Aurtengo uztailean Giustina Selvelli egon da Gasteizen, HIGA topaketan. Selvellik antropologia eta soziolinguistika lantzen ditu, bereziki, Europako hego-ekialdeko herrien kontestuan. Ekolinguistika interesatzen zaio. Orain dela gutxi argitaratu duen artikulu batean ikuspegi horretatik aztertu ditu hango hiru herriren egoera: Sorabiar herria (Alemaniako ekialdea), Valiakar herria (Serbia) eta Sami herria (Laponia). Haren ustez antzeko arazoak dituzte hirurok: arriskuan dagoen hizkuntza eta ingurumen-arazo larriak. Bi elementu horien arteko harremana landu du bere artikuluan: Endangered Languages and Environmental Degradation Among Minority Communities in Europe: An Ecological Perspective
Apunte batzuk labur-labur:
- Antzekotasun harrigarriak ikusten ditu talde minoritario horien hizkuntzak baztertzeko eta beren ingurune naturala degradatzeko ereduen artean. Ingurune naturala suntsitzen hasi aurretik, hizkuntzarekin eta kulturarekin lotuta dauden bestelako prozesuak ikusten dira: aurreiritziak, estigmatizazioa, ondare kulturala eta linguistikoa asimilatzeko ahaleginak, eta hizkuntza eta kultura gutxitu horiei prestigio eskasa esleitzea. Horiek guztiak funtsezko faktoreak izan dira lurralde horiek “sakrifikatzeko moduko eremuak” izan daitezen.
- Sakrifikazio-eremua ingurumen-kalte nabarmenak edo desinbertsio ekonomiko larriak jasan dituen eremu geografikoa deskribatzeko erabiltzen den terminoa da. Ingurumen-justiziarekin du zerikusirik. Edo –hobe esanda– ingurumen-injustiziarekin, ingurumenaren alorrean kalteak eta etekinak modu diskrimatorioan banatzen baitira: batentzat kaltea, bestearentzat etekina.
- Talde minoritario horiek beren lurrari eta beren kulturari oso atxikiak egon ohi dira. Horregatik are larriagoa da haien lurraldea suntsitzea eta are ondorio lazgarriagoak ditu horrek. Bada termino bat ingurumen-higadurak eragindako larritasun emozional hori izendatzeko: «solastalgia», etxearen nostalgia, alegia.
- Gutxiengo etniko horiek beren ondare ekokulturalaren suntsipenaren aurrean jasaten dituzten traumak eta klima-aldaketarekin eta ingurumen-hondamendi «naturalekin» lotutakoak desberdinak dira, leku horien sakrifizioa nahita egindako ekintza baita. Berariaz erabakita zein babesik ezak eraginda.
- Ikuspegi ekokulturala eta ekolinguistikoa behar ditugu, hizkuntza-prozesuen azterketa ikuspegi «ekologiko» batetik egiteko; hizkuntzak hiztunen bizitza materialean integratutako organismoak baitira, eta beren ingurune naturala ere bada bizitza material horren parte.
- Servellik Europako hego-ekialdeko hiru herriren egoera aztertu du, baina Abya Yalan zenbat halako!
- Hizkuntza gutxitu bat hitz egitea erresistentzia eta deskolonizazio ekintza bat izan daiteke.
Hitzaldi bikaina eta artikulua ere bai.
Iruditzen zait hizkuntza ekologiak edo ekolinguismoak, garatu ahala, bide ezberdinak hartu dituztela:
- Gurean, oraindik orain, ekologia metafora gisa erabiltzen dugu, hizkuntzak ekosistema moduan aztertzeko. Oker egon naiteke, baina iruditzen zait hizkuntza ekologiari buruz euskaraz idatzi diren testu gehienak horretara mugatzen direla: hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntzen arteko harremanen azterketa egiten dute.
- Bada beste joera bat, gure artean oso bide txikia egin duena. Hizkuntzaren analisi kritikoarekin du zerikusirik, eta horixe aztertzen du, hain zuzen ere: ingurumenaz hitz egiteko, hizkuntza nola erabiltzen dugun. Arran Stibbe izan daiteke horren erakusgarri. Bigarren liburua bat argitaratu berri du ildo horretatik: Econarrative: Ethics, ecology, and the search for new narratives to live by. Interesgarri dirudi. Horretaz hemen idatzi nuen.
- Selvellik hirugarren enfoke bat erabiltzen du. Hizkuntzaren eta ingurumenaren arteko erlazioa aztertzen ditu (erlazio materialak zein inmaterialak). Oso iradokitzailea iruditu zait. Gurean Unai Pascualek naturaren balioei buruz egin dituen lanak bide horretatik doazela iruditzen zait. Dylan Inglis gaztearekin batera egin zuen ikerketan, korrelazio hori egiaztatu egin zuten: erlazionaturik daude euskal hiztuna izatea eta naturari harreman-balioa ematea. Hemen irakur daiteke
Testu hau amaitzen ari nintzela ohartu naiz antzeko beste sarrera bat idatzi nuela aspalditxo. Agian hori ere ikurri nahi izango duzue. Hemen: hizkuntzen ekologia eta ekologiaren hizkuntza
On egin eta ongi izan