Hiztun berriak, hizkuntza eta subjektibitatea

Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren azken zenbakia irakurri berri dut, eta deigarria egi zait Joan Pujolar irakaslearen artikulua. Ikuspegi akademiko batetik, kritikoa da soziolinguistikak jorratu duen biderarekin. Haren ustez, soziolinguistikak beste diziplinen ideiak eta metodoak hartu eta egokitu egin ditu, baina besterik ez: oso berrikuntza gutxi ekarri dio teoria soziologikoari. Soziologian debate garrantzitsuak egon direla dio, eta soziolinguistikak hortik aparte egon dela, orain arte. Artikulua hemen duzue: Nous parlants: llengua i subjectivitat.

Subjektibitateaz ari da, subjektua izateaz. Subjektibitatea hainbat debateren erdigunean egon den (eta dagoen) kontzeptua da, eta bere ustez, hizkuntzak biziberritzearen aldeko mugimendua gai horietan sartu behar da, bai ala bai. Subjekbitateari lotuta, guretzat garrantzizkoak diren kontzeptuak ageri dira: mugimendu sozialak, botere-harremanak, aktibismo kulturala, neoliberalismoak eragiten duen bereizkeria, intersekzionalitatea… Nola ez gara, bada, horietan interesatuko? Funtsezkoa da kontzeptu horiek guztiak gure baitatik irakurtzea eta lantzea.

Subjektibitateari lotuta, identitatea ageri ohi da. Gehiagoxetan landu dugu, baina subjektibitatearen ikuspegiak bestelako argitasuna eman ahal dio. Pujolarrek dio biak —subjektibitatea eta identitatea— txanpon beraren bi aldeak direla. Lehena dinamikoa da, agentziari begirtzen dio; bigarrena era zurrunagoan ulertzen dugu: bagara edo ez gara… Haren ustez ez da horrela: identitateak ere uneoro negoziatzen ditugu.

Estruktura ala agentzia? Gure portaerak noraino daude erabat baldintzatuta eta noraino dago gure esku horiek aldatzea? Gure portaera gidatzen duten baldintza estrukturalak daude. Baldintza horiek batzuetan fisikoak dira, eta beste batzuetan mentalak, soziolizazio-prozesuaren ondorioz barneratuak. Egonkorrak dira eta eta aski erreiteratiboak. Agentzia, ordea, norbanakoek beren kabuz jarduteko gaitasuna da: hautatzeko, egiteko eta eragiteko gaitasuna… autonomia, azken batean. Gaizki ulertu ez badut, Pujolarrek bi horien arteko harremana dinamikoa dela defendatzen du.

Txiribuelta bat eginik, gaia gurera ekarri ahal dugu. Euskararen erabilera arautu (eta mugatu) egiten duten arau sozialak ditugu, estruktura gisa funtzionatzen dutenak: eremu jakin batean eta pertsona jakin batekin erabili beharreko hizkuntza edo erregistroa zein den arautzen dute. Erabilera-arauak dira. Hiztunaren hautua baldintzatzen dute. Gure artean, erabilera-arauei “hizkuntza-ohiturak” deitzen ohitu gara, izen horrekin atzean dauden botere-harremanak lausotzen baditugu ere.

Hizkuntza-ohiturak aldatu daitezke, jakina; baina inork ez digu esan hori nola egin behar den. Susmatzen dugu hiztunen agentzia indartzea dela gakoetako bat (ahalduntzea, egungo terminologiaren arabera); baina susmatzen dugu, halaber, hori ez dela nahikoa: baldintza estrukturalak ere ikutu behar dira… eta horiek hitz potoloak dira.

Eskaintza aktiboa

Urte batzuetatik hona eskaintza aktiboaren kontzeptua erabili izan dute osasungintzan. Kontzeptu interesgarria iruditzen zait, egun oso modu murriztuan erabiltzen badute ere.

Kontzeptua Kanadatik eta Galesetik inportatu omen dute:

Osasun-arreta hizkuntza gutxituan bermatzeko kanadarrek eskaintza aktiboa proposatu dute: aukerazko hizkuntza ofiziala erabiltzeko
gonbidapena, ahozkoa zein idatzizkoa, erabiltzailea osasun-zerbitzuetara bertaratzen den bakoitzean, betiere eskaera baino lehenago eta erabiltzaileak eskatzera behartu gabe. http://www.osagaiz.eus/article/view/160/181

“Bezeroak” ez du eskatu behar, eskaini behar zaio. Zerbitzua egokitu behar da: erabiltzailearen balizko beharrak identifikatu eta asetu. Bezeroaren eskubidea da, bai. Hori inork ez du zalantzatan jartzen. Baina erakundearen betebeharra ere bada (ez da hautazko kontu bat).

Nonbait entzuna dut, hizkuntza gutxituek ez dietela ekonomiaren legeei estu-estu jarraitzen. Ekonomian eskaintzak eskaerari jarraitzen dio. Jendeak zer nahi duen, merkatuak horixe eskaini, prezio onean. Hizkuntza gutxituen kasuan, ordea, eskaerak eskaintzari jarraitzen dio. Eskaintza ona eta kalitateazkoa den neurrian, hiztunak orduantxe eskatuko dute: orduantxe hautatuko dute.

Euskaraldia dator, eta entitateetan ariguneak antolatzera goaz: barne zein kanpo. Kanpo ariguneen baitan eskaintza aktiboaren ideia dagoela iruditzen zait. Eta, egia esanik, ni neu ideia horrekin konformatuko nintzateke. Pozik geratuko nintzateke, Euskaraldiak entitateetan horretarako, behinik behin, balio badu. Hots, entitateak bere baitarik eskaintza aktiboari buruzko gogoeta propio bat egiten badu: euskara nola eskaini era aktiboan, ze nolako dispositiboak antolatu, gure “bezeroak” euskararen bidea hauta dezaten. Ni neu, horrekin konforme!

Mapak eta kartografiak

Mapeoa modako hitza bihurtzeko bidean da: hitz magikoa; totem txiki bat. Mapeoak non-nahi egingo ditugu: herriz herri eta sektorez sektore. Norbanakoak zein entitateak identifikatu… baina sistema baten baitan betiere eta ezinbestean. Sistema hori kartografiatzea da mapeoa.

Orain dela urte batzuk, goiz bateko formazio-saio bat izan genuen partaidetzan aditua (eta aritua) den Tomas R Villasante irakaslearekin. Mapeoak haiek nola egiten dituzten azaldu zigun: aktore nagusien mapak dira (mapa de actores clave) eta soziogramak erabiltzen dituzte horretarako. Ez dira balizko eragileen zerrenda hutsak. Grafiko bakar batean aktoreak zein diren eta aktore horiek proiektuarekiko dituzten helburuak, motibazioak eta kokapenak erakusten dituzte.

Komunitate batean proiektu bat gauzatzeko eskura dauden aktiboak agerian jartzea da: aktiboen mapak dira.

Eragileak identifikatu ahala, bi ardatzen arabera kokatzen dira grafikoetan:

  • Batean eragile bakoitzak proiektuarekin duen kokapena adierazten da: erabat aldekoa (gutarra), aldekoa (baina diferentea), indiferentea, kontrakoa.
  • Bigarrean, eragile bakoitzaren agentzia-gaitasuna islatu behar da: bakoitzaren influentzia; hau da, proiektuan zenbatean eragin dezaketen (onerako edo txarrerako)..

Azkenik, elkarren artean dauden loturak islatzen dira: harremanak, gatazkak, aliantzak…

Gogoan dut Villasantek esandakoa. Mapa horiek era kolektiboan eraiki behar dira; ezin dira bulego batean sortu; izan ere, ERAIKI egin behar dira. Gainera, sortu ahala iraungi egingo dute, helburua ez baita errealitatea errepresentatzea, errealitatea eraldatzea baizik.

Egia esan, emaitzak ikusgarriak dira. Denbora laburrean egoera konplexu baten errepresentazio esanguratsua lortu daiteke, errazkerietan eta gehiegizko sinplikazioetan erori gabe.

Tomas R Villasante pertsonaje bat da. Youtube-n bideo pare bat aurkitu ditut, non formazio-lantegi horretan kontatu zizkigunak kontatzen dituen. Atentzioa ematen du zeinen erraz kontatzen duen eta zeinen erraz egiten duen. 😉

Bideoak hemen:

Soziolinguistika urbanoa: hirien anonimatoa

Aurki argitaratuko bide da VI. mapa soziolinguistikoa. Aurrekoetan bezala, Biztanleriaren eta Etxebizitzen zentsuan oinarriturik egongo da eta oraingoan 2016ko datuak emango ditu. Irakurketa oraindik zabaldu ez bada ere, datu gehienak eskuragarri daude EUSTATen web orrian. EAEko datuak dira eta ez euskararen lurralde osokoak.

Hiriei begira jarrita:

  • Autonomia Erkidegoan 6 udalerri daude 50.000 biztanle baino gehiago dituztenak: Bilbo,Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldo
  • Udalerri horietan ia miloi bat pertsona bizi dira (zehazki 978.620); EAEko biztanleen % 46,1. Arabako kasua are deigarriagoa da, Arabako lau biztanleetatik hiru hiriburuan bizi baitira.
  • Euskaldunen portzentajea % 25,3tik % 46,0ra bitartekoa da. Barakaldon da txikiena eta Donostian handiena. Batez bestekoa %32,3 da: hiru biztanleetatik bat euskalduna. Sei udalerri horietan 316.620 euskaldun bizi dira eta 197.362 euskaldun hartzaile.
  • 2011ko datuen arabera, euskaldun berrien ia erdia (% 49,3) sei udalerri horietan bizi ziren. Barakaldon eta Gasteizen lau euskaldunetatik hiru pasatxo ziren euskaldun berriak.

Euskal Herri urbanoaren aurpegi bat da, baina ez bakarra. Xabier Aierdiri entzun diogu, globalizazioaren ondorioz, hiri-kultura erabat gailendu egin dela Euskal Herri osoan. Hiri handietan, hirigune txikiagoetan eta herrietan ere bai. Bere esanetan, Euskal Herria oso herri modernoa da, eta euskaldunok are modernoagoak. 

Edonola ere, hirigune handi horiek arazo bereziak sortzen dituzte. Euskara herrietako kontestu komunitarioetan gorde da hobekien. Hiriaren dinamikak erantzukizuna leundu eta desagerrarazi omen du, Xabier Aierdiren hitzetan. Euskaldunari erantzukizunez jokatea eskatu zaio baina hirietan euskalduna askeago sentitu da erantzukizun horri itzuri egiteko: are gehiago bere burua euskaldun osotzat hartzen ez duten euskaldunen kasuan.

Honela dio Aierdik:

… hiriak euskaratik askatzeko balio diezaguke. Aurreko belaunaldi euskaldunentzako, konplexua sortzen zeneko tokia zen hiria, onarpena bakarrik arlote edo ezjakinaren rolak betetzetik zetorrelarik. Ondorioa? Isiltasuna! Gaur, ordea, hiztun osoa ez denarentzako, hiria hainbat koertziotik urruntzeko ezkutaleu aproposa da, hirian baino ez gara (edo izan gaitezke) anonimoak eta. Hirian isiltasuna hobeto izkutatu daiteke, behar den baino euskaraz gutxiago hitz eginda.

Armairutik ateratzeko deia egin zaigunean, armairu handi, goxo eta eroso bat aurkitu dugu hirietan. Jakinmina dut euskaraldia Bilbon, Gasteizen, Getxon eta Barakaldon zer izango den ikusteko. Iruditzen zait hirietan ahalegintxo gehigarri bat egin beharko dugula gure rola txintxo-txintxo betetzeko, bereizgarria ez disimulatzeko, eta anonimatoan urtzeko tentazioan ez erortzeko.

Eta, halere, optimista naiz. Animoso eta gogotsu ikusten ditut hirietako euskaldunak!

* Xabier Aierdiren testua, BAT aldizkarian: Mintzajardunaren azken urteotako bilakaera. Mikel Zalbideren testuaren inguruko hausnarketa marjinalak.

Euskaraldia ardatz

Birziklatzera bota aurretik, azken begirada bota diet Udaltop jardunaldietan hartutako apuntei. Udaltop berezia izan da aurten, Euskaraldia ardatz. Nola ikusi duzue ekimena orain arte? Tenperatura egokia hartzen ari da? Ala hotz samar oraindik ere?

Josune Zabalak euskaraldia nola neurtu azaldu zuen: Behin honetara ezkero…neurraldia ere bai. Klusterrak ere pilak jarri ditu, herriz herri euskaldiaren emaitzak neurtzeko. Zentzuzkoa da. Tamaina horretako egitasmo bati ekinez gero, merezi du emaitzak neurtzea: zenbat jendek parte hartu duen, zenolako motibazioekin parte hartu duten, zenbatean handitu den euskararen erabilera 11 egun horietan (emaitza) eta handik denbora tarte batera zenbateraino eutsi zaion erabilerari (inpaktua).

Ez naiz ni izango hori guztia zalantzatan jarriko duena. Ezta gutxiago ere!

Baina —egia aitortzera— horrek bakarrik epeltxo uzten nau. Susmoa dut benetako erronkak beste nonbait direla. Jardunaldietan bertan, Zesar, Amaia eta Imanol herrigintzaren magiaz aritu zitzaizkigun eta Tokian tokiko hizkuntza aktibazioaz hainbat gako izeneko lana aurkeztu zuten. Lan horretan herri aktibazioa lortu duten hainbat esperientzia aztertu dituzte eta bertako gakoak definitzen saiatu dira. Horren haritik galdera interesgarriak sortzen dira, jakin-mina pizteko modukoak:

  • Ados gaude denok Euskaraldiak egiazko behar sozial bati erantzutera datorrela? Behar hori ondo barneratu dugu? Atxikimendua eta engaiamendua pizteko baliagarria izan al da?
  • Talde eragile kohesionaturik sortu al dira? Asko kostatu da?  Talde zabalak izan dira? Sektore guztien onarpena izan dute? Nolako lidergoa garatu dute?
  • Talde eragileez gain, nolako egiturak sortu ditugu? Irekiak eta horizontalak? Nola funtzionatu dute? Lidergoa elkarbanatzeko moduko egiturak izan al dira? Eraginkorrak izan dira? Eraikitze kolektiborik ahalbidetu dute, ala goitik beherako transmisio hutsa izan da?
  • Abiapuntutzat hartu ditugun oinarri teoriko-ideologikoak sendoak izan dira? Eta… prozesu osoan zehar zer ikasi dugu? Zertan aberastu ditugu oinarri horiek?
  • Eta administrazioaren babesa? Zelan joan da? Babes politikoa izan da? Ekonomikoa? Benetako inplikaziorik egon al da? Eredugarritasunik? Tokian tokiko proiektuak ko-gestionatzeko borondatearen zantzurik egon al da? Ala delegazionismoa? Igurtziak maitasunik sortu al du ala zauri berriak ireki?

Iruditzen zait galdera horietatik askoz gehiago ikasi ahal dela.

Kontzientziatik portaerara

TRANTSIZIO SOZIOEKOLOGIKOAN dauden herrien eta hirien mugimendua fenomeno berria da. Izena  Rob Hopkins permakultoreak proposatu zuen 2006. urtearen bueltan, eta arrakasta lortu zuen hainbat ingurutan. Oinarrian ideia hau dago:

“Ingurumenaren bueltako aktibistek azken 30-50 urteotan erabili ditugun erremintak (protestatzea/ manifestazioak/ presionatzea), ez-nahikoak dira aurrean ditugun desafioen eskalari erantzuteko. Sekula ez dugu lortu kultura nagusiak konpromisorik hartzea horren inguruan, eta, ondorioz, gauzak egiteko beste modu batzuk bilatzen ari gara”.

Mugimendua ez da dogma itxietan oinarritzen. Sarri adierazi dute ez dituztela erantzun guztiak, ezta ziurtasun guztiak ere. Adierazi ohi dute jakin ere ez dakitela euren bideak funtzionatuko ote duen. Eurena, azken batean, esperimentu sozial bat besterik ez da, ezerezean gera daitekeena eskala handi samar bat lortzen ez badu.

Dena den, hiru oinarri aipatu izan dituzte:

  • ezin gara zain gobernuek zer egingo duten; beranduagi izan daiteke.
  • maila pertsonalean zerbait egin ahal dugu, baina emaitzak apalak izango dira
  • komunitate gisa jardunez gero, litekeena da egiten duguna aski izatea garaiz iristeko.

Hizkuntzaren inguruan antzeko kezkak aurkitu ditugu:

  • ez zaigu egokia iruditzen zama euskal hiztunengan uztea;
  • instituzioen ardura aldarrikatzen dugu,
  • baina ez dugu zain egon nahi.

Pello Jauregik txit ondo adierazi zuen Udatop jardunaldietan. Mikrotik makrora hiru erabaki-maila berezi zituen: pertsonak, entitateak eta botere publikoak (uste dut ez zituela hitz horiek erabili, baina nik horrela ulertu nion). Beharrezkoa da hirurak elkar elikatzea. Aurten pertsonak aktibatzera goaz… Egongo da entitateak eta botere publikoak aktibatzeko beharra eta garaia.

Orain arteko paradigma formula bakar batean biltzerik balego, Jauregik argi dauka zein den: ezagutza + sentsibilizazioa = erabilera. Horretan jardun dugu. Ezagutza bermatu dugu (batez ere eskolaren bidez) eta sentsibilizazioa, kontzientzia, atxikimendua…  landu ditugu.

Kontua da horrek eragin mugatua izan duela gure portaeretan. Ferran Suey-k ingurumen hezkuntzarekin alderatu izan du: “Argi dugu plastikozko boltsa gutxiago erabili behar ditugula. Lehen ere bagenekien. Baina orain zerbait aldatu da. Orain jakin badakigu guk geuk egiten duguna errelebantea dela eta inpaktua izan dezakeela”.

Bai, hor dago gakoa. Kontzientziatik portaerara jauzi egiteko mekanismoa hori da: zinez sinistea gure ekintzak errelebanteak direla eta inpaktua izan dezaketela.