Hurbileko garapen eremua

Lev Semyonovich Vigotsky aditua zen garapenaren psikologian. Sobietar Batasunean hil zen 1934. urtean, baina bere lana ez zen mendebaldean ezagutu 60.en hamarkadara arte. Vigotsky-ren ustez ikastea prozesu soziokulturala da, interakzio sozialean oinarritua, sozializazioa helburu duena. Konstruktibismo sozialaren aitzindaria dela esan izan da.

Badakit gehiegi sinplifikatzea dela. Barkatuko didazue, ezta?

Vigotsky-k hurbileko garapen eremuaren teoria sortu zuen, interkazionismo sozialean oinarritua. Labur-labur esanik :

Garapen erreala da ikaslea, bera bakarrik, laguntzarik gabe, egiteko gai dena. Garapen potentziala, berriz, oraingoz eskuratu ez duen garapena da, oraingoz bera bakarrik egiteko gai ez dena, baina laguntzarekin lortu dezakeena. Hurbileko garapen eremua, hortaz, garapen errealaren eta potentzialaren arteko distantzia da.

Beste era batera esanda, “i” baldin bada pertsonak bere kabuz aparteko ahaleginik gabe egin dezakeena, ekintza pedagogikoak ikasleari “i + 1” eskatu behar dio, eta jauzi hori gainditzeko baliabideak eman (andamiajea). Gutxiago eskatzeak ez du zentzurik, ikaskuntzarako baliorik ez duelako; askoz gehiago eskatzea ere alferrikakoa da, horrek garapen eremutik kanpo eramango gaituelako.

Eta horrek guztiak zerikusirik al du hizkuntza normalizazioarekin? Bai, ezta? Esan izan da normalizazio prozesua gauzak beste modu batean egiten ikasteko prozesua dela: ikasketa-prozesu bat, azken batean.

Beste ideia bat hurbileko garapen eremuari loturik: Txepetxek, aspalditxo, tipo linguistikoak definitu zituen: A, [B], B, A[B], AB, BA… jatorrizko euskalduna, euskaldunberria, euskaldun kulturizatua, euskaldunberri natibizatua… Akordatzen?

Gerora, normalizazioari begira, tipo linguistikoen optimizazioa aldarrikatu zuen, Hiztunek beren gaitasuna hobetzea da kontua, eta horretarako hiztun tipo bakoitzak gertuko tipologian bilatu behar du bere erreferentea.

Julen Arexolaleibari entzuna diot galdera: zonalde erdaldundu batean, euskara eskolan ikasi duen (ikasten ari den) neska-mutikoarentzat zein da, euskararen ikuspegitik, erreferentzia positibo gertukoena? Zeinek lagundu ahal dio gehien? Agian, ikastetxean bertan bere antzeko egoera batean euskara(z) ikasi eta euskara berea egin duen gaztetxoa. Aisialdirako hezitzaileak bilatzen ditugunean, agian, horrelakoak hobetsi behar ditugu.


Source: Allartean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude