Gazteak eta kristalezko sabaia

HIZKUNTZA POLITIKARAKO Sailburuordetzak GU GAZTEOK txostena argitaratu zuen 2016an, Euskararen Aholku Batzordearen enkarguz. Oso lan txukuna da: laburra, zuzena eta esanguratsua. 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasuna aztertu eta zazpi ondorio proposatu ditu. Honatx:

  1. Euskara zaharren hizkuntza izatetik haur eta gazteen hizkuntza izatera pasa da
  2. Hiztun berrien belaunaldi bat sortu dugu, euskara ikasi dute eta euskararen (hizkuntzaren) kulturan sozializatu dira
  3. Euskarak gazteei eskaintzen dienari begiratu behar diogu
  4. Euskararen kulturari erreparatzeko beharra eta euskararen kultura erreparatzeko beharra
  5. Gazteen euskararen erabileran bi helduleku nagusi daude: ohitura eta diskurtsoak
  6. Gazteen praktika-komunitateetan gaztelaniak presentzia handia du
  7. Gazteen hizkuntza-praktiken bi ezaugarri nagusiak: nahasketa eta mudantza

Ikerketa partehartzailea da, eta zentralitatea ematen dio gazteen ikuspegiari. Barru-barrutik begiratzen dio gazteen errealitateari.

Beste ikuspegi batetik, bi kezka eta arrisku aipatu izan dira, gazteen egoera linguistikoari erreparatzeko:

  • Euskararekiko atxikimendu likido(ago)a.
  • Helduen hizkuntza-praktiken nagusitasuna eta erreferentziagarritasuna.

Lehenaz Jon Sarasuak hitz egin du sarri:

“Bizitza guztian ikastolan ikasi duen ikasle batek, mila teorema eta teoria ikasi ditu euskaraz, baina ez daki hizkuntz gatazka dagoen herri batean minimoki manejatzen, euskaldun koherente izaten. Daukan atxikimendu likido horrekin, ez du inolako arazorik erderara pasatzeko”

Horri aurre egiteko baliabideak ematea proposatzen du Sarasuak: espresiozkoak, arrazoibidezkoak, emozionalak…

Bigarrenaz Kontseiluak ohartarazi du, duela gutxi:

Kontseiluak ohartarazi du haurretan eta gazteetan izaten ari den aurrerabidea talka egiten ari dela “kristalezko sabai” batekin: helduen artean gehiengoa direla erdaldunak, gizartearen funtzionamendua erdarazkoa dela, eta hor aurrera egin ezinda daudela belaunaldi horiek. Ildo horretan, ikasitako babesgabetasuna kontzeptua aipatu dute: “Euskaraz hitz egiteko ahalegina egin eta lortu ez duenak, estresaz harago, egoera sozialera egokitzeko jokabidea izango du”.

Oso gustukoak ditut metaforak. Kristalezko sabaia generoaren inguruan sortutako metafora da: emakumeei goi-karguetara heltzea galarazten dien oztopo ikusezina da kristalezko sabaia. Beste hainbat alorretan ere erabili izan da, era guztietako minoriak dituzten trabak agerian jartzeko.

Nago Kontseiluak kontzeptua oso-oso era egokian erabiltzen asmatu duela! 

Zoritxarrez! ;-(


 

 

 

Globalizazio berria

Sare izan

1996ko uztailean Lehen Topaketa Intergalaktikoa izan zen Chiapasen, EZLNk deituta. Amaieran Errealitatearen Bigarren Adierazpena irakurri zen, kontinenteetako mugen gainetik, neoliberalismoaren aurkako eta gizateriaren aldeko erresistentzia-sareak sortzera dei eginez: “…diferentziak onartuz eta antzekotasunak ezagutuz, hango eta hemengo erresistentziek mundu osoko erresistentziekin bat egin behar dute. Sarea hori da. Elkarri sostengua emateko bidea da. Ez da antolakunde bat. Ez du erdigunerik, ez erabakigunerik. Ez du aginte zentralik, ez hierarkiarik. Erresistitzen dugunok gara sarea

Ongi etorri Blockadiara

Naomi Klein idazle kanadarrak This changes everything liburuan (Honek dena aldatzen du) Blockadia aldarrikatu du. Blockadia lurralde trasnazional eta ibiltari bat da, proiektu estraktiborik eta antiekologikorik sortzen den orotan azaleratzen dena. Tokian tokiko erresistentzia da, lurraren defentsan, lurraldetasunari lotua, baina begirada globalez ondo hornitua. Blockadia Amazonia da, edo Gasland… edo Garoña, edo Itoiz, edo Zubieta…

Elkarri argia eman diezaiogun

faro-76564Hitzargiak egitasmoa, distantziak distantzia, badu zerbait Blockadiatik. Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak egitasmoa hizkuntza-aniztasunaren aldeko aldarria da: “biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateen arteko harreman berriak sortzea eta jadanik existitzen direnak indartzea du xede. Zenbat eta hizkuntza-komunitate gehiago aktibatu eginkizun honetan, orduan eta aukera gehiago izango baita emaitza arrakastatsua izateko.”

Hala bitez!