(1)
Badira azkar irakurtzeko pentsatuak dauden liburuak. Deskripzio gutxi dute, digresiorik ere gutxi; elkarrizketa laburrak dira eta ekintzak ugari. Gaurkotasuneko gaiak ageri ahal dira, baina atrezzo gisa besterik ez. Ez da kritika bat. Iruditzen zait liburu horiek ere funtzio garrantzitsu bat betetzen dutela. Batzuek “literatura arina” deitzen diete. Zalantza dut termino horrekin. Duela gutxi, Ibon Martinen Bajamar liburua irakurri dut, Lekeitioan kokatua. Hainbat hilketa gertatzen dira herrian eta turismoarekiko protestak ageri dira fondoko teloi gisa. Ez du askoz gehiago sakontzen.
(2)
Asier Barrusok oso bestelako liburua idatzi du: “Turismoa, desazkundera bidaia”. Soziologoa da Asier eta nabari da. Turismoaren miseriak eta kalteak xehe-xehe azaltzen ditu: zarata eta zikinkeria, neurriz gaineko kontsumoa, uraren eta energiaren erabilera handia, azpiegitura berrien beharra, gentrifikazioa, bertako kulturaren folklorizazioa, lan prekarioa, lurralde-egitura aldatzea, espazio publikoa erabiltzeko moduak eraldatzea… Ondoren, norberaren kulpabilizaziotik harago (ez zara zu; sistema da!) hiru zeregin proposatzen ditu: (a) erresistentzia eta kontzientziazioa; (b) sektorearen berrantolaketa; (c) opor eta mugikortasun eredu berriak sortzea.
(3)
Gogoeta egin beharra dago. Benetan Tailandiara joan behar dugu, zoriontsuak izateko? Posible da bestelako turismoa? Turismo berdea, turismo jasangarria, turismo arduratsua… oximoron hutsak al dira horiek guztiak?
(4)
Udaberriko oporraldietan Xiberoa aldera joaten hasi ginenean, etxea Eroski bidaietan alokatzen genuen. Hutsik zeuden etxeak konpontzeko dirua jarri zuen Eroskik, eta, trukean, etxeak hainbat urtez alokatzeko aukera eskuratu zuen. Hegoaldeko oporraldietan hemengo jende ugari ikusten zen bertan. Gehiegi? Agian… Baina giro goxoa zen, eta hegoaldetar askori Xiberoa ezagutzeko aukera eman zigun horrek. Urte batzuk igarota, etxeak euren jabeei itzuli zizkieten. Egun, Xiberoan opor-etxe bat bilatu behar izanez gero, turismo-bulegoetan dozena erdi bat besterik ez duzu aurkituko. Plataforma globaletara jo beharko duzu ziur aski: booking, airbnb… Horrek bisitari-mota ere aldarazi du, baita hizkuntza aldetik ere.
(5)
Hizkuntzarai buruzko atal bat ere badu Asierren liburuak. Haren ustez, euskarari dagokionez, hiru arazo sortzen ditu turismoak: kulturaren folklorizazioa, hizkuntzaren balio sinbolokoa balio praktikoaren gainetik azpimarratzea, eta euskaldunen komunitate-harramanak ahultzea. Gaixotasunak bere baitan du sendabidea. Zer egin behar da? Hiru gauza: (a) hizkuntzaren balio instrumentala indartu, (b) folklorizazio eta maketinizazio hutsa saihestu eta (3) euskaldunen komunitate-harremanei eusteko neurriak hartzea. Erraza da esatea, egitea ez horrenbeste.
(6)
Plataforma per la llengua-k ikerketa bat egin berri du Poblenou auzoan, gentrifikazioak hizkuntzaren egoeran duen eragina ikusteko. Poblenou hautatu dute bertan turista eta “nomada digital” ugari dagoelako (etxetik lan egiten dutelako bizilekua nonnahi hautatu ahal dutenak). Diskurtso hegemonikoak auzoaren erakargarritasuna azpimarratu eta nazioarteko “kontsumitzaileak” erakarri ditu. Etxebizitzaren prezioek gora egin du; baita katalanak atzera egin ere, ingelesaren eta gaztelaniaren presiopean, batez ere komertzioetan. Nazioarteko kontsumitzaile horiek auzoa eurenganatu duten neurri berean, bertako (betiko) bizilagunek galdu egin dute beren nortasun kolektiboa. Halaxe azaldu dute “Fem petar la xerrada” izeneko podcastean: https://youtu.be/58LDyKwHJoo?si=aQEHqfskCDylh7yB