Behartuki boluntarioa

Libre da hizkuntza hautatzea?

Xabier Erizeren ustez, hautu linguistikoaren kontzeptua gutxiegi landu da euskal soziolinguistikan. Garrantzi handiagoa mereziko luke. Hautuak  funsezkoak dira:

“euskara erabiltzea edo ez erabiltzea, euskara transmititzea edo ez transmititzea, seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzea edo ez, euskara ikastea/sakontzea edo ez, euskarazko kultura kontsumitzea edo ez, erregistro hau erabiltzea edo beste hau”.

Erdigunean jartzen du hautu linguistikoaren afera.

Libre da hizkuntza hautatzea?

Kepa Altonagak Jean Etxepare Aldudeko medikuaren historia kontatu du bere liburu batean. Han azaldu duenaren arabera, “euskararen atzerakada eragiten duten kanpo-faktoreekin batera, Etxepareren analisian oso munta handikoa da barrukoen jarrera”. Euskaldun xehearen burugutxiespena kezkatzen zuen bereziki. Orduko laborarien semeak, ikasketak egin ahala, erdarari begira jartzen zirela nabarmendu zuen. Antza denez, euskara baztertu beharra sentitzen zuten, norbait izateko. Jean Etxeparek «norbaitu» aditza asmatu zuen horretarako. Honela idatzi zuen:

Norbait direla sentitzen duten une berean bizkarra ematen diote euskarari. “Norbaitu” egin dira, eta dagoenekoz laboraria ez da deus haien ustez”.

Libre da hizkuntza hautatzea?

Borgesek «Bi errege eta bi labirinto» ipuina idatzi zuen aspaldi:

Gizon zintzoek diotenez (baina Alak gehiago daki), lehengo garaietan, errege bat egon zen Babiloniako uharteetan. Bere arkitektoak eta magoak bildu eta labirinto harrigarri eta sotil bat eraikitzea agindu zien, non gizonik zuhurrenak ez ziren sartzen ausartzen, eta sartzen zirenak galdu egiten ziren. Obra hura eskandalu bat zen, miraria eta nahasmena Jainkoari soilik baitagozkio, eta ez gizakiei.

Denboraren joanarekin, Arabiako errege bat etorri zen bere kortera, eta Babiloniako erregeak,  iseka egiteko, labirintoan sartu arazi zuen. Han, nahasirik ibili zen ilunabarrera arte. Orduan atea jo eta laguntza eskatu zuen. Bere ezpainek ez zuten kexarik adierazi, baina Babiloniako erregeari esan zion berak Arabian beste labirinto bat zuela eta, Jainkoa lagun, egunen batean ezagutaraziko ziola.

Gero Arabiara itzuli zen eta han bere buruzagiak eta soldaduak bildu zituen. Babiloniako erresuma erasotu eta suntsitu egin zuen, baita errege hura gatibu hartu ere.

Gamelu azkar baten gainean lotu eta basamortura eraman zuen. Hiru egun eman zituzten zaldiz, eta esan zion: “O, Denboraren Erregea. O, Jauna; Babilonian brontzezko labirinto batean galarazi nahi izan ninduzun, eskailera, ate eta horma askorekin; orain, nirea erakutsiko dizut, non ez baitago igo beharreko eskailerarik, ez zeharkatu beharreko aterik, ez ibiltzeko galeria neketsurik, ezta bidea ixten duen hormarik ere”. Gero, lokarriak askatu eta basamortuaren erdian utzi zuen, non gosez eta egarriz hil zen.

Loria Inoiz Hiltzen ez Denari.

Bata debekuen eta aginduen labirintoa da: bide estuak, legeak eta arauak. Askatasun faltsuaren labirintoa da bestea: ez dago biderik, nahi duzun aldera joan zaitezke, baina ez dago nora joan. Horrelakoa ote da liberalismo linguistikoa?

Libre da hizkuntza hautatzea?

Joseba Sarrionandiak «Airea ez da debalde» liburuan:

Asimilazio prozesua behartutzat edo boluntariotzat har daiteke, baina errealitatean bietatik dago momentuaren eta egoeraren arabera, eta behartuki da boluntarioa.

“Behartuki boluntarioa”. Gustatu zait.

Gary Snyder eta hizkuntzen ekologia

Portada-La-Práctica-de-los-Salvaje1JACK KEROUACK idazleak The Dharma Bums (Los Vagabundos del Dharma) idatzi zuen 1958. urtean. Liburuak badu eszena bat, niri oso oso gertukoa egiten zaidana:  bi protagonistak menditik behera jaisten ari dira arrapaladan. Ziur nago oso irudi ezaguna egiten zaizuela. Harri solteen artean saltoka, aldapan behera eta ordubeteko bidea minutu gutxitan desegin.

Jack Kerouack-ek honela kontatzen du:

Jazzaren abiadura hartu zuen denak. Gora begiratu, eta Japhy ikusi nuen mendian behera korrika. Bost metroko jauziak ematen zituen eta lurra hartzen zuen orpoen gainean. Bitartean oihu egiten zuen. Gaixoa ni! Orduan ulertu nuen mendi batetik ez dagoela erortzerik. Neu ere maldan behera hasi nintzen bere atzetik, salto eta jauzi. Bost minutuan  jaitsi ginen, ahuntzen moduan edo bi txinatar txororen gisan /…./ Oihu batean, laku ertzera iritsi nintzen, zapatilen orpoa lokatzetan tinkatu, eta han geratu nintzen; bizipozez. —A, Japhy, oraingoan ere ikasgai ederra erakutsi didazu: ez dago mendi batetik erortzerik! —Halaxe dio esaera zaharrak: “Mendi baten gailurrera iristen zarenean, igotzen jarraitu, Smith”.

Liburua biografikoa da neurri handi batean. Jack Kerouack da narratzailea. Japhy-ren atzean Gary Snyder dago. Snyder Estatu Batuetako kontrakulturaren ikono bat da: idazlea, poeta, itzultzailea, hizlaria eta aktibista. Ez dut bere testuen euskarazko itzulpenik aurkitu.

Berriki “La practica de lo Salvaje” liburua argitaratu da. Ingelesezko bertsioa 1990koa da… Orain dela 26 urte idatzia da, eta, oraindik ere, oso gaurkoa egiten zait. Liburuak hainbat gogoetagai ditu: ekologia, kontzientzia, natura, lurra, espiritualitatea, hartz batekin ezkondu zen emakumearen istorioa, eta pasartetxo bat gorde du, hizkuntzaren ekologiaz jarduteko:

Hizkuntzaren ekologiaz hitz egiteko, lehen lehenik onartu behar dugu hiztun bakoitzaren baitan errepertorio zabal bat bizi dela: kodeak, dialektoak, soziolektoak… baita familia ezberdinetako hizkuntzak ere, batzuetan. John Gumperz irakasleak (1964)  Indiako herri baten egoera tipikoa deskribatzen du: bertako gehienek lekuan lekuko dialektoak dituzte lehen hizkuntza. Intokableen kastako pertsona batzuk, ordea, hizkuntza propioak dituzte. Horrez gain, hainbat aldaera dago, mailaren arabera. Bertoko dialektoaren aldaera bat erabiltzen da inguruko azoketan saltzaileekin negoziatzeko. Erlijioso aszetekin beste aldaera bat erabiltzen da… Litekeena da Khrisha gurtzen duten ibiltari aszetekin braj bhasa hizkuntza erabiltzea, eta Rama gurtzen dutenekin avadhi erabiltzea. Hindi estandarra erabiltzen da kanpotar ikasiekin hitz egiteko; urdua, ordea, negozioetarako edota musulman ikasiekin hitz egiteko. Jende eskolatuak ingelesa hitz egiten du, eta beste batzuek sanskritoa ere bai. Hizkuntzen eta aldaeren nahasketa hori lekuan lekukoa da, baita erabat naturala. Hau da, lekuan lekuko naturan sustraitua dago. Leku batetik bestera aldatzen da, jakina; baina —neurri batean— berdina da mundu osoan.

Izenburu bera duen dokumental bat egin berri dute: “The Practice of the Wild”. Gustura ikusiko dut.

Orhiko xoria

“Orhipean” da euskal kultura ezagutzeko gidalibururik ezagunena, bai atzerritarrentzat eta baita euskaldunentzat ere. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez argitaratu da. Lan dibulgatiboa da, atsegina eta entretenigarria, sakontasunik galdu gabe. Irakurri dudanez, Guggenheim museoa da Euskal Herrian Orhipean liburua gehien saltzen den lekua. Bitxia da. “Kanpotik heldu denak modernitatea ikusteko adinako jakin-mina baitu non dagoen jakiteko” —dio Xamarrek.funny.pho.to_crayon_drawingZuberoko esaera zaharraren arabera, “Orhiko txoria, Orhin laket”. Menditik bestaldean (Aezkoan, alegia) antzera esan ohi dute: Orhiko txoria, Orhira tira. Hitz ezberdinak, baina sentimendu bera, mugarik ez baita (Niko Etxarten kantuaz akordatzen? “Mugatik bi aldeetan beit Eskual Herria”). Dena den, Orhi ez da bakarra… bada besterik: Gorbeiako beleak, Gorbeiako jokerea. Oizko txoria, beti Oizera. Anbotoko beleak, Anbotora nahi.

Agur Xiberua kanta nork ez daki Zuberoan? Pierre Bordazarre Etxahun-Irurik idatzi zuen 1946an eta herriminaren abesti paradigmatikoa dateke. Azken ahapaldian horrek ere Orhiko Xoriaren aipua dakar:

Ametsa lagün nezak / Ni Atharratzerat / Ene azken egünen han iragaitera / Orhiko txoriaren khantüz behatzera / …

Joseba Sarrionandiak “Han izanik hona naiz” saiakera liburua idatzi zuen 1992an. Izenburua Oihenartek jasotako atsotitz batetik hartu zuen. Gerora, Hitzen ondoeza liburuan azaldu zuen atsotitz horren esanahia:

Behiala, hegaztiak ere mintzo ziren sasoian, xori bat neguan hotzak hilda inguratu omen zen habia batetara. Habian beste xori bat bizi zen eta, hura handik ateratzeko asmoarekin, txori heldu berriak esan omen zion: ‘Orhin ekia bero’. Habiako xoriak, engainuaz oharturik, erantzun omen zuen: ‘Han izanik hona naiz’

Kantu herrikoi bat ere bada, Orhiko xoria izenburu duena. Hainbat bertsio grabatu izan dira; baina nik Erramun Martikorenaren ahotsean dut gustukoen (hemen). Horrek ere herrimina eta malenkonia zipristitzen ditu:

Orhiko xoria Orhin bakean da bizitzen. / Bere larre-sasietan ez da hura unhatzen. / Han zen sortu, han handitu, han ari zen maitatzen; / Han bere umen artean goxoki du kantatzen.

Orhiko Xoriak Joseba Sarrionandiaren beste olerki bat ekartzen dit gogora: Nekez uzten du bere sorterria (hemen, Mikel Laboaren ahotsean): 

Nekez uzten du bere sorterria / sustraiak han dituenak. / Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak / ez bada abaildu eta oholetan. / Ez du niniak begia uzten ez bada erroi edo arrubioen mokoetan. / Nekez uzten du gezalak itsasoa / ez hare harriak basamortua. / Ez du liliak udaberria uzten / ez elurrak zuritasuna. / Bere sorterria nekez uzten du / sustraiak han dituenak.

Egun, ordea, jendeak erruz uzten du bere sorterria, ihesean… Europa puñetero honetan aterperik aurkitzen ez badu ere.