Ez nuke laburbiltzen jakingo…

Inoiz gertatu zaizue? Hitzaldi bat entzun, testu bat irakurri… eta zapore gazi-gozoarekin irten. Ez duzue osorik ulertu. Ez dakizue ezta tutik ere ulertu ote duzuen. Ez zenukete jakingo esaldi bakar batean laburbiltzen. Ezta bi orritan ere ez zenukete laburbiltzen jakingo. Baina txit interesgarria iruditu zaizue.

Ez egin barre! Niri gero eta gehiagotan gertatzen zait.

Esate baterako. Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan hitzaldia eman zuen Jacqueline Urla irakasleak: «hiztunarengan ardaztutako hizkuntza plangintzaren diseinua». Asteotan bideoa berrikusteko aukera izan dut, eta bigarren entzunaldian iruditu zait hobetoxe ulertu daudala. [Gehiegi ez e! ez pentsa!]. Jaquelineren tesia da orain arteko planifikazio linguistikoek hizkuntza izan dutela ardatz; edota gizartea, konstruktu orokor eta homogeno gisa ulertua. Hizkuntza politika etorkizunean hiztunengan ardaztu behar dela defendatzen du, aniztasunari eta hetereogeneotasunari ateak irekitzeko. Hiztun berriei buruz egin diren azterketek horixe utzi dute agerian: hiztunak askotarikoak dira, anitzak. Praktikak, motibazioak, hizkuntza-ibilbideak… Hizkuntza politika zabaldu beharra dago, bere baitan euskararekiko atxikimendu mota eta euskararekin konprometitzeko modu ezberdinak biltzeko.

Trantsizio baten beharra aldarrikatu du, eta horretarako Arturo Escobarren liburu bat gomendatu du: «Designs for the pluriverse».

Escobarren ustez, munduan erabat nagusitu da modernitatearen kosmobisioa. Erabat hegemoniko bihurtu zaigu. Inposatu egin digute, egia absolutua horixe dela sinistera iritsi garenera arte. Kosmobisio indigenek (baita modernitate aurreko Europako kosmobisioek ere, horiek ere indigenak baitziren) bestelako ikuspegia ematen dute. Modernitateak errealitateak “zatitu”, “banandu” eta “isolatu” egiten ditu, hobeto atzemateko eta hobeto azaltzeko; kosmobisio indigenak, ordea, holistikoak dira eta interdependentzia aldarrikatzen dute. Modernitateak norbanakoari begiratzen dio; kosmobisio indigenek, komunitateari. Modernitateak homogeneotasuna maite du; kosmobisio indigenek, heterogeneotasuna. Modernitatetik harago, beste unibertso batera trantsitatu beharra proposatzen du; edo, hobe esanda, pluribertso batera, hura ezinbestean anitza izango baita. Zapatistak parafraseatuz: bere baitan unibertso ugari bilduko dituen unibertso bat («un mundo donde quepan muchos mundos»).

Iruditu zait Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek ere antzeko ideiak proposatzen dituztela «Trikua esnatu da» liburuan. Haien ustez, feminismoak asmatu egin du norberetasuna (aniztasuna) eta gutasuna uztartzen eta txirikordatzen:

” egunero-egunero, nor izate indibidualetan, gorputz zehatzetan, tentsioz eta gatazkaz mamitzen diren auziez ari da, milaka pertsonaren bizi arazo indibidual eta zehatzei erantzuten.”

“Baina, aldi berean, feminismoak ez du borroka kolektiboaren zantzua galdu. Are, ustez identitate auzi bat dena, partikular bati dagokiona —askotariko emakumeengan gorpuzten den emakumea-ri, nolabait adieraztearren—, demokrazia auzi bat bihurtu du, unibertsal bat, demokraziaz eta justizia sozialaz arduratzen diren denei dagokiena”.

Honaino, bada, gaurkoa. Zuen interesekoa baldin bada, oparitxo bat uzten dizuet. Arturo Escobarren liburua aurkitu dut sarean; hemen: «Design for the pluriverse». On dagizuela, eta zaindu!

Gazteak eta kristalezko sabaia

HIZKUNTZA POLITIKARAKO Sailburuordetzak GU GAZTEOK txostena argitaratu zuen 2016an, Euskararen Aholku Batzordearen enkarguz. Oso lan txukuna da: laburra, zuzena eta esanguratsua. 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasuna aztertu eta zazpi ondorio proposatu ditu. Honatx:

  1. Euskara zaharren hizkuntza izatetik haur eta gazteen hizkuntza izatera pasa da
  2. Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, euskara ikasi dute eta euskararen (hizkuntzaren) kulturan sozializatu dira
  3. Euskarak gazteei eskaintzen dienari begiratu behar diogu
  4. Euskararen kulturari erreparatzeko beharra eta euskararen kultura erreparatzeko beharra
  5. Gazteen euskararen erabileran bi helduleku nagusi daude: ohitura eta diskurtsoak
  6. Gazteen praktika-komunitateetan gaztelaniak presentzia handia du
  7. Gazteen hizkuntza-praktiken bi ezaugarri nagusiak: nahasketa eta mudantza

Ikerketa partehartzailea da, eta zentralitatea ematen dio gazteen ikuspegiari. Barru-barrutik begiratzen dio gazteen errealitateari.

Beste ikuspegi batetik, bi kezka eta arrisku aipatu izan dira, gazteen egoera linguistikoari erreparatzeko:

  • Euskararekiko atxikimendu likido(ago)a.
  • Helduen hizkuntza-praktiken nagusitasuna eta erreferentziagarritasuna.

Lehenaz Jon Sarasuak hitz egin du sarri:

“Bizitza guztian ikastolan ikasi duen ikasle batek, mila teorema eta teoria ikasi ditu euskaraz, baina ez daki hizkuntz gatazka dagoen herri batean minimoki manejatzen, euskaldun koherente izaten. Daukan atxikimendu likido horrekin, ez du inolako arazorik erderara pasatzeko”

Horri aurre egiteko baliabideak ematea proposatzen du Sarasuak: espresiozkoak, arrazoibidezkoak, emozionalak…

Bigarrenaz Kontseiluak ohartarazi du, duela gutxi:

Kontseiluak ohartarazi du haurretan eta gazteetan izaten ari den aurrerabidea talka egiten ari dela “kristalezko sabai” batekin: helduen artean gehiengoa direla erdaldunak, gizartearen funtzionamendua erdarazkoa dela, eta hor aurrera egin ezinda daudela belaunaldi horiek. Ildo horretan, ikasitako babesgabetasuna kontzeptua aipatu dute: “Euskaraz hitz egiteko ahalegina egin eta lortu ez duenak, estresaz harago, egoera sozialera egokitzeko jokabidea izango du”.

Oso gustukoak ditut metaforak. Kristalezko sabaia generoaren inguruan sortutako metafora da: emakumeei goi-karguetara heltzea galarazten dien oztopo ikusezina da kristalezko sabaia. Beste hainbat alorretan ere erabili izan da, era guztietako minoriak dituzten trabak agerian jartzeko.

Nago Kontseiluak kontzeptua oso-oso era egokian erabiltzen asmatu duela! 

Zoritxarrez! ;-(


 

 

 

Zozomikoteak

J.M. Olaizola Txilikuk kontatzen du Axa mixa zilarra liburuan:

Behin batean bazen artzain bat. Martxoa ia amaitzekotan zegoen eta negua pasa zela pentsatu zuen. Erabat harrotuta, honela esan omen zion Martxori:  

— Martxo txartxo garagartxo, orain ez nauk hire beldurtxo! 

Martxo haserretu egin zen artzainarekin eta zigortzea bururatu zitzaion. Baina bi egun eta erdi besterik ez zeuzkan eta haiek gutxitxo ziren mendeku hartzeko. Orduan, bi egun eta erdi eskatu zizkion Apirili: 

— Apiril biribil, emaizkidak bi egun eta erdi; kendu behar zizkioat artzain horri artalde eta begi. 

Eta Apirilek bi egun eta erdi eman zizkion Martxori. 

Martxo hasi zen euri-jasak, txingorradak eta eguraldi txarrak egiten eta artzainak egunero gurutzatu behar zuen erreka bere bidetik irten zen eta artaldea eraman zion artzainari. 

Bazuen artzain horrek ahari bat asko maite zuena eta hura ez galtzearren bizkarrean hartu eta erreka igarotzen hasi zen. Errekaren erdian, ahari horrek, ikaratuta edo, adarkada bat eman zion artzainari eta begia atera zion.

Geroztik, martxoaren bukaeran eta apirilaren hasieran eguraldi txarrak egiten ditu beti: zozomikoteak dira. Egun horietan biltzen omen dira zozo-bikoteak habiak egiten hasteko.

Bihar da apirilaren lehena. Ongi izan!