Hizkuntzen ekologia eta ekologiaren hizkuntza

> Bat

Bikaina iruditu zait Unai Pascualek eta Dylan Inglisenek People and Nature aldizkarian argitaratu duten artikulua. Bikaina irudi zait, halaber, Elhuyar aldizkariak eman dion titularra: “Hizkuntza gutxituen defentsa instrumentu ahaltsua da planetaren jasangarritasuna lortzeko”.

Izan ere, azaldu dutenaren arabera, naturari hiru balio-mota ematen dizkiogu nagusiki: balio instrumentalak, balio intrintsekoak edo harreman-balioak. Egileek frogatu dute badela patroi bat perfil soziolinguistikoaren eta natura balioztatzeko moduaren artean. Horren arabera, erlazionaturik daude euskal hiztuna izatea eta naturari harreman-balioa ematea, hau da, euskal hiztunengan nagusi dira harreman-balioak. Zergatik? Elhuyar aldizkarian erantzuna: “Harreman-balioek zerikusi handia dute gure identitatearekin. Eta identitate hori hainbat gauzarekin elikatzen da. Euskaldunok lotura estua dugu gure paisaiarekin eta baita euskararekin ere, gure identitatearen parte dira”.

> Bi

Esango nuke adin batetik gorako euskaltzaleak aldi berean mendizaletu eta euskaltzaletu egin zirela. Nik neuk ere nahiko loturik bizi izan ditut euskara, natura eta mendia. 

Bitxikeria bat: Gasteizko mendi-talde nagusietako batek Gazteiz izena duela (bai… biak z letraz idatzia). 50 urte bete ditu. Taldea sortu zutenek ez zuten, ziur aski, euskara maila handi-handirik izango, baina garbi zuten taldearen izena euskaraz izan behar zela.

> Hiru

Arran Stibbe irakasleak Ecolinguistic liburua argitaratu zuen duela zenbait urte. Bigarren izenburua are esanguratsuagoa da: “Language, Ecology and the Stories We Live By” (Hizkuntza, ekologia eta bizi gaituzten errelatoak).

Egilearen arabera, ekolinguistikak bi enfoke biltzen ditu: hizkuntzen ekologia eta ekologiaren hizkuntza, nolabait esatearren. Lehen enfokearen helburua da kultura- eta hizkuntza-aniztasuna defendatzea. Bigarrenak ekosistema kaltetzen duten diskurtsoak identifikatzea eta agerian jartzea du helburu.

Hori horrela, “bizi gaituzten errelato horiek” egitura kognitiboak direla azpimarratzen du, pertsonengan edo jendarteetan sortuak (kognizio sozialak ere baitaude). Egitura kognitibo horiek baldintzatu egiten dute ingurunearekin nola harremantzen garen. Ekolinguistikak errelato horietako batzuk desenmaskaratu nahi ditu: kontsumoari buruz hitz egiten duten errelatoak, etenik gabeko hazkundeari buruzkoak, publitatearenak, natura erraminta edota baliabide huts gisa aurkezten dutenak, eta abar… Liburuan, horien atzean dauden mekanismoak azaltzen ditu: ideologiak, framing-ak, metaforak, balioespenak edo ebaluazioak, ezabapenak, identitatearen teoriak, usteak eta sinismenak, errelatoak… Hori guztia on-line ere bada, ikastaro bihurtua, eta libre da sarbidea. Hemen: http://storiesweliveby.org.uk/

> Lau

Yásnaya Elena Aguilar Gil mixe hiztuna da: hizkuntzalaria, idazlea, itzultzailea, ikerlaria eta, batez ere, hizkuntza aktibista. Oso aktiboa da sare sozialetan eta handik ezagutzen dugu askok. Hizkuntzei buruz ari garela, Mexikoko eta Abya Yala osoko ahotsik interesgarrienetako bat dela iruditzen zait. Merezi du bere testuak irakurtzea. Blog bat idazten du hemen: https://estepais.com/blogs/ayuujk/

Hizkuntzaren eta lurraldearen defentsa aldarrikatzen du, eta ingurumenak ere bereziki kezkatzen du. Azken hilabeteetan dokumental-sorta bikain batean parte hartu du, Gael Garcia Bernal aktorearekin batera (Mozart in the Jungle). “El Tema” du izenburu, eta krisi ekologikoaz dihardu. Dokumentalak Youtuben daude ikusgai: https://www.youtube.com/playlist?list=PLbMoWSB2Wa9pNH1ruQT_p8pqUs6A4H1eU

> Bost

Iruditzen zait Bitoriano Gandiaga izan dela naturarekiko eta hizkuntzarekiko maitasuna hobekien uztartu dituen euskal idazlea. Gandiaga euskaltzalea ezagutzen genuen:  

“Hemen / euskaraz ez dakienak / berak jakingo du / zergatik ez dakien. / Baina hemen / euskaraz ez dakienak / ez digu uzten / euskaraz egiten. / Baina eta hemen / euskaraz jakin arren / euskaraz mintzatzen / ez denak ere / ez digu uzten / euskaraz egiten”.

Joxe Azurmendiren “Azken egunak Gandiagarekin” liburua irakurri berritan, ordea, deigarria egin zait naturari eta lurrari buruzko bere ikuspegia. Atabismo kutsua antzematen zaio Gandiagari (Teologia baino lehen geologia dago. Mendiok giza arrastoen kaligrafiaz idatzita daude. Bakarrik kaligrafia hori irakurtzen jakin behar da). Natura ezagutu eta natura maitatu. Kasik imajinatu dezaket, Arantzazutik gorako bideetan, txoko, landare eta harri guztiak ezagun dituela.

Joxe Azurmendiren ustez, Gandiagak ederki bateratzen zituen bi ikuspegiak: hizkuntza eta lurraldea. “Euskara ere lurragaz identifikatzen da: “lur baten/ azalpen/ jatorra” (HGB, 107). Lurra ama da, “magalean naukan… Ama”. Euskararen alde borrokatzeak eta euskara lantzeak, Gandiagarengan, bere lurra –bere Natura, identitatea– defendatzearen eta lantzearen aiurria du.”

> Sei

Jon Sarasuak Arantzazutik Aizkorrirako igoera erabiltzen du euskara indarberritzeko bidearen irudi gisa. Duela 50 urte ekin genion eta meritu handiko bidea egin dugu, baina orain «Urbiako lainopean» gaude, hemendik aurrerakoa argitu nahian.

Arabarra izanik, Zumarraunditik abiatuta egin ohi dugu Aizkorriko bidea (edo Otzaurtetik). Nik neuk gutxitan igo dut  Arantzazutik. Eta egia aitortu behar badizuet (barkatuko didazue, ezta? ), beti pentsatu izan dut ibilbidea Urbiatik aurrera bihurtzen dela benetan interesgarri.

Kontzientziatik portaerara

TRANTSIZIO SOZIOEKOLOGIKOAN dauden herrien eta hirien mugimendua fenomeno berria da. Izena  Rob Hopkins permakultoreak proposatu zuen 2006. urtearen bueltan, eta arrakasta lortu zuen hainbat ingurutan. Oinarrian ideia hau dago:

“Ingurumenaren bueltako aktibistek azken 30-50 urteotan erabili ditugun erremintak (protestatzea/ manifestazioak/ presionatzea), ez-nahikoak dira aurrean ditugun desafioen eskalari erantzuteko. Sekula ez dugu lortu kultura nagusiak konpromisorik hartzea horren inguruan, eta, ondorioz, gauzak egiteko beste modu batzuk bilatzen ari gara”.

Mugimendua ez da dogma itxietan oinarritzen. Sarri adierazi dute ez dituztela erantzun guztiak, ezta ziurtasun guztiak ere. Adierazi ohi dute jakin ere ez dakitela euren bideak funtzionatuko ote duen. Eurena, azken batean, esperimentu sozial bat besterik ez da, ezerezean gera daitekeena eskala handi samar bat lortzen ez badu.

Dena den, hiru oinarri aipatu izan dituzte:

  • ezin gara zain gobernuek zer egingo duten; beranduagi izan daiteke.
  • maila pertsonalean zerbait egin ahal dugu, baina emaitzak apalak izango dira
  • komunitate gisa jardunez gero, litekeena da egiten duguna aski izatea garaiz iristeko.

Hizkuntzaren inguruan antzeko kezkak aurkitu ditugu:

  • ez zaigu egokia iruditzen zama euskal hiztunengan uztea;
  • instituzioen ardura aldarrikatzen dugu,
  • baina ez dugu zain egon nahi.

Pello Jauregik txit ondo adierazi zuen Udatop jardunaldietan. Mikrotik makrora hiru erabaki-maila berezi zituen: pertsonak, entitateak eta botere publikoak (uste dut ez zituela hitz horiek erabili, baina nik horrela ulertu nion). Beharrezkoa da hirurak elkar elikatzea. Aurten pertsonak aktibatzera goaz… Egongo da entitateak eta botere publikoak aktibatzeko beharra eta garaia.

Orain arteko paradigma formula bakar batean biltzerik balego, Jauregik argi dauka zein den: ezagutza + sentsibilizazioa = erabilera. Horretan jardun dugu. Ezagutza bermatu dugu (batez ere eskolaren bidez) eta sentsibilizazioa, kontzientzia, atxikimendua…  landu ditugu.

Kontua da horrek eragin mugatua izan duela gure portaeretan. Ferran Suey-k ingurumen hezkuntzarekin alderatu izan du: “Argi dugu plastikozko boltsa gutxiago erabili behar ditugula. Lehen ere bagenekien. Baina orain zerbait aldatu da. Orain jakin badakigu guk geuk egiten duguna errelebantea dela eta inpaktua izan dezakeela”.

Bai, hor dago gakoa. Kontzientziatik portaerara jauzi egiteko mekanismoa hori da: zinez sinistea gure ekintzak errelebanteak direla eta inpaktua izan dezaketela.

Ekolinguistika eta ekologiaren hizkuntza

51rvfiIXuZL._SX331_BO1,204,203,200_Mapa konplexu bat erabili ohi da soziolinguistikari lotutako diziplina eta lan-arlo guztiak erakusteko: hizkuntza antropologia, hizkuntzaren soziologia, psikologia linguistika, psikosoziolinguistika, hizkuntzaren etnografia…. Han ageri ez bada ere, nago hizkuntza ekologiak (edo ekolinguistikak) ohorezko leku bat merezi duela mapa horretan.

Dena den, ezin dugu ahaztu ekolinguistika ere transdisziplinarra dela, elkar elikatu eta elkar osatzen duten disziplinen elkargunea baita. Horrek joera edo tendentzia ezberdinak elkarbizitzea ekarri ohi du, baita ekolinguistikaren kasuan ere. Bibliografian bi joera ikusten dira:  (BaGA) Einar Haugen-ek 1972an hizkuntza ekologia proposatu zuen, hizkuntza baten eta bere ingurumenaren arteko harremanak agerian jartzeko. (BiGA) Michael Halliday-k 1990an hizkuntza eta ingurugiroa lotu, eta galdera berriak egin zituen: Hizkuntzak lagundu ahal du ingurugiroaren arazoak konpontzen? Pentsamendu antropozentrikoa agerian jartzeko baliatu daiteke, esate baterako?

Hizkuntzen ekologia da bata, eta ekologiaren hizkuntza bestea.

Arran Stibbe irakasleak liburu interesgarri bat argitaratu du duela gutxi: Ecolinguistics: Language, Ecology and the Stories We Live By (2015). Hizkuntza, Ekologia eta Bizi Gaituzten Narratibak. Egilearen ustez, gure buruari kontatzen dizkiogun istoriook gure jokabidea baldintzatzen dute; istoriook eredu mentalak dira, eta -gaur egun- ekologikoki erabat jasangaitza den kultura onartzen eta zabaltzen dute. Ekolinguistikaren ikuspegitik, hor eragin beharra dago; aldaketa kulturala eragitea da premiazkoena: nonahi inguratzen gaituzten narratibak (diskurtso hegemonikoak) aldatzea, alegia.

Ekolinguistika horren iturriak askotarikoak dirak, soziolinguistikatik urruntzen badira era: diskurtsoaren azterketa kritikoa (Fairclough), markoen teoria (Lakoff), identitateen teoria (Benwell and Strokoe), metaforen teoria (Müller), balioespenaren teoria (Martin and White) eta beste… Ikasketa kulturalak ere ez dirateke urrun ibiliko.

Liburuan Arran Stibek egitura mental ezberdinak azaltzen ditu: ideologiak, markoak (framing), metaforak, balioespenak, identitateak, sinismenak, ahazturak… Horiek guztiak narratiba gisa sailkatzen ditu, den-denek gure buruari istorio bat kontatzen diotelako. Hainbat adibide ematen ditu:

  • Sarri errepikatzen diren esaldiak egiak bihurtzen dira gure buruetan, frogatu beharrik gabe ere. Gehienetan zama ideologiko handia duten esaldiak dira: “Jendea berekoia da” edo “Diruak zoriona erosi ahal du”
  • Krisi klimatikoa entzuten dugunean, ingurumen  eta energia gaiak datozkigu burura, ez besterik… Zoritxarrez, egun krisi klimatikoa hori baino askoz larriagoa da: segurtasun globala arriskutan jartzen duen arazoa.
  • Gauza bat da “natura” eta beste bat “pertsonak” (badakigu naturaren parte garela baina ezberdina da). Baliabide naturalak —hitzak berak dioen moduan— baliabideak dira: naturak eman eta pertsonek baliatu ahal ditugun gauzak.
  • Eguzkia ona da. Zer du txarrik, bada, abenduko zubian hotzik ez izatea? Aurten… bainatu ere bainatu gara. Bai, badakigu horren atzean arazo larriak daudela baina… Nori ez zaio eguraldi ona gustatzen?

Liburuan askoz adibide gehiago dago.

Esan bezala, liburua soziolinguistikaren ohiko gaietatik urruntzen da, baina… interesgarria da, ezta?