Hiztun berrien autogorrotoa

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, norberaren hizkuntza ezaugarriak edo portaerak ezkutatzeko jarrera da autogorrotoa. Gizartean prestigio handiagoa duten portaera edo estereotipoekin bat etortzeko helburua izan ohi du jarrera horrek. Ez dakit kontzeptua han sortua ote den, baina gugana Ninyoles eta soziolinguistika katalanaren bidetik etorri zitzaigun. Egia esan, harez geroztik, euskarak zein katalanak bestelako prestigioa dute. Agian pentsa liteke autogorrotoa diskurtso setenteroaren hondar bat besterik ez dela eta egun erabat obsoletoa dela (euskarari edota katalanari dagokienez, behinik-behin).

Beste zentzu batean, soziodialektologoen ustez, autogorrotoak badu zerikusirik ziurtasun-gabezia linguistikoarekin. Hiztunak gutxietsi egiten du bere mintzaera, eta erabat sinesten du berak normalean era espontaneoan erabiltzen dituen formak ez direla zuzenak, ez egokiak eta ez jatorrak. Ziurtasun-gabezia kasik patologikoa da, eta autokontzeptuari eragiten dio. Hiztun berrien inguruan egin diren ikerketetan “gabeziaren ideologia” deskribatu da: hiztun berriak uste du bera ez dela euskaldun osoa eta erabatekoa, zerbait falta zaiola, eta ez dela hiztun legitimoa. Muturreko kasuren batean, autogorrotoaz hitz egin daiteke? Ez dakit, bada. Ziur aski, gehiegi esatea da.

Euskaraldiaren testuinguruan “Hiztun Berri Sortzaileak” izenburuko mahai-ingurua antolatu zuen Deustuko Unibertsitateak, Ana Morales, Patxi Huarte “Zaldieroa” eta Xabier Payarekin. Payak ahate itsusiaren sindromea deitzen dion fenomenoaz jardun zuen. Hiztun berria berdinkideen artean ari denean ez da horretaz ohartzen, baina benetako (euskal) mundura atera behar denean, orduan konturatzen dela bera hiztun ezberdina dela. Bertsoen munduan nabaritu du berak bereziki, eta oso era bizian kontatzen du (merezi du entzutea). Bi prozesuei buruz hitz egiten du (berariaz izendatzen ez baditu ere): lehena, erdi-txantxetan, “jatortze-prozesua” deitu ahal dugu eta bigarrena “ahalduntze-prozesua”. Hiztun berriak gabeziaren sentimendu hori gainditzeko abian jartzen dituen estrategiak dira “jatortze-prozesua”: hizkuntza hobetzeko estrategiak, hizkuntza praktikatzeko aukera berriak bilatzea, euskalkietatik hartutako formak erabiltzen hastea… Asko eta askotarikoak dira. Ahalduntze-prozesuari dagokionez, besteak beste, euskalgintzaren erabakiguneetan hiztun berriak egon behar direla aldarrikatzen du, eta euren “hiztunberritasuna” konplexurik gabe bizi duten ereduak behar direla uste du. Itziar Ituñoren adibidea aipatzen du berak

Txepetx gogoratzen duzue? Bere eskemaren arabera bi hiztun tipologiak osatzen dute hizkuntza komunitatearen nukleo sinbolikoa: AB eta BA, jatorrizko hiztun alfabetatuak, eta euskaldun berri naturalizatuak (jatortuak ageri da itzulpen batzuetan). Ez da prozesu lineala; ziklikoa da, edo espiral baten modukoa… baina polita litzateke pentsatzea, euskara eskolan edo euskaltegian ikasi ondoren [B], naturalizazio-prozesua ere antola daitekeela, modu planifikatu samar batean, [BA] tipoko hiztunak lortzeko. Imaginatzen? Hiztun Berrien Jatortze eta Ahalduntze Koordinakundea.

Urte berri on! 😉

Hiztun osoa, osatu nahian

Sanchez Carrion Txepetxi entzun genion lehen aldiz hiztun osoa zer zen (ez dakit harek asmatua ala beste inondik ekarria). Ibilbide naturala zein kulturala, biak bete dituen hiztuna da hiztun osoa; (a) batetik, ibilbide naturaletik abiatuta, euskaraz  etxean ikasi ondoren euskaraz kulturizatu den eta euskaraz aktiboa den euskalduna eta (b) bestetik,  ibilbide kulturaletik hasita, euskara euskaltegian edota ikastetxean ikasi ondoren euskara erabat barneratu eta euskaraz “natibizatu” egin den euskalduna. AB eta BA tipoetako hiztunak, alegia. Hiztun osoak euskararen komunikate linguistikoaren nukleoa osatzen dute: erdigunea. Ez dut erreferentziarik aurkitu, baina uste dut nonbait esana duela AB eta BA tipologiak erabat osagarriak direla: AB-k denik eta gaitasun mailarik altuena aportatzen diola hizkuntza komunitateari, eta BA-k daitekeenik eta motibazio-mailarik altuena.

Dena den, hasierako adiera hori lausotu, eta oharkabean hiztun osoa soil-soilik hizkuntza gaitasunarekin lerratu genuen. Hiztun osoa goi mailako ezagutza duena da: edozein egoeratan erraztasunez euskaraz jarduteko gai dena. C2 mailako euskaraduna, alegia.

BAT aldizkariaren 99 eta 100 zenbakietan EUSKARAREN BILAKAERA SOZIOLINGUISTIKOA proiekuaren azalpena ageri da. Horietako lehenean Iñaki Martinez de Lunak euskararen transmisioaren eta hizkuntza gaitasunaren 30 urteko bilakaeraren birpasa egin du, eta oso ahalegin interesgarria egin du hiztun osoaren kontzeptua bere lekuan jartzeko. Labur-labur honela azaldu du:

  • Hizkuntzaren jabekuntzaren plangintzaz hitz egiteko orduan, hezkuntza arloa eta helduen euskalduntzea bete-betean sartzen dira. Zailagoa da, ordea, bertan familia bidezko transmisioari lekua egitea.
  • Transmisioa osatze aldera, Paula Kasaresek sozializazio kontzeptua proposatu  zuen eta berehala adoptatu genuen. Sozializazioaz hasi ginen, sozializazioaren markoa ondo barneratu gabe.
  • Martinez de Lunak hizkuntza-sozializazioa hamar puntutan azaltzen du:

    1) Hizkuntza bizia ikasten da, ez gramatika bezalako ezagutza formalik; 2) Hiru prozesu ditu: kognitiboa, identifikaziokoa eta afektiboa; 3) Taldearen hizkuntza eta harreman sareak bereganatzen dira; 4) Hizkuntza-komunitatearekiko atxikimendua eta talde kohesioa lortzen dira; 5) Hizkuntza-komunitatea birsortzen da; 6) Hizkuntza bizitzan zehar ari da ikasten eta premia berrietara egokitzen; 7) Lehen sozializazioa, funtsezkoena, haurtzaroan gertatzen da, batez ere familian; 8) Bigarren sozializazioa jarraian gertatzen da, hezkuntza sisteman, aisialdian, lagunarteko giroan, hedabideen bitartez, etab.; 9) Egoera sozial bakoitzeko hizkuntzaren egokitasuna eta erabilera premiak barneratzen dira; 10) Hiztuna ez da erabat determinatua; partaide aktiboa da eta jasotakoa alda dezake

  • Hortaz, gizakiok ez gara gizarteko kide jaiotzen, egin egiten gara, prozesu luze baten ondorioz. Prozesu hori da sozializazioa, baita hizkuntza-sozializazioa ere. Hizkuntzaren transmisioa sozializazio prozesuaren atal bat da.

Horren guziaren argitik, askoz errazagoa da hiztun osoa zer den antzematea. Komunikazio- gaitasuna zein hizkuntza-kontzientzia dituen hiztuna da hiztun osoa, bere sozializazio-prozesuan osagai identitarioak zein afektiboak jaso dituena. Jon Sarasuak hiru adjektibo erabili izan ditu horretarako: euskaldun kontziente, konpetente eta kontsekuentea. Horiek ere ederrak dira, ez zaizue iduritzen?

Bibliografia: Euskararen transmisioa eta gaitasuna eta aurrera begirako erronkak. Iñaki Martínez de Luna. In BAT Soziolinguistika Aldizkaria 99, 2016. Online: http://www.soziolinguistika.eus/files/inaki_martinez_de_lunabat99.p df