Hiru apunte, Udaltopen haritik…
Hizkuntza eskubideak, justizia linguistikoaren oinarri
Zoritxarrez hizkuntza eskubideez hitz egin behar izatea ez da kontu berria… baina egoerak zinez eskatzen du. Albiste ona da hizkuntza eskubideen katedra bat sortzea; interesgarria da “ez erregresibitatearen” printzipoaren bidez lortutako apurrak blindatu nahi izatea… baina esango nuke, oraindik ere, honetaz sarri hitz egin beharko dugula.
Memoria, justizia linguistikorako
Hizkuntzaren historia soziala memoria historikoa berreskuratzeko ariketa moduan aurkeztu dute. Euskararen historia soziala, azken batean, horixe da: azpiratze-prozesu baten memoria. Egia esan, hasiera batean enfoke berritzailea iruditu zait. Gerora ezetz ohartu naiz. Erdi ahaztuta nuen Dabid Anauten liburua: Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria. Edonola ere, ariketa polita da memoria historikoaren hiru elementuak —justizia, egia eta erreparazioa— euskararen historia sozialaren kontestura ekartzea. Bada hor zer pentsatu!
Justizia linguistikoa, mundu justuagoa nahi dugulako
Lehenik intersekzionalaren ideia etortzen zait burura: askotariko zapalketak eta askotariko borrokak. Behin aipamen interesgarri bat entzun nion Ramón Grosfoguel soziologoari: “Ezin gara aldi berean borroka guzietan egon. Kontrakoa ere ez. Ezin ditugu borroka guztiak baztertu, zapalketa guztiak beren baitan biltzen ez dituztelako. Gure borroka hautatu behar dugu, eta bertan intersekzionalitatearen birusak izan.” (Ez da literala, nahiz eta kakotsen arten jarri).
Euskara elite pribilejiatu baten hizkuntza izatea egozten digutenean, argi izan behar dugu erantzuna. Baliteke gutako batzuk gizonak, zuriak, klase ertainekoak (agian) eta euskaldunak izatea. Miren Artetxek horri identitate metatuak deitzen dio. Pribilejiatuak gara? Bai gizona eta zuria izateagatik (hori onartu eta borrokatu behar dugu), baina ez euskalduna izateagatik. Euskaldunok lortu dugun apurra ahalegin askorekin lortu dugu, eta oraindik ere ere oso modu prekarioan.
Gustatu zait MIRCO taldearen aurkezpena. Justizia sozialaz hitz egiteko, Nancy Fraserren eskema erabiltzea proposatzen dute. Horren arabera, berdinatasunak hiru baldintza eskatzen ditu: onarpena, baliabideak eta parte-hartzea. Horixe eskatu behar dugu euskararentzat gaztelaniaren aurrean. Baina… kontua da gauza bera nola egin, gugana iritsi eta hemen gurekin batera bizi diren hainbat eta hainbat hizkuntzekin. Nola kudeatuko dugu hizkuntza-aniztasun berri hori guztia, ikuspegi berdinzale eta justu batean?
Azken hilabeteetan egokitu zait komunitate migratuetako jendearekin edo haiekin lan egiten duten boluntarioekin hitz egitea. Euskaldunok harresi bat sortzen ari garela pentsatzen dute. Askoz konplexuagoa da bai, baina euskalgintzaren estrategia neurri batean horixe izan da: konpaktazioa… euskaldunak batu, gure “arnasguneak” sortzeko… Intersektorialtasunaren galdera gakoak horren baitan egin daitezke: hori egiten dugunean, nor uzten dugu kanpoan? nola egin ahal dugu inor kanpoan ez uzteko?. Arnasguneak behar ditugu, baina espazio partekatuak ere bai… Agian espazio partekatu horietan euskara ezin izango da hegemonikoa izan, baina han egon behar du.
Gazte jendearekin hitz egitea ere egokitu zait. Euskal Herrian euskara hegemonikoa izatea nahi dugula esaten dugunean, ideia horrek zarata eragiten diela ohartu naiz, deserosotasun moduko bat. Zer da hegemonikoa izatea? Tortillari buelta ematea? Orain bezala baina alderantziz? Zer da euskararen balio pragmatikoa aldarrikatzea? Euskara ikastea bizimodu material hobea lortzeko? Eskailera sozialean gora egitea? Hori da bultzatu nahi duguna? Puf… ezetz esango nuke. Baina ez da horren erraza. Hor ere tranpa egin digute, eta agian euskararen kontrako diskurtsoa irentsi egin dugu ohartu gabe. Saldu egin digute komunitate migratuentzat gaztelania tranpolin bat dela, lanpostu hobea lortzeko bide bat… Eta euskara zer da? Hainbat lanpostuetara iristeko oztopoa?