Mapa ez da territorioa

Irudia

Mahai gainean dut 2016ko datu estatistikoei buruzko BAT aldizkaria. Oraindik ez dut begiradarik emateko aukerarik izan, eta aitortu behar dut nagitasun puntu bat ematen didala. Gainera, ez da komeni zenbakiekin gehiegi tematzea. “Mapa ez da territorioa”. Zentsuek eta inkestek errealitate soziolinguistikoaren mapa bat erakusten digute, baina hori besterik ez. Irakurketa ugari egin daitezke eta, ziur aski, denak ez dira berdin zilegiak.

Ariketa bat proposatzen dizuet…

Eustaten web orrian, euskara-mailari buruzko datuak bilatu. Hemen, adibidez: Euskal AEko >=2 urteko biztanleria, eskualdearen, euskara-maila orokorraren eta adinaren arabera. Bai… oraingoz EAEkoak besterik ez.

Datu interesgarri batzuk:

  • Azken neurketaldian —2016an— 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean da euskaldunen portzentajerik handiena: % 87.
  • Adin-tarte horretan erdaldunak % 2,4 dira. Ulermena, beraz,  %100etik oso gertu dago.
  • Orain dela 10 urte ere, adin-tarte bera zen euskaldunena (10-14 urte bitartekoak), baina portzentajea 10 puntu txikiagoa zen orduan: % 76,6, alegia.
  • Hobekuntza nabaria da, beraz.

Xabier Isasik, ordea, irakurketa longitudinala proposatzen zuen orain dela hainbat urte: adin-tarte bat hartu eta urtez urte bilakaera ikusi. Azken 3 neurketaldiak konparatu ahal ditugu, azken 10 urtean zer gertatu den ikusteko. Horiek horrela, 2006, 2011 eta 2016ko datuak alderatu ditugu, hurrenkera horretan:

  • 2006an, esan bezala, 10-14 urte bitarteko gaztetxoen artean % 76,6 ziren euskaldunak. Lautik hiru.
  • 2011n gaztetxo horiek 15-19 urte zituzten eta euskaldunen portzentajea txikixeagoa zen: % 73ra.
  • 2016an 20 eta 24 urte bitarteko gazteak ziren, eta euskaldunak % 69 ziren.

Gazte eta gaztetxo horien artean, 10 urtean, 7 puntu egin du behera euskaldunen portzentajeak. Zer gertatu da tarte horretan? Deseuskalduntzea? Faktore demografikoak? Agian autopertzepzioekin du zerikusirik?

Proba egin ahal duzue, eta zuen herriko datuekin aztertu. Baina ez ahaztu… mapa ez da territorioa.

Ezagutu eta eraldatu

estadísticas-1560x690_c

Albert Bastardas Boada irakasleak L’anàlisi de la situació sociolingüística: conèixer per transformar  artikulua argitaratu zuen 1991. urtean. Horra koxka: zertarako nahi dugu errealitatea ezagutu, errealitatea eraldatzeko ez bada? Bastardas irakasleak jokabide linguistikoen teoria ekologikoa aipatzen du: jokabideak aldatzeko ikutu ahal ditugun teklak zein diren jakitea, alegia. Burutik kendu ezin dugun indar-ideia da: errealitatea ezagutu, errealitatea eraldatzeko.

Zenbakiek, dena den, badute zerbait magikoa. Objekiboak dira. Erakargarriak. Ez dute gezurrik esaten. Txosten eta analisiak sendoak dira zenbakiz ondo horniturik baldin badaude. Horien aurrean ez dago ezer esateko. Zenbakiek errealitatea erabat atzeman ahal dute, eta taula baten barruan gorde.

Ikerketa kuantitatibo trinko horietako baten aurkezpenean egon al zarete inoiz?

Hasieran adi egoten zara; zer entzungo zain. Boligrafoa eta koadernoa prest dituzu. Lehen datuak entzun, eta txintxo-txintxo koadernoan apuntatu dituzu, harik eta hizlariak ez apuntatzeko esan dizuen arte. Ez omen da beharrezkoa, amaitutakoan powerpointa postaz bidaliko baitu. Ados. Arreta pantailara eramaten duzu berriro ere. Interesgarria da entzuten ari zarena: zenbat euskaldun garen, nolakoak; non, noiz, nola, norekin egiten dugun euskaraz; euskarari buruz ditugun iritziak eta jarrerak…

Hizlaria trebea da. Eskerrak. Badaki arreta pizten: iruzkin bat hemen, adibide bat han… Arreta egin dizun zerbait esan du.—Kontxo. Hala al da? Ez nuen uste— Hurrengo taulak ez… Hurrengo taulan ez duzu datu interesgarririk aurkitu; gauza jakinak dira, ebidenteegiak… Zenbaki gehiegi, dena-den. Tarteka kosta egiten da arretari eustea: begirada lausotu egiten da, entzumena galdu, begiak itxi, burua galdu… Norbaitek “zenbakien mozkorraldia” deitu izan dio horri.

Errealitatea eraldatzeko teklak hor al daude? Ez dakit, bada. Joseba Azkarraga Etxegibel soziologoak epizentroaren eta hipozentroaren adibideak erabili izan ditu. azaleko eta sakoneko sintomak zein diren bereizteko. Lurrikara gertatzen denean, geologoek bi puntu horiek bereizten dituzte: (a) hausturaren energia azaleratzen den lurrazaleko puntua da epizentroa; (b) lurrikararen benetako jatorria, ordea, lur azpian da, haustura gertatzen den puntuan, hipozentroan.

Ikerketa kuantitatibo horiek guztiek epizentroa erakusten digute: lurrazala. Hipozentroa —barruan gertatzen dena— beste inon bilatu behar dugulakoan nago.