Soziolinguistika lubakietan

2013an Soziolinguistika Klusterrak BAT aldizkariaren zenbaki monografiko bat argitaratu zuen euskal soziolinguistika ikerketari buruz. Blog honetan bertan egin nuen haren iruzkina: «Begirada bat ikerketa kritikoari».

Asteon, Institut d’Estudis Catalans institutuak iaz antolatu zuen mahai-inguru baten bideoa ikusten ibili naiz: «La recerca que necessitem». Jon Pujolar irakaslearen gidaritzapean, lau arlotako eragileak bildu ziren bakoitza zertan ari den azaltzeko eta, ikerketari dagokionez, beharrak non ikusten dituen azaltzeko. Unibertsitatea, hizkuntza normalkuntza, osasungintza eta gizarte mugimendua egon dira ordezkatuak. Gutxi gorabehera, honako hauek esan zituzten:

  • Unibertsitatean eleaniztasunaren kudeaketari buruzko kezka azaldu da, eta horren inguruko ikerketaren beharra azpimarratu. Dena den, kritika bat edo beste jaso zuten, unibertsitatean eleaniztasuna esaten denean, azken batean, ingelesari lekua ematea besterik ez baita.
  • Hizkuntza normalkuntzatik, inkesta soziolinguistiko batetik hurrengora dagoen tarte horretan ondo ari ote diren aztertzeko moduko ikerketak behar dituztela adierazi dute. Inpaktu-ebaluazioari buruz ari direla iruditu zait. Gurean ere bada horren beharra: zer lortzen dugu egiten duguna egiten dugunean?
  • Osasungintzan profesionalen eta erabiltzaileen arteko hizkuntza erabilerak aztertzeko beharra aldarrikatu dute. Horrez gain, gaizki ulertu ez badut, anbulatorioak eta mediku-kontsultak ikerketa soziolinguistikoak egiteko espazio pribilejiatuak direla defendatu dute. Kalean gertatzen diren interakzio berdinak anbulatorioan bertan behatu daitezke errazago. Portzierto, inork al daki hemengo Osakidetzan horrelako zerbaitetan ari ote diren?
  • Gizarte mugimenduaren ikuspegia Plataforma per la Llengua erakundeak ekarri du. Hizkuntzaren egoera arloz arlo aztertzeko egin dituzten lanak azaldu dituzte, gehienetan hizkuntza eskubideen urraketari lotutakoak. Beharrei dagokienez,  auzoz auzoko azterketak egiteari ekin diote, maila horretako interbentzioak egiteari begira.

Egoera ez zait batere arrotz egin. Horretan, hango eta hemengo egoerak ez dira horren ezberdinak. Unibertsitateak ikerketa teorikoak eta nazioartean homologagarriak bultzatzeko arriskua aipatu dute. Beren ustez, lubakietan lehen lerroan dauden/gauden entitateei dagokigu gure beharrak mahai gainean jartzea eta ikerketa lerro berriak abiatzeko  presionatzea. Oker ez banago, Patxi Juaristik antzeko ideia adierazi zuen BAT aldizkarian.

Salbuespenak salbuespen, lubakiak eta ikerketa ez dira, sarri, bateragarriak.

Gustukoa dut Marina Garces filosofo katalanari behin entzundakoa: teoriaren inpotentziaren aurrean, pentsamenduaren potentzia. Haren ustez, teoriak ideia “kosifikatuak” dira: produktu bat. Pentsamenduaren potentzia harago doa. Elkarrekin pentsatzeko denborak eta espazioak behar dira: esanguratsuak, gertutik interpelatu egingo gaituztenak. Ikerketaren funtzio interesgarrienetako bat horixe litzateke: denbora eta espazio horiek elikatzea, eta ez horrenbeste lanketa teorikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude