Hiztun osoa nor den

SANCHEZ CARRION Txepetxi entzun genion lehen aldiz hiztun osoa zer zen (ez dakit harek asmatua ala beste inondik ekarria). Haren esanetan, ibilbide naturala zein kulturala, biak bete dituzten hiztunak dira hiztun osoak:

(a) Batetik, ibilbide naturaletik abiatuta (A), euskaraz  etxean ikasi ondoren euskaraz kulturizatu den (B) eta euskaraz aktiboa den euskalduna: AB

(b) bestetik, ibilbide kulturaletik hasita (B), euskara euskaltegian edota ikastetxean ikasi ondoren euskara erabat barneratu eta euskaraz “natibizatu” (A) egin den euskalduna: BA

AB eta BA tipoetako hiztunak dira, alegia.

Hiztun osoak euskararen komunikate linguistikoaren nukleoa osatzen dute: erdigunea. Ez dut erreferentziarik aurkitu, baina uste dut nonbait esana duela AB eta BA tipologiak erabat osagarriak direla: AB-k denik eta gaitasun-mailarik altuena aportatzen dio hizkuntza komunitateari, eta BA-k daitekeenik eta motibazio-mailarik altuena.

Dena den, hasierako adiera hori lausotuz joan da, eta oharkabean hiztun osoa soil-soilik hizkuntza gaitasunarekin lerratu izan dugu. Horren arabera, hiztun osoa goi mailako ezagutza duena da: edozein egoeratan erraztasunez euskaraz jarduteko gai dena. C2 mailako euskaraduna, alegia.

BAT aldizkariaren 99 eta 100 zenbakietan EUSKARAREN BILAKAERA SOZIOLINGUISTIKOA proiektuaren azalpena ageri da. Horietako lehenean Iñaki Martinez de Lunak euskararen transmisioaren eta hizkuntza gaitasunaren 30 urteko bilakaeraren birpasa egin du; eta oso ahalegin interesgarria egin du hiztun osoaren kontzeptua bere lekuan jartzeko. Labur-labur honela azaldu du:

  • Hizkuntzaren jabekuntzaren plangintzaz hitz egiteko orduan, hezkuntza arloa eta helduen euskalduntzea bete-betean sartzen dira. Zailagoa da, ordea, bertan familia bidezko transmisioari lekua egitea.
  • Transmisioa osatze aldera, Paula Kasaresek sozializazio kontzeptua proposatu  zuen eta berehala adoptatu genuen. Sozializazioaz hasi ginen, sozializazioaren markoa ondo barneratu gabe.
  • Martinez de Lunak hizkuntza-sozializazioa hamar puntutan azaltzen du:
      1. Hizkuntza bizia ikasten da, ez gramatikaren moduko ezagutza formalik;
      2. Sozializazioak hiru prozesu ditu: kognitiboa, identifikaziozkoa eta afektiboa;
      3. Taldearen hizkuntza soilik ez, harreman sareak ere bereganatzen dira;
      4. Sozializazioaren bidez, hizkuntza-komunitatearekiko atxikimendua eta talde kohesioa lortzen dira;
      5. Hizkuntza-komunitatea birsortzen da;
      6. Hizkuntza bizitzan zehar ikasten da etengabe, eta premia berrietara egokituz joango gara;
      7. Lehen sozializazioa, funtsezkoena, haurtzaroan gertatzen da, batez ere familian
      8. Bigarren sozializazioa jarraian gertatzen da, hezkuntza sisteman, aisialdian, lagunarteko giroan, hedabideen bitartez, etab.;
      9. Egoera sozial bakoitzeko hizkuntzaren egokitasuna eta erabilera premiak barneratzen dira;
      10. Hiztuna ez da erabat determinatua; partaide aktiboa da eta jasotakoa alda dezake.
  • Hortaz, gizakiok ez gara gizarteko kide jaiotzen, egin egiten gara, prozesu luze baten ondorioz. Prozesu hori da sozializazioa, baita hizkuntza-sozializazioa ere. Hizkuntzaren transmisioa sozializazio-prozesuaren atal bat da.

Horren guziaren argitik, askoz errazagoa da hiztun osoa zer den hautematea. Komunikazio-gaitasuna zein hizkuntza-kontzientzia dituen hiztuna da hiztun osoa, bere sozializazio-prozesuan osagai identitarioak eta afektiboak jaso dituena. Jon Sarasuak hiru adjektibo erabili izan ditu horretarako: euskaldun kontziente, konpetente eta kontsekuentea. Horiek ere ederrak dira, ez zaizue iduritzen?

Bibliografia: Euskararen transmisioa eta gaitasuna eta aurrera begirako erronkak. Iñaki Martínez de Luna. In BAT Soziolinguistika Aldizkaria 99, 2016 (pdf).