Ikasketa Kulturalak Euskal Herrian

Azken aldian Ikasketa Kulturalei buruzko hainbat gauza entzun eta irakurri ditut, eta interesgarriak iruditu zaizkit. Zalantzak zalantza, apunte batzuk hartu ditut:

  • Ikasketa kulturalen paradigmatik ikertzea zerbait berezia da. Ikerketa tripetatik hasten da, norberaren minetik, egonezinetik. Ikerketa inplikatua da. Ezabatu egiten du subjektu-objektu dikotomia.
  • Ikasketa kulturalek praxiari begiratzen diote: praktika da, teorian oinarritua, eraldaketa soziala helburu. Helburua eragitea da, baina baita ezagutza sortzea ere. Ez lehen teoria eta gero praktika. Bi prozesuak batera gertatzen dira. Dena den, ez du teoria orohartzailerik sortzea helburu. Konkretuaren gainean teorizatzen du, egoera konkretu bat ulertzeko. Behar dituen kategoriak eta kontzeptuak behar den lekutik bereganatzen ditu, baina helburua ez da teoria kontzeptu berriekin aberastea.
  • Ikasketa kulturalak ez dira diziplina bat. Izatekotan, transdisziplina bat dira. Gainditu egiten dituzte diziplinaren mugak. Ez dute metodologia propiorik sortzen. Ez da hori haien helburua. Nola deituko genioke: Anarkismo metologikoa? Eklektizismo estrategikoa?
  • Egia da diskurtsoaren azterketa edota etnografia bezalakoak ikasketa kulturalekin ondo ezkontzen direla, baina ez horiek soilik. Etnografia, azken batean, deskripzio bat egitea da, ekintzak eta esanahiak… baina baita zentzua ere: zentzugintza. Ikasketa kulturalek, etnografia erabiltzen dutenean, ekarpen horixe egiten dute: gertatzen dena deskribatzeaz gain, gogoetatu egiten dute horrek guztiak gure gizarteari buruz zer adierazten duen.
  • Ideologia gai zentrala da ikasketa kulturaletan. Ideologia ez da kontzientzia faltsu bat. Eratu egiten gaituzten ideiak dira, nor egiten gaituzten ideiak. Ideien sistema bat. Sistema hitza garrantzitsua da, ideien artikulazioa esan nahi duelako (ez batuketa hutsa). Ideologia ez da kontu etereoa, gorpuztua baizik: praktikara jaisten da.

Bada ikasketa kulturalei lotutako kontzeptu eta kategoerien hiztegia egiteko saikera interesgarri bat: Diccionario de Estudios Culturales Latinoamericanos. Besteak beste honako hauek ageri dira bertan: hegemonia, alteritatea, gerra kulturalak, diskurtsoa, frontera, globalizazioa, kolonialismoa, identitatea, industria kulturalak, subalternitatea, kulturartekotasuna, kultura herrikoiak, subjetibitateak, queer teoriak…

Nire ez-jakintasunik… EHn, gaur egun, nork lantzen ditu ikasketa kulturalak? Nor ari da kontzeptu eta kategoria horiekin lanean? Iruditzen zait Jakin aldizkariaren bueltan badagoela paradigma horretan kokatuko nukeen jendea. Aldeak alde, urtero antolatzen dituzten topaketek eta aldizkariak berak horren guztiaren kutsua dute… eta gustatzen zait. Garai batean HUHEZI unibertsitateko Sorgunea ikerketa taldeak ere bazuen hortik zerbait. Azken aldi honetan galdu diet pista. Izen propioei dagokienez ere, lau-bost izen okurritzen zaizkit garbi-garbi, baina ez naiz horiek ematera atrebitzen. Ausartegia litzateke nire aldetik.

Hiztun berriak… Biba Zuek eta Gora Gu

HIZTUN BERRIAK lana oso-osorik irakurtzeko gogoa izan dut aspalditik. Han-hemen erreferentziak ikusi ditut, artikuluetan, hitzaldietan, bideoetan… baina testu osoa irakurtzeko nagi ibili naiz. Uda probestu dut horretarako, eta ez naiz damu. Interesgarria iruditu zait, eta apunte batzuk hona ekartzea pentsatu dut.

Lan mardula da. Gai askotxo lantzen ditu, nahiz eta bereziki bi nabarmendu diren: (a) euskaldunberri kontzeptuaren eta horren atzean dagoen “gabeziaren” ideologiaren desegokitasuna; (b) hizkuntza mudantzaren ideia. Biak ala biak giltzarrizkoak dira gaur egun.

Horiek alde batera, lau atal lantzen ditu, hiztun berrien ikuspegitik: (1) ikaste-prozesua; (2) euskararen erabilera; (3) familiaren baitako hizkuntza politika; eta (4) hizkuntza ideologien eta identitateak. Atal horietako bakoitzean kategorizazio-lan trinkoa egiten du, eta antzemandako profilak deskribatzen saiatzen da. Lan itzela!

Labur-labur…

IKASTE PROZESUA

Ikerketak hiru gako proposatzen ditu:

  • Hiztun berriek euskara non eta nola ikasi duten: kalean, euskaltegian edo ikastetxean.
  • Testuinguru soziolinguistikoa: testuinguru mesedegarria edo oztopatzailea den (hots, zonalde euskalduna ala erdalduna).
  • Euskara ikasteko motibazioa: integratzailea ala pragmatikoa

Horietatik abiatuta, orotara ZAZPI profil identifikatu dituzte (*)

(*) Honako hauek: (1) Euskara kalean ikasi dutenak, bertako euskaldunekin kontaktuan; (2) Euskara euskaltegian ikasi dutenak eta zonalde euskaldun batean bizi direnak; (3) Euskara euskaltegian ikasi dutenak, integratzeko motibazioarekin, baina zonalde erdaldundu batean bizi direnak; (4) Euskara euskaltegian ikasi dutenak, arrazoi pragmatikoengatik, eta zonalde erdaldundu batean bizi direnak; (5) Euskara eskolan ikasi dutenak, zonalde euskaldun batean; (6) Euskara eskolan ikasi dutenak, zonalde erdaldundu batean; (7) Erdibidean gelditu direnak eta euskara ikastera iritsi ez direnak.

ERABILERA

Hiru gako nagusi identifikatu dira:

  • Testuinguru soziolinguistikoa berriro ere
  • Euskarazko harreman sareak
  • Agentibitatea; hau da, hiztuna proaktiboa ala erreaktiboa den, eta, horrekin lotuta, hizkuntza-hautuak

Eta horiekin batera, gaztelaniaren presioa, hizkuntza-ohiturak eta gaitasun erlatiboak.

Horien arabera ZORTZI profil identifikatu dira. Ez ditut zerrendatuko, testua gehiegi ez luzatzeko.

FAMILIA MAILAKO HIZKUNTZA POLITIKA

HIRU joera nagusi ageri dira, horien barruan aldaerak egon badaitezke ere:

  • Familian euskara transmitzen dutenak; euskara baino ez, alegia. Tipologia horretan aldaerak egon daitezke, bikotekideen arteko ohiko harreman hizkuntza zein den: euskara, gaztelania ala biak.
  • Hizkuntza biak transmititzen dituztenak: “guraso bat hizkuntza bat” estrategia izan daiteke, ala besterik gabe guraso biek hizkuntza biak transmititzea.
  • Familian ez dutenak euskara transmititzen, baina bai H2 bezala hezkuntzaren bidez.

Azken inkesta soziolinguistikoetan ikusi denaren arabera, hiztun berrien kasuan transmisioa ia %100ean bermatzen da, EAEn behinik-behin. Halere, gazteen artean, helduen artean ez bezala, gero eta ohikoagoa da gaztelania ere aipatzea: hizkuntza biak transmititu nahi lituzketeela adieraztea, alegia. “Hizkuntza bitako diskurtsoa” oso indartsua da gazteen artean, sarri aho biko ezpata bada ere.

HIZKUNTZA IDEOLOGIAK ETA IDENTITATEAK

Autoidentifikazioa da gakoa. Hiztuna bere identitatea eraikitzera nola iristen den. Konplexua da. Elemenu asko sartzen dira jokoan: ama-hizkuntzaren ideologiak, etxeko hizkuntza, gaitasun maila, euskalkia jakitea ala ez, ohiko hizkuntza. Bereziki aipagarria da tokiko aldaerak ezagutzea zenbateko pisua duen.

Galdera da: Zer naiz ni? Zer euskal hiztun mota? Nabardurak nabardura, lau erantzun jaso dituzte. Oso esanguratsuak:

  • Zer euskal hiztun mota naiz? Euskaldun zaharra ez, behinik behin
  • Zer euskal hiztun mota naiz? Euskaldun berria naiz
  • Zer euskal hiztun mota naiz? Ni ez naiz euskaldunberria. Eta euskaldunberria ez banaiz, zer naiz?
  • Euskalduna naiz.

Hizkuntza identitateei dagokienez, ZORTZI profil definitu dira.

ZAZPI profil, ikaste prozesuari begira; ZORTZI, erabilerari begira; HIRU, transmisioari begira; eta ZORTZI, hizkuntza identitateari begira. Benitoren modura galde genezake: Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi? Taxonomiak ikaragarri gustatzen zaizkigu. Ezta? Ze eroso sentitzen garen, bakoitzari etiketa jarri eta bakoitzari lekua esleitu ondoren. Halakoxeak gara! Zer egingo diogu, bada!

SAKONTZEKO

Soziolinguistika lubakietan

2013an Soziolinguistika Klusterrak BAT aldizkariaren zenbaki monografiko bat argitaratu zuen euskal soziolinguistika ikerketari buruz. Blog honetan bertan egin nuen haren iruzkina: «Begirada bat ikerketa kritikoari».

Asteon, Institut d’Estudis Catalans institutuak iaz antolatu zuen mahai-inguru baten bideoa ikusten ibili naiz: «La recerca que necessitem». Jon Pujolar irakaslearen gidaritzapean, lau arlotako eragileak bildu ziren bakoitza zertan ari den azaltzeko eta, ikerketari dagokionez, beharrak non ikusten dituen azaltzeko. Unibertsitatea, hizkuntza normalkuntza, osasungintza eta gizarte mugimendua egon dira ordezkatuak. Gutxi gorabehera, honako hauek esan zituzten:

  • Unibertsitatean eleaniztasunaren kudeaketari buruzko kezka azaldu da, eta horren inguruko ikerketaren beharra azpimarratu. Dena den, kritika bat edo beste jaso zuten, unibertsitatean eleaniztasuna esaten denean, azken batean, ingelesari lekua ematea besterik ez baita.
  • Hizkuntza normalkuntzatik, inkesta soziolinguistiko batetik hurrengora dagoen tarte horretan ondo ari ote diren aztertzeko moduko ikerketak behar dituztela adierazi dute. Inpaktu-ebaluazioari buruz ari direla iruditu zait. Gurean ere bada horren beharra: zer lortzen dugu egiten duguna egiten dugunean?
  • Osasungintzan profesionalen eta erabiltzaileen arteko hizkuntza erabilerak aztertzeko beharra aldarrikatu dute. Horrez gain, gaizki ulertu ez badut, anbulatorioak eta mediku-kontsultak ikerketa soziolinguistikoak egiteko espazio pribilejiatuak direla defendatu dute. Kalean gertatzen diren interakzio berdinak anbulatorioan bertan behatu daitezke errazago. Portzierto, inork al daki hemengo Osakidetzan horrelako zerbaitetan ari ote diren?
  • Gizarte mugimenduaren ikuspegia Plataforma per la Llengua erakundeak ekarri du. Hizkuntzaren egoera arloz arlo aztertzeko egin dituzten lanak azaldu dituzte, gehienetan hizkuntza eskubideen urraketari lotutakoak. Beharrei dagokienez,  auzoz auzoko azterketak egiteari ekin diote, maila horretako interbentzioak egiteari begira.

Egoera ez zait batere arrotz egin. Horretan, hango eta hemengo egoerak ez dira horren ezberdinak. Unibertsitateak ikerketa teorikoak eta nazioartean homologagarriak bultzatzeko arriskua aipatu dute. Beren ustez, lubakietan lehen lerroan dauden/gauden entitateei dagokigu gure beharrak mahai gainean jartzea eta ikerketa lerro berriak abiatzeko  presionatzea. Oker ez banago, Patxi Juaristik antzeko ideia adierazi zuen BAT aldizkarian.

Salbuespenak salbuespen, lubakiak eta ikerketa ez dira, sarri, bateragarriak.

Gustukoa dut Marina Garces filosofo katalanari behin entzundakoa: teoriaren inpotentziaren aurrean, pentsamenduaren potentzia. Haren ustez, teoriak ideia “kosifikatuak” dira: produktu bat. Pentsamenduaren potentzia harago doa. Elkarrekin pentsatzeko denborak eta espazioak behar dira: esanguratsuak, gertutik interpelatu egingo gaituztenak. Ikerketaren funtzio interesgarrienetako bat horixe litzateke: denbora eta espazio horiek elikatzea, eta ez horrenbeste lanketa teorikoa.

Ezagutu eta eraldatu

estadísticas-1560x690_c

Albert Bastardas Boada irakasleak L’anàlisi de la situació sociolingüística: conèixer per transformar  artikulua argitaratu zuen 1991. urtean. Horra koxka: zertarako nahi dugu errealitatea ezagutu, errealitatea eraldatzeko ez bada? Bastardas irakasleak jokabide linguistikoen teoria ekologikoa aipatzen du: jokabideak aldatzeko ikutu ahal ditugun teklak zein diren jakitea, alegia. Burutik kendu ezin dugun indar-ideia da: errealitatea ezagutu, errealitatea eraldatzeko.

Zenbakiek, dena den, badute zerbait magikoa. Objekiboak dira. Erakargarriak. Ez dute gezurrik esaten. Txosten eta analisiak sendoak dira zenbakiz ondo horniturik baldin badaude. Horien aurrean ez dago ezer esateko. Zenbakiek errealitatea erabat atzeman ahal dute, eta taula baten barruan gorde.

Ikerketa kuantitatibo trinko horietako baten aurkezpenean egon al zarete inoiz?

Hasieran adi egoten zara; zer entzungo zain. Boligrafoa eta koadernoa prest dituzu. Lehen datuak entzun, eta txintxo-txintxo koadernoan apuntatu dituzu, harik eta hizlariak ez apuntatzeko esan dizuen arte. Ez omen da beharrezkoa, amaitutakoan powerpointa postaz bidaliko baitu. Ados. Arreta pantailara eramaten duzu berriro ere. Interesgarria da entzuten ari zarena: zenbat euskaldun garen, nolakoak; non, noiz, nola, norekin egiten dugun euskaraz; euskarari buruz ditugun iritziak eta jarrerak…

Hizlaria trebea da. Eskerrak. Badaki arreta pizten: iruzkin bat hemen, adibide bat han… Arreta egin dizun zerbait esan du.—Kontxo. Hala al da? Ez nuen uste— Hurrengo taulak ez… Hurrengo taulan ez duzu datu interesgarririk aurkitu; gauza jakinak dira, ebidenteegiak… Zenbaki gehiegi, dena-den. Tarteka kosta egiten da arretari eustea: begirada lausotu egiten da, entzumena galdu, begiak itxi, burua galdu… Norbaitek “zenbakien mozkorraldia” deitu izan dio horri.

Errealitatea eraldatzeko teklak hor al daude? Ez dakit, bada. Joseba Azkarraga Etxegibel soziologoak epizentroaren eta hipozentroaren adibideak erabili izan ditu. azaleko eta sakoneko sintomak zein diren bereizteko. Lurrikara gertatzen denean, geologoek bi puntu horiek bereizten dituzte: (a) hausturaren energia azaleratzen den lurrazaleko puntua da epizentroa; (b) lurrikararen benetako jatorria, ordea, lur azpian da, haustura gertatzen den puntuan, hipozentroan.

Ikerketa kuantitatibo horiek guztiek epizentroa erakusten digute: lurrazala. Hipozentroa —barruan gertatzen dena— beste inon bilatu behar dugulakoan nago.