Euskalgintza eta politikaren eraldaketa

Irakurri zenuten Lorea Agirren eta Edurne Eskisabelen Trikua esnatu da liburua? Munduala ezta? Bada, bilduma berean, Mari Luz Estebanen beste liburu eder bat, kasik oharkabean pasatu dena: Feminismoa eta politikaren eraldaketak. Gaztelerazko bertsioa argitaratu berri da, eta horren aurkezpena egin du hainbat lekutan (hemen, adibidez). Hortik izan dut haren berri.

Azken urteetan feminismoaren eta euskalgintzaren arteko paralelismoaz hitz egin izan da sarri. Oraingoan bereziki bitxia egin zait, tarteka, feminismoz ari zela ahaztu eta euskalgintzaz ari zela pentsatzera iritsi bainaiz.

Orohar hiru gai lantzen ditu liburuan:

  • Mugimendu feminista eta han gertatu diren eraldaketak
  • Jakintza sortzeko metodoak
  • Feminismoak egun agendan dituen gaiak.

Zuen (eta haren) baimenarekin, ariketatxo bat egin nahi izan dut. Han ageri diren hiru-lau ideia transkribatu (eta eraldatu) egingo ditut, horiek euskalgintzaren errealitatea ere ondo deskribatzen duten ikusteko.

Horra, bada!

— Bat.

Euskalgintza dibertsifikatu egin da. Oro har, lau multzo ikusten dira: (a) elkartegintza eta euskalgintza herritarra, (b) euskalgintza instituzionala, (c) euskalgintza profesionala, (d) euskalgintza akademikoa.

Alde horretatik, euskalgintzaren instituzionalizazioa eta profesionalizazioa nabaria da. Mugimendu euskaltzalea, XX. mendean —mugimendu feminista bezala— herritarra zen, horizontala eta sistema bera aldatzea zuen helburu. Gaurko egoerari begiratu eta galdera ugari sortzen da, ordea. Gure buruari galdetu ahal diogu: Gaur egun, posible al da erakunde, unibertsitate edo zentro ofizial bat herritarra izatea? Nola egiten dugu, sistemaren parte izatea eta sistema aldatu nahia bateratzeko? Instituzioetan parte hartu eta instituzioak aldatzeko nola borrokatu? Euskara zerbitzu batetik kolokan jar daiteke erakundearen hizkuntza politika? Instituzioetan dauden euskaltzaleak nola babestu, kritikari uko egin gabe? Instituzioekin harremanak nola ehundu, mugimendu tutelatua bihurtu gabe? Nola eta noraino sinkronizatu behar dira mugimenduaren eta administrazioaren denborak? Eta, mugimenduaren baitan, liberatuen eta boluntarioen denborak? Nabari da badela zer pentsatu!

— Bi.

Akordatzen zarete garai bateko batzarrez eta mintegiez? Arnasa luzeko eztabaida-prozesuak ziren: lantalde bat bildu; eztabaidatu; hasierako ponentzia sortu; eskualdeetan azaldu; eztabaidatu; zuzenketak proposatu; mintegia bildu; talde txikietan eztabaidatu; bozkatu; ponentzia birrosatu.

Egun —Mari Luzek dioen bezala— bestela egiten da. Talde txikietan lan egin ondoren, ondorio bat edo bi post-it batean bildu, post-it guztiak horman itsatsi, emaitzari argazkia egin… eta etxera. Hurrengo egunean, argazkia jasoko duzu Whatsappean edo posta elektronikoan.

Metodologia parte-hartzaileen onurak ukatu gabe, “epistemologia hausnarkaria” defenditzen du: errumiantea, ideiei buelta bat baino gehiago ematen diena. Eztabaida lasai eta sakona. Slow, nahiago baduzue. Metodologia parte-hartzaileek epe laburruan ahalik eta emaitzarik onena lortzea dute helburu: kontsentsu azkarrak, batzuetan azalekoak badira ere. Autokontzientzia lantzeak, ordea, berdinen arteko eztabaida eskatzen du, eta hori denbora da. Deliberazioak ere denbora eskatzen du; are gehiago, helburua narratiba konpartituak sortzea bada.

Jakintza sortzeko moldeez ari dela, kolektibotasunaren eta anonimatoaren kultura ere aipatzen du, lehengo feminismoaren (euskalgintzaren?) ezaugarri gisa: jakintza era kolektiboan sortu eta era kolektiboan zabaldu. Egun, ordean, adituen kulturan bizi gara, gero eta nabarmenago.

— Hiru.

Inoiz pentsatu duzue zein diren politika (euskaltzale) baten arrakasta bermatzen duten ahalmenak eta trebetasunak? Liburuan honakoak proposatzen dira:

  • Arazoen teorizazioa eta errealitatearen diagnostiko konplexuak eta txukunak egitea
  • Testuinguruak ondo ezagutzea eta testuinguru horietara teoriak zedarriztatzea
  • Galdera berriak egitea
  • Aldaketarako eta disidentziarako estrategiak bururatzea eta aurrera eramatea
  • Herri-elkarteak indartzea eta gizartea astintzea
  • Euskaratik urruntxeago dauden herritarrekin nola aritu jakitea
  • Ordezkari politikoekin negoziatzen edo haiek presionatzen asmatzea

Ez nuke laburbiltzen jakingo…

Inoiz gertatu zaizue? Hitzaldi bat entzun, testu bat irakurri… eta zapore gazi-gozoarekin irten. Ez duzue osorik ulertu. Ez dakizue ezta tutik ere ulertu ote duzuen. Ez zenukete jakingo esaldi bakar batean laburbiltzen. Ezta bi orritan ere ez zenukete laburbiltzen jakingo. Baina txit interesgarria iruditu zaizue.

Ez egin barre! Niri gero eta gehiagotan gertatzen zait.

Esate baterako. Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan hitzaldia eman zuen Jacqueline Urla irakasleak: «hiztunarengan ardaztutako hizkuntza plangintzaren diseinua». Asteotan bideoa berrikusteko aukera izan dut, eta bigarren entzunaldian iruditu zait hobetoxe ulertu dudala. [Gehiegi ez e! ez pentsa!]. Jaquelineren tesia da orain arteko planifikazio linguistikoek hizkuntza izan dutela ardatz; edota gizartea, konstruktu orokor eta homogeno gisa ulertua. Hizkuntza politika etorkizunean hiztunengan ardaztu behar dela defendatzen du, aniztasunari eta hetereogeneotasunari ateak irekitzeko. Hiztun berriei buruz egin diren azterketek horixe utzi dute agerian: hiztunak askotarikoak dira, anitzak. Praktikak, motibazioak, hizkuntza-ibilbideak… Hizkuntza politika zabaldu beharra dago, bere baitan euskararekiko atxikimendu mota eta euskararekin konprometitzeko modu ezberdinak biltzeko.

Trantsizio baten beharra aldarrikatu du, eta horretarako Arturo Escobarren liburu bat gomendatu du: «Designs for the pluriverse».

Escobarren ustez, munduan erabat nagusitu da modernitatearen kosmobisioa. Erabat hegemoniko bihurtu zaigu. Inposatu egin digute, egia absolutua horixe dela sinistera iritsi garenera arte. Kosmobisio indigenek (baita modernitate aurreko Europako kosmobisioek ere, horiek ere indigenak baitziren) bestelako ikuspegia ematen dute. Modernitateak errealitateak “zatitu”, “banandu” eta “isolatu” egiten ditu, hobeto atzemateko eta hobeto azaltzeko; kosmobisio indigenak, ordea, holistikoak dira eta interdependentzia aldarrikatzen dute. Modernitateak norbanakoari begiratzen dio; kosmobisio indigenek, komunitateari. Modernitateak homogeneotasuna maite du; kosmobisio indigenek, heterogeneotasuna. Modernitatetik harago, beste unibertso batera trantsitatu beharra proposatzen du; edo, hobe esanda, pluribertso batera, hura ezinbestean anitza izango baita. Zapatistak parafraseatuz: bere baitan unibertso ugari bilduko dituen unibertso bat («un mundo donde quepan muchos mundos»).

Iruditu zait Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek ere antzeko ideiak proposatzen dituztela «Trikua esnatu da» liburuan. Haien ustez, feminismoak asmatu egin du norberetasuna (aniztasuna) eta gutasuna uztartzen eta txirikordatzen:

” egunero-egunero, nor izate indibidualetan, gorputz zehatzetan, tentsioz eta gatazkaz mamitzen diren auziez ari da, milaka pertsonaren bizi arazo indibidual eta zehatzei erantzuten.”

“Baina, aldi berean, feminismoak ez du borroka kolektiboaren zantzua galdu. Are, ustez identitate auzi bat dena, partikular bati dagokiona —askotariko emakumeengan gorpuzten den emakumea-ri, nolabait adieraztearren—, demokrazia auzi bat bihurtu du, unibertsal bat, demokraziaz eta justizia sozialaz arduratzen diren denei dagokiena”.

Honaino, bada, gaurkoa. Zuen interesekoa baldin bada, oparitxo bat uzten dizuet. Arturo Escobarren liburua aurkitu dut sarean; hemen: «Design for the pluriverse». On dagizuela, eta zaindu!