Kontzientziatik portaerara

TRANTSIZIO SOZIOEKOLOGIKOAN dauden herrien eta hirien mugimendua fenomeno berria da. Izena  Rob Hopkins permakultoreak proposatu zuen 2006. urtearen bueltan, eta arrakasta lortu zuen hainbat ingurutan. Oinarrian ideia hau dago:

“Ingurumenaren bueltako aktibistek azken 30-50 urteotan erabili ditugun erremintak (protestatzea/ manifestazioak/ presionatzea), ez-nahikoak dira aurrean ditugun desafioen eskalari erantzuteko. Sekula ez dugu lortu kultura nagusiak konpromisorik hartzea horren inguruan, eta, ondorioz, gauzak egiteko beste modu batzuk bilatzen ari gara”.

Mugimendua ez da dogma itxietan oinarritzen. Sarri adierazi dute ez dituztela erantzun guztiak, ezta ziurtasun guztiak ere. Adierazi ohi dute jakin ere ez dakitela euren bideak funtzionatuko ote duen. Eurena, azken batean, esperimentu sozial bat besterik ez da, ezerezean gera daitekeena eskala handi samar bat lortzen ez badu.

Dena den, hiru oinarri aipatu izan dituzte:

  • ezin gara zain gobernuek zer egingo duten; beranduagi izan daiteke.
  • maila pertsonalean zerbait egin ahal dugu, baina emaitzak apalak izango dira
  • komunitate gisa jardunez gero, litekeena da egiten duguna aski izatea garaiz iristeko.

Hizkuntzaren inguruan antzeko kezkak aurkitu ditugu:

  • ez zaigu egokia iruditzen zama euskal hiztunengan uztea;
  • instituzioen ardura aldarrikatzen dugu,
  • baina ez dugu zain egon nahi.

Pello Jauregik txit ondo adierazi zuen Udatop jardunaldietan. Mikrotik makrora hiru erabaki-maila berezi zituen: pertsonak, entitateak eta botere publikoak (uste dut ez zituela hitz horiek erabili, baina nik horrela ulertu nion). Beharrezkoa da hirurak elkar elikatzea. Aurten pertsonak aktibatzera goaz… Egongo da entitateak eta botere publikoak aktibatzeko beharra eta garaia.

Orain arteko paradigma formula bakar batean biltzerik balego, Jauregik argi dauka zein den: ezagutza + sentsibilizazioa = erabilera. Horretan jardun dugu. Ezagutza bermatu dugu (batez ere eskolaren bidez) eta sentsibilizazioa, kontzientzia, atxikimendua…  landu ditugu.

Kontua da horrek eragin mugatua izan duela gure portaeretan. Ferran Suey-k ingurumen hezkuntzarekin alderatu izan du: “Argi dugu plastikozko boltsa gutxiago erabili behar ditugula. Lehen ere bagenekien. Baina orain zerbait aldatu da. Orain jakin badakigu guk geuk egiten duguna errelebantea dela eta inpaktua izan dezakeela”.

Bai, hor dago gakoa. Kontzientziatik portaerara jauzi egiteko mekanismoa hori da: zinez sinistea gure ekintzak errelebanteak direla eta inpaktua izan dezaketela.

Euskara teknikariei jarriak

Ruperren kantu ezaguna parafrasetzeko tentazioa izan dut sarri: «Inork ez zidan esan teknikaria izatea zein nekeza den. Hobe nuela hautatzea munduko hiritarra izatea».

Sentsazioa gazi-gozoa da: inoren lurraldean ez egotea. Ez gara erabat administrazioa, administrazioak erabat onartzen ez gaituelako; ezta gizarte mugimendua ere. Euskara teknikaria ez da funtzionario peto-petoa, ezta karrerako funtzionario diren apurrak ere (gehienok interinoak baikara).

Norentzat ari gara lanean? Zein da gure “nagusia” eta zein da gure “bezeroa”? Alkatea eta zinegotziak? Administrazioa? Euskararen gizarte erakundeak? Herritarrak? Euskaldunak? Hobe galdera gehiegi ez egitea, krisi identitario batean murgildu nahi ez baduzu.

Noiz edo noiz gertatu izan zaigu teknikari moduan administrazioaren aurrean euskararen gizarte erakundeen demandak defendatu behar izatea. Ez da erraza. Are gutxiago demanda horien atzean gatazka puntu bat dagoenean. Langile komunitarioek “tentsio sortzailea” deitu izan diote horri, eta beren lanbidearen parte dela ulertzen dute. Halakoetan administrazioaren aurrean argudiatu beharra izaten da, eta eragileekin protesta berbideratzen saiatu: protestatik propuestara, gatazketatik proiektuetara, eta administrazioa bera desbordatu. Ez da lan erraza.

Euskara teknikariak bokazio aktibista eta herritarra duten jendea dira, lan profesional  bat egin nahian ari direnak, testuinguru formal eta burokratiko batean. Ez da harrigarria, beraz, halako nahasmendu identitarioa izatea.

Eta horiek horrela… zergatik lanbide hau hautatu? Kontua da gutako askok ez genuela euskara teknikari izatea erabaki. Egun batean esnatu ginen, eta han geunden gu… dinosaurioaren ondoan, hura eraldatu nahian.

Berritu ala hil

MIGUEL ANGEL SANTOS GUERRA hezkuntza zientzietan doktorea da eta Malagako unibertsitateko katedratiko emeritua. 74 liburu eta ehunka artikulu idatzi ditu, hainbat gairi buruz: zentroen antolaketaz, hezkuntzaren ebaluazioaz, ikastetxeetako zuzendaritzaz edota irakasleen formazioaz, besteak beste. Aspalditik jarraitzen diot, Ikastolen Elkarteak ebaluazioari buruzko jardunaldi batera ekarri zuenetik. Blog bat idazten du La Opinión de Málaga egunkarian: El adarve

Orain dela aste batzuk berrikuntzari buruzko sarrera interesgarri bat argitaratu zuen: “Innovar o morir”. Berrikuntzaz zera dio:

“Instituzioen minbizia da errutina. Errutina ekimen oro inertzien kate motzean lotzen ditu. Irrika deusezten du eta ustekabeak ezabatu. Aurtengo planifikazioa nola egingo dugu? Iazko moduan. Ebaluazioa nola? Betiko moduan. Ikasleak nola taldekatuko ditugu? Urtero bezala.”

Aldaketa soila eta berrikuntza bereizi behar direla dio Santos Guerrak, eta berrikuntzak bost ezaugarri behar dituela, bere ustez:

  • Lehenik, betikoa kolokan jartzea da. Inkonformismo ariketa bat da… betikoak emaitzarik ematen ez duelako, arazorik sortzen duelako edota motibazioa akatzen duelako.
  • Bigarrenik, berrikuntza sormena da. Zerbait berria eta eraldatzailea sortzea da: edukia izan daiteke, edo metodoa.
  • Berrikuntzaren helburua gauzak hobeto egitea da: hobekuntza.
  • Berrikuntzak irrika, konpromiso, ilusio eta entusiasmo dosi handi bat behar du. Gogo beroz ekin behar zaio, aurrera egingo badu. Gogoz kontra, nekez sortuko da berrikuntzarik.
  • Azkenik, ahal dela, berrikuntzak izaera kolegiatua izan beharko luke. Berdin dio pertsona bakar baten ekimena izatea: komeni da ezaguna, partekatua eta kontsentsuatua izatea.

Udaltop jardunaldietan “Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin” proposamena aurkeztu zuten Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleon Topaguneak. Hizkuntza ohiturak aldatu eta gizarte aktibazioa bilatuko duen proposamena da. Aurkezpenean adierazi zuten proposamen berritzailea dela: edukiagatik (aktibazio pertsonala eta soziala bilatzen du) eta egiteko moldeagatik (instituzioen eta gizarte mugimenduaren arteko lankidetzan oinarritua).

Arrakastarik izango ote du? Agian bost ezaugarri horien baitan dago koska.