Zozomikoteak

J.M. Olaizola Txilikuk kontatzen du Axa mixa zilarra liburuan:

 

Behin batean bazen artzain bat. Martxoa ia amaitzekotan zegoen eta negua pasa zela pentsatu zuen. Erabat harrotuta, honela esan omen zion Martxori:  

— Martxo txartxo garagartxo, orain ez nauk hire beldurtxo! 

Martxo haserretu egin zen artzainarekin eta zigortzea bururatu zitzaion. Baina bi egun eta erdi besterik ez zeuzkan eta haiek gutxitxo ziren mendeku hartzeko. Orduan, bi egun eta erdi eskatu zizkion Apirili: 

— Apiril biribil, emaizkidak bi egun eta erdi; kendu behar zizkioat artzain horri artalde eta begi. 

Eta Apirilek bi egun eta erdi eman zizkion Martxori. 

Martxo hasi zen euri-jasak, txingorradak eta eguraldi txarrak egiten eta artzainak egunero gurutzatu behar zuen erreka bere bidetik irten zen eta artaldea eraman zion artzainari. 

Bazuen artzain horrek ahari bat asko maite zuena eta hura ez galtzearren bizkarrean hartu eta erreka igarotzen hasi zen. Errekaren erdian, ahari horrek, ikaratuta edo, adarkada bat eman zion artzainari eta begia atera zion.

Geroztik, martxoaren bukaeran eta apirilaren hasieran eguraldi txarrak egiten ditu beti: zozomikoteak dira. Egun horietan biltzen omen dira zozo-bikoteak habiak egiten hasteko.

Gaur da apirilaren lehena. Ongi izan!

Source: Allartean