Justizia linguistikoa

Hiru apunte, Udaltopen haritik…

Hizkuntza eskubideak, justizia linguistikoaren oinarri

Zoritxarrez hizkuntza eskubideez hitz egin behar izatea ez da kontu berria. Ez da originala… baina egoerak zinez eskatzen du. Albiste ona da hizkuntza eskubideen katedra bat iragartzeko aukera izatea; interesgarria da lortutako apurrak blindatu nahi izatea “ez erregresibitatearen” printzipoaren bidez; debate interesgarria da, halaber, hizkuntza-eskubideak, giza eskubideak edo eskubide politikoak ote diren… Baina, esango nuke, oraindik ere bestelako erantzunak behar ditugula.

Gustatu zaitzaidan Vicenta Tasak kontatu zuen “jakintsuaren eta txoriaren parabola“. Honelako zerbait da parabola: “Kontua da bazegoela jakintsu bat, denen inbidia sortzen zuena. Egun batean, erregeak tranpa bat jarri nahi izan zion: –Txori bat eramango du nire eskuetan; galdetuko diot bizirik ala hilik ote dagoen. Bizirik dagoela esaten badit, estutuko dut hil arte, gero eskuak ireki eta lurrera erortzen utziko dut, oker zegoela ikus dezan. Hilda dagoela esaten badu, eskuak ireki eta libre utziko dut. Jakintsuak tranpa antzeman zuen eta honelaxe erantzun zuen: –Jauna, erantzuna zure esku dago”.

Parabolarekin adierazi nahi zuen ongi dagoela egitura juridiko sendo bat izatea, berdintasuna eta hizkuntza eskubideak defendatuko dituena… baina, praktika, azken batean, erabaki konkretuen mende egongo dela beti. Antzeko ideia entzun nion, duela gutxi, lagun abokatu bati. Haren ustez, legea kartak dira: garrantzitsua da karta onak izatea, baina baita karta horiekin ongi jokatzen jakitea ere. Ez dakit, bada! Juristek jakingo dute zer den, gaur egun, ongi jokatzea.

Memoria, justizia linguistikorako

Hizkuntzaren historia soziala memoria historikoa berreskuratzeko ariketa moduan aurkeztu dute. Gurea, azken batean, horixe da: azpiratze-prozesu baten memoria. Egia esan, hasiera batean enfoke berritzailea iruditu zait. Gerora ezetz ohartu naiz. Erdi ahaztuta nuen Dabid Anauten liburua: Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria. Edonola ere, ariketa polita da memoria historikoaren hiru elementuak —justizia, egia eta erreparazioa— euskararen historia sozialaren kontestura ekartzea. Memoria errestauratiboa? Bada hor zer pentsatu!

Justizia linguistikoa, mundu justuagoa nahi dugulako

Lehenik intersekzionalaren ideia etortzen zait burura: askotariko zapalketak eta askotariko borrokak. Behin aipamen interesgarri bat entzun nion Ramón Grosfoguel soziologoari:  “Ezin gara aldi berean borroka guzietan egon. Kontrakoa ere ez. Ezin ditugu borroka guztiak baztertu, zapalketa guztiak beren baitan biltzen ez dituztelako. Gure borroka hautatu behar dugu, eta bertan intersekzionalitatearen birusak izan.” (Ez da literala, nahiz eta kakotsen arten jarri).

Euskara elite pribilejiatu baten hizkuntza izatea egozten digutenean, argi izan behar dugu erantzuna. Baliteke gutako batzuk gizonak, zuriak, klase ertainekoak (agian) eta euskaldunak izatea.  Miren Artetxek horri identitate metatuak deitzen dio. Pribilejiatuak gara? Bai gizona eta zuria izateagatik (hori onartu, deseraiki eta borrokatu behar dugu), baina ez euskalduna izateagatik. Euskaldunok lortu dugun apurra ahalegin askorekin lortu dugu, eta oraindik ere ere oso modu prekarioan.

Gustatu zait MIRCO taldearen aurkezpena. Justizia sozialaz hitz egiteko, Nancy Fraserren eskema erabiltzea proposatzen dute. Horren arabera, berdinatasunak hiru baldintza eskatzen ditu: onarpena, baliabideak eta parte-hartzea. Horixe eskatu behar dugu euskararentzat gaztelaniaren aurrean. Baina… kontua da gauza bera nola egin, gugana iritsi eta hemen gurekin batera bizi diren hainbat eta hainbat hizkuntzekin. Nola kudeatuko dugu hizkuntza-aniztasun berri hori guztia, ikuspegi berdinzale eta justu batean? 

Azken hilabeteetan egokitu zait komunitate migratuetako jendearekin edo haiekin lan egiten duten boluntarioekin hitz egitea. Euskaldunok harresi bat sortzen ari garela pentsatzen dute.  Askoz konplexuagoa da bai, baina euskalgintzaren estrategia neurri batean horixe izan da: konpaktazioa… euskaldunak batu, gure “arnasguneak” sortzeko… Intersektorialtasunaren galdera gakoak horren baitan egin daitezke: hori egiten dugunean, nor uzten dugu kanpoan? nola egin ahal dugu inor kanpoan ez uzteko?. Arnasguneak behar ditugu, baina espazio partekatuak ere bai… Agian espazio partekatu horietan euskara ezin izango da hegemonikoa izan, baina han egon behar du.

Gazte jendearekin hitz egitea ere egokitu zait. Euskal Herrian euskara hegemonikoa izatea nahi dugula esaten dugunean, ideia horrek zarata eragiten diela ohartu naiz, deserosotasun moduko bat. Zer da hegemonikoa izatea? Tortillari buelta ematea? Orain bezala baina alderantziz? Zer da euskararen balio pragmatikoa aldarrikatzea? Euskara ikastea, bizimodu material hobea lortzeko? Eskailera sozialean gora egitea? Hori da bultzatu nahi duguna? Puf… ezetz esango nuke. Baina ez da horren erraza. Hor ere tranpa egin digute, eta agian euskararen kontrako diskurtsoa irentsi egin dugu ohartu gabe. Saldu egin digute komunitate migratuentzat gaztelania tranpolin bat dela, lanpostu hobea lortzeko bide bat… Eta euskara zer da? Hainbat lanpostuetara iristeko oztopoa? 

Zesar gogoan

Zesar Martinez istripuz hil zela jakin nuenean, bere testu bat nuen mesanotxe gainean irakurtzeko pendiente (Izaro Gorostidirekin batera idatzia): Ensanchar las coordenadas politicas de lo posible y lo realizable: las relaciones entre las iniciativas populares y las instituciones publicas.  Izenburuak berak mamia ederki laburtzen du. Izan ere, herri ekimenaren eta instituzio publikoen arteko harremanak korapilatsuak dira beti. Parte Hartuz taldeak aztertu dituen bi esperientzia erabiltzen ditu harreman horiek azaltzeko: Astra eta Karmela.

Zesar eta Izaroren ustez, mugimendu sozialak continuum baten baitan mugitzen dira: mutur batean, arlo instituzionalean parte hartzeko eta intziditzeko prestutasuna; eta, bestean, instituzioekiko distantzia eta autonomia gordetzeko gogoa

Zeinek bere kokapena hautatzeko eskubidetik abiatuta ere, lankidetza-espazioen birtualitateak aipatzen dituzte testuak:  espazio horiek funtzio demokratikatzailea izan dezaketela defendatzen dute; espazio publikoa indartu dezaketela, eta instituzioen inertziak mugiarazteko bide bat izan daitezkeela.

Jakina arriskuak daudela… kooptazioaz hitz egin ohi da: herri ekimena sistema barruan sartu eta sistemak irentsi. Ona da prekauzio-printzipioa. Baina… (ez dut gogoratzen nori entzun nion) Troiako zaldia hiri barnera sartu zuten soldaduak ere erabat sinetsita zeuden zaldia kooptatzen ari zirela.

Unibertsitateaz ere hitz egiten du testuak. Akademiak bilerak eta asanbladak erraztu ditzake; herri-jakintza sistematizatzeko lan egin dezake; ekimenen irismena handitzeko ikeketa espezifikoak egin ditzake; tokian tokiko komunitateen eta instituzio publikoen arteko bilerak eta harremanak erraztu ditzake… baina horrek guztiak txip-aldaketa bat eskatzen du unibertsitatean.

Parte Hartuz taldeak emandako hainbat ikastarotan parte hartu izan dut, Zesar tartean egon dela. Erreferente bat izan da (eta da) niretzat.  Hizneten amaierako lana egiteko garaian ere bera izan nuen tutore. 

Duela gutxi Bherria proiektuaren baitan antolatu zen on-line hitzaldi batean ikusi nuen pantailaren beste aldean. Teknikarion erronkei buruz ari ziren… desira-horizonte berriak behar ditugula aipatzen zuten: utopiak edo etorkizun desiragarriak, indarberrituko gaituztenak eta lanean jarraitzeko motiboak emango dizkigutenak. Zesarrek iruzkin txiki bat utzi zuen txatean. Nik kopiatu eta blogaren sarrera batera ekarri nuen (izenik aipatu gabe). Hauxe zen iruzkina (nik euskaratua):


Nire ustez, administrazio publikoaren barne-logikek desira-horizonte erosoak eta kontserbadoreak elikatzen dituzte, joera nagusi gisa (baita unibertsitatean ere, bertatik hitz egiten baitut). Bestelako desira-horizonteak nahi izateak jarrera militantea eskatzen du: konfrontatiboa ere bai, erakundearen hierakiarekiko. Erakundeek jarrera horiek oztopatu eta zigortu nahi izango dituzte, eta , testuinguru horretan, behartuta egongo gara hainbat gorabehera onartzera: errenuntziak, tentsioak… baita indarrean dauden arau eta protokoloen aurka borrokatu beharra ere (edo, bestela, arau eta protokolo horiek saihesteko moduak bilatzera, desobedientziaren bidetik).