Gazteak eta kristalezko sabaia

HIZKUNTZA POLITIKARAKO Sailburuordetzak GU GAZTEOK txostena argitaratu zuen 2016an, Euskararen Aholku Batzordearen enkarguz. Oso lan txukuna da: laburra, zuzena eta esanguratsua. 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasuna aztertu eta zazpi ondorio proposatu ditu. Honatx:

  1. Euskara zaharren hizkuntza izatetik haur eta gazteen hizkuntza izatera pasa da
  2. Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, euskara ikasi dute eta euskararen (hizkuntzaren) kulturan sozializatu dira
  3. Euskarak gazteei eskaintzen dienari begiratu behar diogu
  4. Euskararen kulturari erreparatzeko beharra eta euskararen kultura erreparatzeko beharra
  5. Gazteen euskararen erabileran bi helduleku nagusi daude: ohitura eta diskurtsoak
  6. Gazteen praktika-komunitateetan gaztelaniak presentzia handia du
  7. Gazteen hizkuntza-praktiken bi ezaugarri nagusiak: nahasketa eta mudantza

Ikerketa partehartzailea da, eta zentralitatea ematen dio gazteen ikuspegiari. Barru-barrutik begiratzen dio gazteen errealitateari.

Beste ikuspegi batetik, bi kezka eta arrisku aipatu izan dira, gazteen egoera linguistikoari erreparatzeko:

  • Euskararekiko atxikimendu likido(ago)a.
  • Helduen hizkuntza-praktiken nagusitasuna eta erreferentziagarritasuna.

Lehenaz Jon Sarasuak hitz egin du sarri:

“Bizitza guztian ikastolan ikasi duen ikasle batek, mila teorema eta teoria ikasi ditu euskaraz, baina ez daki hizkuntz gatazka dagoen herri batean minimoki manejatzen, euskaldun koherente izaten. Daukan atxikimendu likido horrekin, ez du inolako arazorik erderara pasatzeko”

Horri aurre egiteko baliabideak ematea proposatzen du Sarasuak: espresiozkoak, arrazoibidezkoak, emozionalak…

Bigarrenaz Kontseiluak ohartarazi du, duela gutxi:

Kontseiluak ohartarazi du haurretan eta gazteetan izaten ari den aurrerabidea talka egiten ari dela “kristalezko sabai” batekin: helduen artean gehiengoa direla erdaldunak, gizartearen funtzionamendua erdarazkoa dela, eta hor aurrera egin ezinda daudela belaunaldi horiek. Ildo horretan, ikasitako babesgabetasuna kontzeptua aipatu dute: “Euskaraz hitz egiteko ahalegina egin eta lortu ez duenak, estresaz harago, egoera sozialera egokitzeko jokabidea izango du”.

Oso gustukoak ditut metaforak. Kristalezko sabaia generoaren inguruan sortutako metafora da: emakumeei goi-karguetara heltzea galarazten dien oztopo ikusezina da kristalezko sabaia. Beste hainbat alorretan ere erabili izan da, era guztietako minoriak dituzten trabak agerian jartzeko.

Nago Kontseiluak kontzeptua oso-oso era egokian erabiltzen asmatu duela! 

Zoritxarrez! ;-(


 

 

 

Soziolinguistika bigarren hezkuntzan

opac-imageAspaldi (oso aspaldi), lagun batek Justo de la Cueva soziologoaren liburutxo bat utzi zidan: La negación vasca radical del capitalismo mundial. Liburu horretatik hasiera gogoratzen dut bereziki:

¡POR FAVOR! Sigue escuchándome! No apagues el sonido ni cambies la cinta. Sigue escuchándome unos pocos minutos. Yo lo necesito pero tu también. Ya habrás comprendido que te he dado el cambiazo de tu cinta Hortzak estuturik de Su Ta Gar por ésta que he grabado yo. Lo he hecho porque tú necesitas escuchar lo que voy a contarte y yo necesito que tú lo escuches. Tú necesitas escucharme porque no sabes lo que te pasa y eso es lo que te pasa. Que no sabes, que no entiendes lo que te pasa.

Hara non ikasi berri dudan esalditxo hori ez dela Justorena, Ortega y Gasset filosofoarena baizik: “No sabemos lo que nos pasa y eso es precisamente lo que nos pasa” (Ez dakigu zer ari zaigun gertatzen, eta horixe bera da gertatzen ari zaiguna). Ibarretxeri entzuna ikasi dut, erabakitzeko eskubideari buruz eman duen hitzaldian.

Denbora tartetxo bat daramat ideia horrekin bueltaka: 16 urteko gazte batek derrigorrezko hezkuntza amaitu dezake, euskararen soziolinguistari buruzko ezer gutxi jakin gabe. Mtz de Luna eta Jon Sarasoa aspaldi ari dira, nor bere aldetik, kezka hori adierazten. @Garaigoikoak ere sarri idatzi du horretaz [gogokoa dut bere soziolinguistika domestikoa].

Ulibarri programaren baitan, orain dela urte batzuk, Beñat Joan i Mari irakaslearen liburu bat euskaratu zuen Hezkuntza Sailak: Hizkuntza jarrerak lantzen. Jarrerak ikasgelan bertan lantzeko moduak azaltzen zituen. Interesgarria iruditu zitzaidan. Bernat-ek badu beste liburu bat arretaz irakurtzea merezi duena: Sociolingüística a l’aula. Una proposta per treballar la sociolingüística a l’ESO i el Batxillerat. Liburu horren esteka utzi dizuet, kuxkuxeatzeko: hemen.