Salvador Cardús soziologo katalanaren hitzartze bat entzun dut duela gutxi youtuben (Jornades sobre l’estat de la llengua a la catalanofonia: anàlisi i intervenció). Harek berak aipatzen zuen moduan hitzartze probokatzailea egin nahi izan zuen, apurtxo bat ganberroa… Beinke!
Haren ustez, hizkuntzaren egoerari buruz hitz egiteko, gehiegitan erabiltzen ditugu metafora medikoak: hizkuntzaren osasunari buruz hitz egiten dugu; hizkuntza gaixorik dagoela esaten dugu; sendatu beharra aldarrikatzen dugu, edo indarberritu…
Ez da politikoki egokia (“politikoki polita” esango luke baten batek), baina… zer gertatuko litzateke, beste garai batzuetan bezala, berriro ere metafora belikoak erabiltzen hasiko bagina? Alegia, berriro ere hizkuntza-borrokaz hitz egiten hasiko bagina? Gerra-komunikatu baten moduan hitz egingo genuke?
- Zein litzateke gure “armamentua”?
- Zer moduz dago “troparen morala”?
- Zeintzuek osatzen dute “tropa”?
- Zein da gure “intendentzia”?
- Zein dira gure “komandanteak”?
- Zer moduz gaude “punteriaz”?
- “Desertziorik” al dugu?
- Eta “infiltraturik”? Edo “espiarik”?
Ganberrada bat da, bai horixe! Baina zer pentsatua eman dezake. Cardùsek gogorarazten duen bezala, soziolinguistika katalana, bere hastapenetan, gatazkaren teoriatik elikatu zen: gatazkaren soziolinguistika zen, sociolinguística del conflicte. Egun, haren ustez, kontsentsuaren soziolinguistika ari da nagusitzen, eta emaitzak ez dira espero zirenak. Gatazka linguistikoa disimulatu egiten da, gaitz okerragoak ekiditeko. Hizkuntza gutxituen kasuan, gizartean badira hizkuntza hegomonikoaren alde jokatzen duten indar eta estruktura izkutuak: botere-harremanak, arau sozialak… Gatazkari uko egiten diogunean, indar eta estruktura horiek dira gailentzen direnak.
Hitzartzea hemen dago: https://www.youtube.com/watch?v=7HbW-h8KFqE (4h 55′ gutxi gorabehera).
Gatazka edo kontsentsua? Ziur aski, kontua ez da bata ala bestea hautatzea. Kontua da bi polo horiekin nola jokatu eta egoera horiek nola kudeatu. Edo igoal ez… ez dakit.
