Hizkuntza eta subjektibitatea

Joan Puyolar irakasleak Treballs de Socioling√ľ√≠stica Catalana aldizkariaren azken zenbakian dioenaren arabera, soziolinguistikak beste diziplinen ideiak eta metodoak hartu eta egokitu egin ditu, baina oso berrikuntza gutxi eragin ditu teoria soziologikoan. Haren ustez soziolinguistika oso aparte egon da soziologian piztu izan diren debate garrantzitsuenetatik. Artikulua hemen duzue: Nous parlants: llengua i subjectivitat.

Artikuluan subjektibitatea kontzeptua lantzen du. Subjektibitatea hainbat debateren erdigunean dagoen kontzeptua dela azaldu du. Bere ustez, hizkuntza biziberritzearen aldeko mugimendua gai horietan sartu behar da, bai ala bai. Mugimendu sozialak, boterea, aktibismo kulturala, neoliberalismo eta bereizkeria, intersekzionalitatea… interesatzen zaigu horiek guztiak gure baitatik lantzea.

Subjektibitatea eta identitatea terminoak solapatu egiten dira sarri, baina debate paraleloak sortzen dituzte: txanpon beraren bi aldeak dira. Subjektibitateak agentzian jartzen du fokoa: agentibitatea, eragiletza, hautatzeko margena azpimarratzen du. Identitateak, ordea, determinazio estrukturala azpimarratzen du.

Estruktura ala agentzia? Zein nagusitzen da? Debate interesgarria da, baina ezin du erantzun erabatekorik izan. Ez bata eta ez bestea. Estrukturak aukerak eta hautuak baldintzatzen dituzten pautak dira, sozializazio-prozesuaren ondorio: aski egonkorrak eta aski erreiteratiboak. Agentzia, ordea, norbanakoek beren kabuz jarduteko ahalmena da: hautatzeko, egiteko eta eragiteko ahalmena… Autonomia, azken batean.

Gurera etorrita, interesgarria izan daiteke erabilera-arauei buruz gogoeta txiki bat egitea. Erabilera-arauak arau sozialak dira eta hiztunen hizkuntza-erabilera arautzen dute; hau da, eremu jakin batean eta pertsona jakin batekin erabili beharreko hizkuntza, barietatea edo erregistroa zehazten dute. Erabilera-arauak hautua kondizionatzen duten baldintza estrukturalak dira, baina ez dute hiztunaren agentzia erabat ezabatzen. Hiztunak bere identitatea egunero negoziatzen du bere jardunean.

Erabilera-arauei, gure artean, “hizkuntza-ohiturak” deitzen ohitu gara, nahiz eta, izen horrekin, atzean dagoen botere-harremana lausotzen dugun. Erabilera-arauak aldatu daitezke. Inork ez digu esan hori nola egin behar den, baina susmatzen dugu hiztunen agentzia indartzea dela horretako gakoa.

1 thought on “Hizkuntza eta subjektibitatea

  1. Lagun batek egindako iruzkina, poema bihurtuta:

    “Hizkuntza ohiturak
    botere-harremanetan ernatu egiten dira
    arau sozialetan kimetu
    eta inertzietan loratu”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude