Hizkuntza, kultura eta kategorizazioa

Antropologia linguistikoak bi langai ditu bereiziki interesgarriak iruditzen zaizkidanak: bata, hizkuntza ideologiak, eta bestea, hizkuntzaren eta kulturaren arteko lotura. Oker ez banago, blog zaharrarekin hasi nintzenean, lehen bi sarreretan horretaz jardun nuen: hemen eta hemen.

Esan ohi da hizkuntza bakoitza mundu ikuskera bat dela. Hala da. Baina zer da mundu ikuskera? Era hertsian ulertuko bagenu, euskaldun guztiok zerbait amankomuna izan behar genuke; anarkista, budista edo kontserbadorea izanik ere. Zer? Zaila da esatea. Carme Junyent eta Pere Comellas irakasleek “Antropologia lingüística” liburuan dioten bezala, ikuskera horren ezaugarriak zerrendatu ahal izango bagenitu ere, nola jakingo genuke zein diren hiztun guztiek amankomunean dituztenak? Ezinezkoa da. Gehienez ere, kontsentsu handikoak diren zeinbat ideia identifikatu ahal ditugu. Askoz gehiago ez.

Antropologia linguistikoak hizkuntzaren eta kulturaren arteko loturak aztertzen ditu. Antropologia kognitiboak, ordea, kulturaren eta pentsamenduaren artekoak (etnozientzia). Azken batean hiruki bati buruz hitz egiten ari gara. Ez zaizue iruditzen? Hizkuntza, kultura eta pentsamendua. Zaila da hirurak erabat banantzea. Esan izan da mundua hizkuntzaren bidez ulertzen dugula. Esan izan da, halaber, pentsamendua ezin dugula behatu, hizkuntzaren bidez ez bada. Antropologia kognitiboak, hortaz, zera aztertzen du: gure inguruko kontzeptuak eta ebentoak nola ulertzen eta nola kategorizatzen ditugun, gizatalde moduan.

Berezia da kategorizazioaren afera. Zeintzuk atributu izan behar du elementu batek  kategoria jakin batean sartzeko? Antropologiaren ikuspegitik berdin dio pinguino bat objektiboki hegazti bat den ala ez (hau ere Carme Junyet eta Pere Cornellasen adibidea da). Garrantzitsua dena da jakitea dena delako kultura batek horrela kategorizatzen duen ala ez.

Kategorizazio horren baitan, prototipoen teoriak hainbat argibide ematen ditu, 5 puntutan: (a) kategoria guztietan beti dago elementuren bat erabat koadratzen ez duena ezaugarri guztiekin; (b) kategoria bateko elementu guztiak ez dira erabat ezberdinak; (c) kategoriek muga lausoak dituzte sarritan; (d) antzekotasun gurutzatuak dituzen elementuak kategoria berean sartzen dira, nahiz eta ezaugarri berberak ez izan (adib. maitasuna eta poesia); (e) estereotipoen arabera sartzen da elementu bat kategoria batean (emakume bat ile txuria duena, amonen kategorian sartuko dugu, bilobik ez badu ere).

Hortaz, kategoriak muga lausoak dituzten multzoak dira: erdigunean elementu prototipikoak daude (ezaugarri guztiak betetzen dituztenak) eta pereferian horren prototipikoak ez direnak. Kategoria guztietan dago elementuren bat erabat koadratzen ez duena.

Akordatzen zarete euskal kulturari buruzko eztabaidaz? Honen guztiaren argitan beste modu batean ulertu daiteke eztabaida. Zer da euskal kultura? Zeintzuk ezaugarri behar ditu dena-delako adierazpide batek, kategoriaren erdigunean sartzeko? Zeintzuk izan behar ditu, kategoria horretan leku bat izateko, periferian besterik ez bada ere? Euskarak zein leku du atributu-zerrenda horien baitan?


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.