Hizkuntza eta ongizatea (Xiberoan)

BAT

BIHAR topaketaren testuinguruan, Hego globaleko herriek beren hizkuntzak biziberritzeari buruz dituzten diskurtsoak aztertu dituzte. Lau diskurtso edo kontakizun hauteman dituzte:

  • Diskurtso sinboliko-ekologikoa
  • Diskurtso politiko eraldatzailea
  • Balio pragmatikoaren diskurtsoa
  • Eta erantzukizun partekatuaren diskurtsoa

Diskurtso sinboliko-ekologiko horren baitan hizkuntza, natura eta espiritualtasuna lotzen dituzten ideiak ageri dira. Gure “ipar kolonizatu” honetan, deigarri egiten zaigu “hego globalean” ideia horiek horren bizirik egotea.

BI

Euskaldunok indigenak ote gara? Konfliktiboa da indigena kategoria. Elkarrekin inolako loturarik ez duten identitateak eta errealitateak elkarrekin lotzeko erabili izan da, nahiko modu maltzurrean. Baina batzuetan badu zentzua. Noiz-edo-noiz entzuna dut, gurean, Euskal Herrian, xiberotarrak direla gure benetako indigenak. Xiberoan are nabariagoa da lurrarekiko eta naturarekiko gertutasuna; baita eguneroko bizimoduaren zein kultur jardueraren dimentsio komunala ere, edota euskararekiko atxikimendua. Xiberoan bada zerbait telurikoa, espiritualitate berezi moduko bat (erlijio-kontuetatik erabat aparte). Badugu handik zer ikasi.

HIRU

Orain dela hainbat hilabete Helsinkiko Unibertsitatean argitaratutako tesi baten berri iritsi zitzaidan: Language ideologies and well-being in Xiberoa. Kayleigh Karinen da tesiaren egilea. Interneten bilatu nuen, eta pertsona bitxia iruditu zitzaidan. Izatez, Estatu Batuetan jaiotakoa da, finlandiar jatorriko familia batean. Cheerleading egiten du eta hainbat aldiz izan da munduko txapelduna. Cheerleader-ak dira Estatu Batuetako pelikuletan bertako kirol-taldeak animatzen agertzen diren animatzaileak. Hemen agertu zaitzaidan horren berri. 😉

LAU

Kayleigh Karinen-ek Xiberoan bertan egin zuen bere tesia. Hizkuntza-ideologiak ikertu nahi izan zituen, eta hizkuntzaren eta ongizatearekin arteko harremana ere bai. Hizkuntzek identitatearekin, pertenentziarekin eta legitimitatearekin dute zerikusirik: hortik datorkie, bere ustez, ongizatearekiko harremana. Dena den, lehen-lehenik komeni da jakitea jendarte jakin batean ongizatea nola kontzeptualizatzen den; hau da, idea horren atzean zenolako faktore psikologiko, sozial, ekonomiko, emozional eta politiko dauden.

BOST

Han-hemen irakurritakoaren arabera, hizkuntzek hiru mailatan eragiten dute hiztunen ongizatean:

  • Osasun emozionala eta psikologikoa ahalbidetzen dute: norberaren hizkuntzan hitz egiteak estresa eta antsietatea murrizten baititu.
  • Identitatea eta pertenentzia-zentzua ematen dute: hizkuntzak kultura eta memoria kolektiboa baitira.
  • Gizarte-kohesioa bermatzen dute: komunitate elkartuagoak, berdintasunezkoagoak eta parte-hartzaileagoak sustatzen baititu , aniztasunaren adierazpen askea ahalbidetuz.

Tesiaren arabera, Xiberoko euskal hiztunek hizkuntzarekiko eta identitatearekiko duten atxikimendu sakona da, eta horrek modu positiboan laguntzen dio ongizateari. Tarteka, ordea, diskriminazioaren ondorioak ere agerian geratzen dira.

SEI

Hizkuntza ideologiek dimentsio sozio-kulturala dute, baina baita dimentsio emozionala ere.

Kayleigh Karinen-ek hainbat ideologia identifikatu ditu bere tesian:

  • Euskara identitatearen eta lurraldearen hizkuntza dela dioen ideologia.
  • Hizkuntza-jarraikortasunaren ideologia
  • “Benetako hiztuna” edo hiztun legitimoaren ideologia
  • Hizkuntza garbiaren ideologia
  • Eleaniztasunaren aldeko ideologia

Ideologia horien arteko liskar esanguratsuak ere antzeman ditu tesian. Hiztun legitimoak izateko euskal hiztunei bertako edo antzinako loturak izatea eskatzen dieten ideologia garbizaleek hiztun berriak baztertu egiten dituzte. Bere ustez, hizkuntza-ideologia irekiago eta inklusiboagoek hiztunen ongizatea, komunitatearen kohesioa eta euskararen etorkizuna indartzen lagun dezakete.

Oro har, Woolard soziolinguistitak aipatzen dituen bi hizkuntza-ideologia “makroen” arteko continuum moduko bat antzematen da, nire ustez: benetakotasuna eta anonimotasuna

ZAZPI

Tesia hemen eskuratu daiteke: https://helda.helsinki.fi/items/0e7f0b62-4ae7-484f-9cf8-4dacd53c36c1