Bosgarren barbarizazioa

GAUR8-k euskarari buruz antolatu zuen mahai-ingurua entzuten egon naiz egunotan, Nora Salbotx, Gartzain Garaio eta Aitzol Gil de San Vicente hizlari [hemen: https://www.youtube.com/watch?v=DWy3BZIumxU]. Nora Salbotxen ideia bat geratu zait buruan bueltaka. 

Gogoeta interesgarria egin du, Ibai Atutxaren Barbaroak eta Zibilizatuak liburutik tiraka. Izan ere, Ibai Atutxak barbarizazio kontzeptua defendatzen du, euskaldunon aurkako bortxa eta azpiraketa azaltzeko. Izaterik ez dago jende zibilizaturik, barbarorik gabe. Espainolek, zibilizatuak izateko, barbaroak behar dituzte aurrez aurre. 

Ibai Atutxak historian egotzi dizkiguten lau barbarizazio-prozesu aletzen ditu: 

  • Euskaldun idolatrak vs. Erdaldun kristauak 
  • Baserritar ingenuoak vs. hiritar modernoak
  • Etnia kolonizatua vs. modernizazioa dakarren kolonizazioa 
  • Terroristak vs. demokratak 

Noraren ustez, oraingo oldarraldi politiko-judizialak –eduki ditzakeen ondorio materialetatik harago– marko horretan sakontzea du helburu. Bosgarren barbarizazo-prozesu baten aurrean geundeke, beraz:

  • Euskaldun inposatzailea vs. Erdaldun berdinzalea

Horrela jaso eta horrela ekarri dut hona. Ez dakit zuek nola ikusten duzuen, baina esango nuke lortu ere lortzen ari direla; neurri batean bada ere.