Hirien soziolinguistika eta dibertsitate konplexuak

400-1462982233-KARTEL A3 WEBRECODE Europako Zientzia Fundazioak finantzatzen duen ikerketa-programa bat da, dibertsitateak ikertzea helburu duena. Akronimo bat da: “Responding to Complex Diversity in Europe and Canada”. Ideia hori bera defendatzen du: egungo dibertsitatea, lehengoarekin alderatuta, askoz konplexuagoa da. Programaren helburua da horren eragina aztertzea hainbat arlotan: dibertsitate linguistikoan eta hizkuntza politiketan, besteak beste.

Peter Kraus Augsburg-eko Unibertsitateko irakaslea da eta ikerketa-talde horretan parte hartzen du. Hitzaldi interesgarri bat eman berri du Migrazioak eta Europako Gutxiengo Kultural eta Linguistikoak izeneko jardunaldiaren baitan: ‘Dibertsitate konplexua, immigrazioa eta hizkuntza-politika’. Interesgarria iruditu zait, eta asko ikasi dut. Hona apunte batzuk:

  • Garai bateko dibertsitateari elementu berriak erantsi zaizkion neurrian, are konplexuagoa bihurtu da. Dibertsitate konplexua, batez ere, fenomeno urbanoa da: hirietan aztertu behar da bereziki. Dibertsitate konplexu horrek hirietako egoera linguistikoan duen eragina eta  hizkuntza politika ezberdinen ondorioak aztertzea da soziolinguistikak dituen erronka handienetako bat, ziur aski.
  • Hirietako dibertsitate linguistikoa ez da egoera berria. Atzera begiratuz gero, hiri eleanitzak erabat arruntak izan direla ageri da. Irakasleak adibide bat aipatu du: Vilnius. Lituaniako hiriburua da, baina 1926. urtean inork gutxik hitz egiten zuen lituanieraz bertan; errusieraz ere jende gutxik. Poloniera eta yiddisha ziren hizkuntza hedatuenak. Ekialdeko edota Erdialdeko Europan erabat arrunta zen egoera hori: okindegira joan eta —esate baterako— ogia polonieraz eskatzea; handik eskolara, eta alemanaz ikastea; eta etxean, familiarekin ,yiddishaz aritzea. Bizimodu eleanitz arrunta eta erabat bideragarria zen.
  • Azken mendean, ordea, homogenizazio kulturala nagusitu zen Europako modernitatearen paradigma gisa, harik eta Europako periferiatik eta beste kontinenteetatik etorritako migrazioak heterogeneitate berria sortu duen arte.
  • RECODE programak horrelako errealitateak ikertu nahi ditu, egoera konplexuak. Horretarako, bere baitan gehiengo baten eta gutxiengo baten arteko botere harremanak gordetzen dituzten hiriak bilatu dituzte, gero, migrazioen eraginez, dibertsifikazio berriak izan dituztenak: heterogeneotasun zaharra eta berria konbinatzen dituzten hiriak, alegia.
  • Peter Krausek, ildo horretatik, Helsinki eta Bartzelonako egoerak aztertu eta alderatu egin ditu. Bi kontu egin zaizkit deigarriak:
    • Helsinkin finlandiera eta suediera dira hizkuntza ofizialak, eta eskolak horren arabera antolatzen dira. Immigrazioaren hizkuntzek babes zabala dute (Integrative multilingualism), eta eskoletan immigranteen familia hizkuntzaren irakaskuntza bermatzen dute, horretarako eskaera nahikoa dagoen lekuetan: finantzazioa bertoko udalak hartzen du bere gain. Bartzelonan teoriaz antzeko zerbait defendatzen bada ere, aparteko finantzazioa bilatu beharra dago, ez baita horretarako baliabiderik bermatzen.
    • Dena den, datu azpimarragarria da Bartzelonako immigranteen % 40k bi hizkuntza nagusiak dakizkitela: katalana eta gaztelania. Helsinkin egoera bestelakoa da: oso gutxi dira finlandiera eta suediera, biak, ikasi dituzten migranteek. Krausen ustez —paradoxikoa bada ere—  Katalunian gatazka linguistikoa ageri-agerian egoteak badu horrekin zerikusia.
  • Ondorio interesgarri bat iradoki du. Bere ustez, egoera berri horretan arazo nazionala transnazionalizatu egiten da, eta transnazionala nazionalizatu. Fenomeno osagarriak dira: batetik, garbi ageri da dilema gaur egun ezin dela soil-soilik katalana vs. gaztelania izan, Bartzelonan hizkuntza ugari baitago bi horiez gain; bestetik, kanpotik etorritako hiritar horiek hautuak egitera behartuta ikusten dute beren burua (Kataluniako independentziari buruzko galdeketetan, esate baterako).

Gehiago jakiteko:

Hizkuntza ukatuak [Contested Languages]

EuropakoHizkuntzenMapaIkastolako ariketa batean, alabak Europan estatu elebakarrak zein diren bilatu behar zuen interneten. Esan eta egin. Besteak beste, honako hau aurkitu dugu:

  • Europan 50 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira.
  • Europa osoan  bakarrik hiru estatu elebakar dago (Portugal, Albania eta Bulgaria). Beste guztiak eleaniztunak dira; hau da, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten da beren lurraldean.
  • Espainian lau hizkuntza daude: Gaztelera, Euskara, Galiziera eta Katalana

Seigarren mailako Euskara eta Literatura liburu batetik ateratakoa da, antza. Ez pentsa, ez da horren berezia. Sarri entzun dugu hizkuntzak zerrendatzeko dauden zailtasunen berri.

Unesco Etxearen amaraun ikerketa taldeak Europako hizkuntzei buruzko lan bikain bat argitaratu zuen orain dela urte batzuk. Horri begiratuz gero:

Contested Languages (Hizkuntza ukatuak) estatuko hizkuntza nagusitik linguistikoki gehiegi bereizten ez diren hizkuntzak dira. Sarri ez dira ofizialak izaten, eta “dialekto” edo “patois” moduan sailkatu izan dira: asturiera, aragoiera, siziliera, napoliera, piemontera , bavariera… Bizitza publikotik at egon ohi dira, eta ez dute onarpen ofizialik. Edo alderantziz… onarpen ofizialik ez dutenez, bizitza publikotik at egon ohi dira.

Duela gutxi, Torinon, jardunaldi bat egin dute hizkuntza ukatuei buruz. Llengua i Dret aldizkariak horren kronika egin du bere blogean: hemen. Hizkuntza horientzat ikusgarritasun handiagoa aldarrikatu, eta horien aldeko indarrak batzeko beharra adierazi dute: aktibistek, adituek, akademikoek eta ikerlariek elkarrekin jarduteko beharra, alegia.