Kolonialismo linguistikoa (eta bi)

9782228880282LOUIS-JEAN CALVET hizkuntzalariak “Linguistika eta kolonialismoa” liburua argitaratu zuen 1981ean. Bigarren izenburua are esanguratsuagoa da: “Glotofagiari buruzko tratatu txikia”. Calvet-en ustez, kolonialismo linguistikoa ez dagokio soil-soilik kolonietako egoerari. Frantziako iraultzaren garaian hexagonoan zabaldu zen politika linguistika eta kolonietan erabili zena funtsean berdin-berdinak izan zirela dio.

Liburu interesgarria da, ordezkatze prozesuen historia ikusteko. Hiru estadio aipatzen ditu:  (a) lehen fasean, mandatariak, noblezia, burgesia eta merkatari batzuk dira hizkuntza nagusia adoptzen duten lehenak; (b) goi mailako klaseek hizkuntza menderatua baztertu ondoren, bigarren fase batean, klaseen arteko bereizketatik harago, bereizketa geografikoa nagusitzen da, eta hiriaren eta herriaren arteko dikonomia bihurtzen da gakoa, edo industria/komertzioaren eta nekazaritzaren artekoa; (c) azkenik, herrietako jendeak ere hizkuntza nagusia bere egiten du, eta osatu egiten da ordezkapen-prozesua. Eskema ezaguna da, baina merezi du liburua irakurtzea. Ordezkapen prozesuaren aurkako erresistentzia-indarrez ere hitz egin du Calvet-ek. Bere ustez bi izan dira erresistentziarako faktore garrantzitsuenak: erlijioa eta kontzientzia nazionala (eta ez hurrenkera horretan).

UZEIk soziolinguistikaz atondu zuen hiztegiaren arabera, hizkuntza kolonialismoa da “kolonietan edo menderatutako lurraldeetan metropoliko hizkuntza ezartzeko prozesua, hizkuntza menderatua eta hizkuntza horretako hiztunak botere-eremuetatik baztertuz gauzatzen dena”.

Dena den, kolonialismo linguistikoa hori baino gehiago ere bada. Ideologia bat da: prozesu hori inguratu, lagundu eta justifikatu duen ideologia, alegia. Eta bizirik dago. Belaunaldiz belaunaldi heldu da gugana, eta gure burua ere kolonizatu egin du. Gure eskema mentalean sartuta dago. Euskara gure-gurea da, haren alde gaude, baina ikuspegi sozialetik ez dago zereginik… bigarren mailan egotera kondenatuta dago, orain eta urte askotarako. Koloniazio mentala da, edo kolonizazio ideologikoa.

Hiztunen aktibazioaz hitz egiten denean, iruditzen zait, neurri handi batean, gakoa horixe besterik ez dela: gure burua deskolonizatzea.

Erantzun bat “Kolonialismo linguistikoa (eta bi)” bidalketan

  1. Pingback: Kolonialismoaz zertxobait | Allartean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude