Euskalgintza eta politikaren eraldaketa

Irakurri zenuten Lorea Agirren eta Edurne Eskisabelen Trikua esnatu da liburua? Munduala ezta? Bada, bilduma berean, Mari Luz Estebanen beste liburu eder bat, kasik oharkabean pasatu dena: Feminismoa eta politikaren eraldaketak. Gaztelerazko bertsioa argitaratu berri da, eta horren aurkezpena egin du hainbat lekutan (hemen, adibidez). Hortik izan dut haren berri.

Azken urteetan feminismoaren eta euskalgintzaren arteko paralelismoaz hitz egin izan da sarri. Oraingoan bereziki bitxia egin zait, tarteka, feminismoz ari zela ahaztu eta euskalgintzaz ari zela pentsatzera iritsi bainaiz.

Orohar hiru gai lantzen ditu liburuan:

  • Mugimendu feminista eta han gertatu diren eraldaketak
  • Jakintza sortzeko metodoak
  • Feminismoak egun agendan dituen gaiak.

Zuen (eta haren) baimenarekin, ariketatxo bat egin nahi izan dut. Han ageri diren hiru-lau ideia transkribatu (eta eraldatu) egingo ditut, horiek euskalgintzaren errealitatea ere ondo deskribatzen duten ikusteko.

Horra, bada!

— Bat.

Euskalgintza dibertsifikatu egin da. Oro har, lau multzo ikusten dira: (a) elkartegintza eta euskalgintza herritarra, (b) euskalgintza instituzionala, (c) euskalgintza profesionala, (d) euskalgintza akademikoa.

Alde horretatik, euskalgintzaren instituzionalizazioa eta profesionalizazioa nabaria da. Mugimendu euskaltzalea, XX. mendean —mugimendu feminista bezala— herritarra zen, horizontala eta sistema bera aldatzea zuen helburu. Gaurko egoerari begiratu eta galdera ugari sortzen da, ordea. Gure buruari galdetu ahal diogu: Gaur egun, posible al da erakunde, unibertsitate edo zentro ofizial bat herritarra izatea? Nola egiten dugu, sistemaren parte izatea eta sistema aldatu nahia bateratzeko? Instituzioetan parte hartu eta instituzioak aldatzeko nola borrokatu? Euskara zerbitzu batetik kolokan jar daiteke erakundearen hizkuntza politika? Instituzioetan dauden euskaltzaleak nola babestu, kritikari uko egin gabe? Instituzioekin harremanak nola ehundu, mugimendu tutelatua bihurtu gabe? Nola eta noraino sinkronizatu behar dira mugimenduaren eta administrazioaren denborak? Eta, mugimenduaren baitan, liberatuen eta boluntarioen denborak? Nabari da badela zer pentsatu!

— Bi.

Akordatzen zarete garai bateko batzarrez eta mintegiez? Arnasa luzeko eztabaida-prozesuak ziren: lantalde bat bildu; eztabaidatu; hasierako ponentzia sortu; eskualdeetan azaldu; eztabaidatu; zuzenketak proposatu; mintegia bildu; talde txikietan eztabaidatu; bozkatu; ponentzia birrosatu.

Egun —Mari Luzek dioen bezala— bestela egiten da. Talde txikietan lan egin ondoren, ondorio bat edo bi post-it batean bildu, post-it guztiak horman itsatsi, emaitzari argazkia egin… eta etxera. Hurrengo egunean, argazkia jasoko duzu Whatsappean edo posta elektronikoan.

Metodologia parte-hartzaileen onurak ukatu gabe, “epistemologia hausnarkaria” defenditzen du: errumiantea, ideiei buelta bat baino gehiago ematen diena. Eztabaida lasai eta sakona. Slow, nahiago baduzue. Metodologia parte-hartzaileek epe laburruan ahalik eta emaitzarik onena lortzea dute helburu: kontsentsu azkarrak, batzuetan azalekoak badira ere. Autokontzientzia lantzeak, ordea, berdinen arteko eztabaida eskatzen du, eta hori denbora da. Deliberazioak ere denbora eskatzen du; are gehiago, helburua narratiba konpartituak sortzea bada.

Jakintza sortzeko moldeez ari dela, kolektibotasunaren eta anonimatoaren kultura ere aipatzen du, lehengo feminismoaren (euskalgintzaren?) ezaugarri gisa: jakintza era kolektiboan sortu eta era kolektiboan zabaldu. Egun, ordean, adituen kulturan bizi gara, gero eta nabarmenago.

— Hiru.

Inoiz pentsatu duzue zein diren politika (euskaltzale) baten arrakasta bermatzen duten ahalmenak eta trebetasunak? Liburuan honakoak proposatzen dira:

  • Arazoen teorizazioa eta errealitatearen diagnostiko konplexuak eta txukunak egitea
  • Testuinguruak ondo ezagutzea eta testuinguru horietara teoriak zedarriztatzea
  • Galdera berriak egitea
  • Aldaketarako eta disidentziarako estrategiak bururatzea eta aurrera eramatea
  • Herri-elkarteak indartzea eta gizartea astintzea
  • Euskaratik urruntxeago dauden herritarrekin nola aritu jakitea
  • Ordezkari politikoekin negoziatzen edo haiek presionatzen asmatzea

Erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia…

Zientzia politikoen arabera, estrategia hirukoitza izan ohi dute mugimendu sozialek: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

Mugimenduak, sarritan, erresistentziarako sortu ohi dira. Egonezinean eta haserrealdian kimatu, eta protestaren logikari lotzen zaizkio.

Gerora, batzuek intzidentziaren estrategiari jarraitzen diote. Esfera publikoan eragin nahi dute, eta influentzia lortu, sistemaren parte bat aldatzeko. Litekeena da bide horretan erresistentzia-grina galtzea, Edo agian ez.

Hirugarren espazio bat ere zabaltzen da: arazoei irtenbideak ematea, botere publikoetatik harago. «Ez, erresistentzia ez da aski. Gure burua antolatu nahi dugu, gure buruaren jabe izateko. Gu geu gara erantzuna. Autogestioan sakondu eta disidentzia sortu nahi dugu».

Lehengo begiratu batean irudi lezake euskalgintzak bere burua dibertsifikatzea hautatu izan duela. Irudi lezake antolakunde batzuk erresistentziarako jaio direla; beste batzuk, intzidentziarako; eta badirela, halaber, disidentziarako bokazioa dutenak. Hori horrela, antolakunde horiek guztiek sistema bat osatuko lukete, eta sistemak ondo funtzionatuko luke, hiru estrategiak hartzen dituelako. Arreta gehiagorekin begiratuz gero, ezetz ikusten da. Ez da erabat horrela. Hiru estrategiaren zantzuak ikusten dira antolakunde guzti-guztietan.

Edgar Morinek printzipio hologramatikoa deitu zion horri: zati guztiek osotasun bat eratzen dute, baina osotasun hori zati bakoitzaren baitan ere bada. Zelula baten adibidea aipatu ohi da. Organismoa zelulaz osatu dago, baina zelula bakoitzean organismoaren ADN osoa dago txertatua. Mugimendu euskaltzalea ere horrelakoxea da. Erakunde bakoitzak mugimendu osoaren ADNa biltzen du bere baitan: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

Gibel solasa. Litekeena da gobernantza eredu berria(k) ate joka aritzea. Kontzeptua, behintzat, indarrez sartu da gure diskurtsoetan: instituzioek eta mugimenduek elkarrekin jardutea proiektu komunak abiatzeko. Nola deituko diogu? Konbergentzia? Ez dago gaizki esana: erresistentzia, intzidentzia, disidentzia… eta, behar denean, konbergentzia ere bai.

Euskaraldia ardatz

Birziklatzera bota aurretik, azken begirada bota diet Udaltop jardunaldietan hartutako apuntei. Udaltop berezia izan da aurten, Euskaraldia ardatz. Nola ikusi duzue ekimena orain arte? Tenperatura egokia hartzen ari da? Ala hotz samar oraindik ere?

Josune Zabalak euskaraldia nola neurtu azaldu zuen: Behin honetara ezkero…neurraldia ere bai. Klusterrak ere pilak jarri ditu, herriz herri euskaldiaren emaitzak neurtzeko. Zentzuzkoa da. Tamaina horretako egitasmo bati ekinez gero, merezi du emaitzak neurtzea: zenbat jendek parte hartu duen, zenolako motibazioekin parte hartu duten, zenbatean handitu den euskararen erabilera 11 egun horietan (emaitza) eta handik denbora tarte batera zenbateraino eutsi zaion erabilerari (inpaktua).

Ez naiz ni izango hori guztia zalantzatan jarriko duena. Ezta gutxiago ere!

Baina —egia aitortzera— horrek bakarrik epeltxo uzten nau. Susmoa dut benetako erronkak beste nonbait direla. Jardunaldietan bertan, Zesar, Amaia eta Imanol herrigintzaren magiaz aritu zitzaizkigun eta Tokian tokiko hizkuntza aktibazioaz hainbat gako izeneko lana aurkeztu zuten. Lan horretan herri aktibazioa lortu duten hainbat esperientzia aztertu dituzte eta bertako gakoak definitzen saiatu dira. Horren haritik galdera interesgarriak sortzen dira, jakin-mina pizteko modukoak:

  • Ados gaude denok Euskaraldiak egiazko behar sozial bati erantzutera datorrela? Behar hori ondo barneratu dugu? Atxikimendua eta engaiamendua pizteko baliagarria izan al da?
  • Talde eragile kohesionaturik sortu al dira? Asko kostatu da?  Talde zabalak izan dira? Sektore guztien onarpena izan dute? Nolako lidergoa garatu dute?
  • Talde eragileez gain, nolako egiturak sortu ditugu? Irekiak eta horizontalak? Nola funtzionatu dute? Lidergoa elkarbanatzeko moduko egiturak izan al dira? Eraginkorrak izan dira? Eraikitze kolektiborik ahalbidetu dute, ala goitik beherako transmisio hutsa izan da?
  • Abiapuntutzat hartu ditugun oinarri teoriko-ideologikoak sendoak izan dira? Eta… prozesu osoan zehar zer ikasi dugu? Zertan aberastu ditugu oinarri horiek?
  • Eta administrazioaren babesa? Zelan joan da? Babes politikoa izan da? Ekonomikoa? Benetako inplikaziorik egon al da? Eredugarritasunik? Tokian tokiko proiektuak ko-gestionatzeko borondatearen zantzurik egon al da? Ala delegazionismoa? Igurtziak maitasunik sortu al du ala zauri berriak ireki?

Iruditzen zait galdera horietatik askoz gehiago ikasi ahal dela.