Dimentsio komunitarioa

Etxealdi garaiko paradoxa batekin natorkizue. Ohartu zineten? Urruntze soziala eta isolamendu fisikoa dela-eta, pertenentzia eta komunitate-sentimendu bihurtu ziren
keinu txiki ugari: abesti bat twitterren partekatua, bideo bat youtuben, koadrilaren bideo-deialdia… Isolamendua pertenentzia-gosez eta komunitate-egarriz bizi izan genuen. Presentzialitateak berezko ditu ezaugarriak eremu birtualean bilatu genituen: gorpuztasuna, kolektibitatea, pertenentzia eta komunitate sentimendua.

Hezkuntzarekin batera, aisialdia ere dezente kaltetua izan zen. Hor ere, aisialdi komunitarioaren beharra eta hutsunea antzeman genituen, ordura arte ez bezala.

Gogoan dut Katalunian, aspalditik, “Inguruneko Hezkuntza-planak” [Plans Educatius d’Entorn] bultzatu izan dituztela hango instituzioek, ikasleen hezkuntza-beharrei erantzun integrala eta komunitarioa emateko. Tokian tokiko hezkuntza-plan horiek LIC taldeen esku sortu ziren [LIC: llengua i cohesio social / hizkuntza eta gizarte kohesioa] eta, hezkuntza-planak izanik ere, ardatzetako bat hezkuntza ez formala zuten; aisialdi hezitzailea, alegia.

Proiektuak ibilbide luzea du, baina azken urteotan metodologia gaurkotu nahi izan dute. Ahalegin politak egin dituzte bide horretatik. Besteak beste, plan horien dimentsio komunitarioan sakondu nahi izan dute. Horretarako Inpaktu Kolektiboaren ikuspegiari begiratu diote [Kania & Kramer: Collective impact], metodologia berritzailea eta erabat komunitarioa delakoan.

Inpaktu kolektiboaren enfokea, autore horien arabera, sektore ezberdinetako hainbat eragile agenda bateratu baten inguruan konprometitzea da, gizarte-arazo bati irtenbide bateratua emateko. Enfoke kontrastatua da eta, egin diren ikerketetan, bost baldintza nabarmendu izan dira horren arrakastarako:

  1. Agenda bateratua. Ikuspegi eta helburu partekatuak eta ondo definituak.
  2. Inpaktua neurtzeko sistema partekatu bat. Proiektuari jarraipena egiteko adierazle komunak.
  3. Elkarren eraginak indartzeko jarduerak. Ez da beharrezko den-dena elkarrekin eta batera egitea; bai da beharrezko, ordea, norberaren ekintzak besteen jarduerekin ondo lerrokatuak egotea, eta helburu komunak bilatzea.
  4. Etenik gabeko komunikazioa. Informazioa garrantzitsua da; konfiantza ere bai.
  5. Proiektuari eutsiko dion talde bertebratzaile bat. Proiektuari behar beste denbora emango dion pertsona talde bat, koordinazioa bermatuko duena. Diotenez, interesgarria da talde horretako pertsonak independienteak izatea; hau da, proiektua osatzen duten taldeetakoak ez izatea.

Inpaktu kolektiboari buruzko ikerketetan 3 aldaketa-mota (3 inpaktu) aztertu dira: hasierako aldaketak, aldaketa sistemikoak eta aldaketak biztanleengan. Hori horrela, egitasmo bati hasiera ematen diogunean, hasieran, aldaketak txikiak izaten dira, eta abian jartzen diren politikekin dute zerikusirik: lankidetzan abiatutako proiektuak, sentsibilizazio maila altuagoa, baliabide berriak… Epe ertainean aldaketa horiek sustraitu egiten dira eta proiektuaren parte diren entitateek barneratu egiten dituzte. Inpaktu komunitarioak, ordea, epe luzea lehenesten du. Diotenez 3 eta 10 urte bitartean behar izaten dira proiektua errotzeko eta inpaktu horiek biztanleengana iristeko.

Ikuspegi interesgarria iruditzen zait. Tokian toki, aisialdiarako plan komunitarioak abain jartzea, komunitateak berak dituen beharrak abiatuta eta komunitatearen gidaritzapean. Iruditzen zait zerikusia duela Euskal Herrian bertan garatzen ari diren zeinbat proiekturekin: adibidez, oinHerri taldearen ekimenez herri hezitzaileen inguruan antolatzen ari den mugimenduarekin. Ez zaizue iruditzen?

Gehiago irakurtzeko:

  • Inguruneko hezkuntza-planei buruz gehiago irakurtzeko: hemen
  • Dimentsio komunitarioaz: hemen (pdf)

Hurbileko garapen eremua

Lev Semyonovich Vigotsky aditua zen garapenaren psikologian. Sobietar Batasunean hil zen 1934. urtean, baina bere lana ez zen mendebaldean ezagutu 60.eko hamarkadara arte. Vigotsky-ren ustez, ikastea prozesu soziokulturala da, interakzio sozialean oinarritua, eta sozializazioa du helburu. Konstruktibismo sozialaren aitzindaria dela esan izan da.

Badakit gehiegi sinplifikatzea dela. Barkatuko didazue, ezta?

Vigotsky-k hurbileko garapen eremuaren teoria sortu zuen, interkazionismo sozialean oinarritua. Labur-labur esanik :

Garapen erreala da ikaslea, bera bakarrik, laguntzarik gabe, egiteko gai dena. Garapen potentziala, berriz, oraingoz eskuratu ez duen garapena da, oraingoz bera bakarrik egiteko gai ez dena, baina laguntzarekin lortu dezakeena. Hurbileko garapen eremua, hortaz, garapen errealaren eta potentzialaren arteko distantzia da.

Beste era batera esanda, “i” baldin bada pertsonak bere kabuz, aparteko ahaleginik gabe, egin dezakeena, ekintza pedagogikoak ikasleari “i + 1” eskatu behar dio; eta jauzi hori gainditzeko baliabideak eman (andamiajea). Gutxiago eskatzeak ez du zentzurik, ikaskuntzarako baliorik ez duelako; askoz gehiago eskatzea ere alferrikakoa da, garapen eremutik kanpo kokatzea delako.

Eta horrek guztiak zerikusirik al du hizkuntza normalizazioarekin? Bai, ezta? Esan izan da normalizazio prozesua horixe dela: gauzak beste modu batean egiten ikasteko prozesua dela; ikasketa-prozesu bat, azken batean.

Beste ideia bat hurbileko garapen eremuari loturik: Txepetxek, aspalditxo, tipo linguistikoak definitu zituen: A, [B], B, A [B], AB, BA… jatorrizko euskalduna, euskaldunberria, euskaldun kulturizatua, euskaldunberri natibizatua… Akordatzen?

Gerora, normalizazioari begira, tipo linguistikoen optimizazioa aldarrikatu zuen, Hiztunek beren gaitasuna hobetzea da kontua, eta horretarako hiztun-tipo bakoitzak gertuko tipologian bilatu behar du bere erreferentea.

Julen Arexolaleibari entzuna diot galdera: zonalde erdaldundu batean, euskara eskolan ikasi duen (ikasten ari den) neska-mutikoarentzat zein da, euskararen ikuspegitik, erreferentzia positibo gertukoena? Zeinek lagundu ahal dio gehien? Agian, ikastetxean bertan bere antzeko egoera batean euskara(z) ikasi eta euskara bere egin duen gaztetxoak. Aisialdirako hezitzaileak bilatzen ditugunean, agian, horrelakoak hobetsi behar ditugu.

Source: Allartean