Zesar gogoan

Zesar Martinez istripuz hil zela jakin nuenean, bere testu bat nuen mesanotxe gainean irakurtzeko pendiente (Izaro Gorostidirekin batera idatzia): Ensanchar las coordenadas politicas de lo posible y lo realizable: las relaciones entre las iniciativas populares y las instituciones publicas.  Izenburuak berak mamia ederki laburtzen du. Izan ere, herri ekimenaren eta instituzio publikoen arteko harremanak korapilatsuak dira beti. Parte Hartuz taldeak aztertu dituen bi esperientzia erabiltzen ditu harreman horiek azaltzeko: Astra eta Karmela.

Zesar eta Izaroren ustez, mugimendu sozialak continuum baten baitan mugitzen dira: mutur batean, arlo instituzionalean parte hartzeko eta intziditzeko prestutasuna; eta, bestean, instituzioekiko distantzia eta autonomia gordetzeko gogoa

Zeinek bere kokapena hautatzeko eskubidetik abiatuta ere, lankidetza-espazioen birtualitateak aipatzen dituzte testuak:  espazio horiek funtzio demokratikatzailea izan dezaketela defendatzen dute; espazio publikoa indartu dezaketela, eta instituzioen inertziak mugiarazteko bide bat izan daitezkeela.

Jakina arriskuak daudela… kooptazioaz hitz egin ohi da: herri ekimena sistema barruan sartu eta sistemak irentsi. Ona da prekauzio-printzipioa. Baina… (ez dut gogoratzen nori entzun nion) Troiako zaldia hiri barnera sartu zuten soldaduak ere erabat sinetsita zeuden zaldia kooptatzen ari zirela.

Unibertsitateaz ere hitz egiten du testuak. Akademiak bilerak eta asanbladak erraztu ditzake; herri-jakintza sistematizatzeko lan egin dezake; ekimenen irismena handitzeko ikeketa espezifikoak egin ditzake; tokian tokiko komunitateen eta instituzio publikoen arteko bilerak eta harremanak erraztu ditzake… baina horrek guztiak txip-aldaketa bat eskatzen du unibertsitatean.

Parte Hartuz taldeak emandako hainbat ikastarotan parte hartu izan dut, Zesar tartean egon dela. Erreferente bat izan da (eta da) niretzat.  Hizneten amaierako lana egiteko garaian ere bera izan nuen tutore. 

Duela gutxi Bherria proiektuaren baitan antolatu zen on-line hitzaldi batean ikusi nuen pantailaren beste aldean. Teknikarion erronkei buruz ari ziren… desira-horizonte berriak behar ditugula aipatzen zuten: utopiak edo etorkizun desiragarriak, indarberrituko gaituztenak eta lanean jarraitzeko motiboak emango dizkigutenak. Zesarrek iruzkin txiki bat utzi zuen txatean. Nik kopiatu eta blogaren sarrera batera ekarri nuen (izenik aipatu gabe). Hauxe zen iruzkina (nik euskaratua):


Nire ustez, administrazio publikoaren barne-logikek desira-horizonte erosoak eta kontserbadoreak elikatzen dituzte, joera nagusi gisa (baita unibertsitatean ere, bertatik hitz egiten baitut). Bestelako desira-horizonteak nahi izateak jarrera militantea eskatzen du: konfrontatiboa ere bai, erakundearen hierakiarekiko. Erakundeek jarrera horiek oztopatu eta zigortu nahi izango dituzte, eta , testuinguru horretan, behartuta egongo gara hainbat gorabehera onartzera: errenuntziak, tentsioak… baita indarrean dauden arau eta protokoloen aurka borrokatu beharra ere (edo, bestela, arau eta protokolo horiek saihesteko moduak bilatzera, desobedientziaren bidetik).