken batean, hiruki bat sortzea da gakoa: arauak, pizgarriak eta bultzadak.

Albert Bastardasen ustez, gaizki ulertu ez badiot, mereziko luke horren guztiaren lanketa sistematiko bat egitea, eta horien eraginkortasuna ebaluatzea.