Gatazkaren soziolinguistika

Salvador Cardús soziologo katalanaren hitzartze bat entzun dut duela gutxi youtuben (Jornades sobre l’estat de la llengua a la catalanofonia: anàlisi i intervenció). Harek berak aipatzen zuen moduan hitzartze probokatzailea egin nahi izan zuen, apurtxo bat ganberroa… Beinke!

Haren ustez, hizkuntzaren egoerari buruz hitz egiteko, gehiegitan erabiltzen ditugu metafora medikoak: hizkuntzaren osasunari buruz hitz egiten dugu; hizkuntza gaixorik dagoela esaten dugu; sendatu beharra aldarrikatzen dugu, edo indarberritu

Ez da politikoki egokia (“politikoki polita” esango luke baten batek), baina… zer gertatuko litzateke, beste garai batzuetan bezala, berriro ere metafora belikoak erabiltzen hasiko bagina? Alegia, berriro ere hizkuntza-borrokaz hitz egiten hasiko bagina? Gerra-komunikatu baten moduan hitz egingo genuke? 

  • Zein litzateke gure “armamentua”?
  • Zer moduz dago “troparen morala”?
  • Zeintzuek osatzen dute “tropa”?
  • Zein da gure “intendentzia”?
  • Zein dira gure “komandanteak”? 
  • Zer moduz gaude “punteriaz”?
  • “Desertziorik” al dugu? 
  • Eta “infiltraturik”? Edo “espiarik”?

Ganberrada bat da, bai horixe! Baina zer pentsatua eman dezake. Cardùsek gogorarazten duen bezala, soziolinguistika katalana, bere hastapenetan, gatazkaren teoriatik elikatu zen: gatazkaren soziolinguistika zen, sociolinguí­stica del conflicte. Egun, haren ustez, kontsentsuaren soziolinguistika ari da nagusitzen, eta emaitzak ez dira espero zirenak. Gatazka linguistikoa disimulatu egiten da, gaitz okerragoak ekiditeko. Hizkuntza gutxituen kasuan, gizartean badira hizkuntza hegomonikoaren alde jokatzen duten indar eta estruktura izkutuak: botere-harremanak, arau sozialak… Gatazkari uko egiten diogunean, indar eta estruktura horiek dira gailentzen direnak.

Hitzartzea hemen dago: https://www.youtube.com/watch?v=7HbW-h8KFqE (4h 55′ gutxi gorabehera).

Gatazka edo kontsentsua?  Ziur aski, kontua ez da bata ala bestea hautatzea. Kontua da bi polo horiekin nola jokatu eta egoera horiek nola kudeatu. Edo igoal ez… ez dakit.

Kolonialismo linguistikoa (bat)

hizkuntz_borroka_euskal_herHIZNET IKASTAROKO LAN BATEAN (Beñat Garaio: ba al dago euskararen gatazkarik?) Ninyoles-en aipu bat irakurri dut: “para comprender el conflicto lingüístico en cualquier sociedad histórica debemos acudir al conocimiento de su génesis”. Hizkuntzaren historia soziala aztertzeak badu horretatik asko: memoria-ariketa bat da, beharrezko bezain osasungarria. Ordezkapen prozesua, kolonialismo linguistikoa, glotofagia… kontzeptu erabilgarriak eta eraginkorrak izan dira euskararen soziolinguistikan, honezkero “erosoak” ez badira ere.

Kolonialismo linguistikoaz 70eko hamarkadako bi erreferentzia aurkitu ditut Euskaltzaindiaren web orrian: Hizkuntz Borroka Euskal Herrian liburuan lehena, eta 78ko artikulu bat Anaitasuna aldizkarian, Goierriko euskal eskolek sinatutakoa. Interesgarriak iruditu zaizkit eta horien aipua hona ekartzea pentsatu dut.

Hizkuntz Borroka Euskal Herrian liburuak SIADECOren sinadura du. Garai hartan, Euskaltzaindiak eskatuta, “Euskararen Soziolinguistika Azterketa” egin zuen Siadecok. Sanchez Carrión (Txepetx) eta Iñaki Larrañaga hor arituko ziren, ziur aski. Handik gutxira, ikerketa horren laburpena argitaratu zen liburu formatuan: Hizkuntz Borroka Euskal Herrian. Han, hizkuntza ordezkapenari buruzko ibilbideari errepasoa eman ondoren, zenbait ondorio atera zituzten:

  • Espainiako indar zentralak etapaz-etapako eta luzera handiko kolonialismo linguistikoa ezarri du, gaztelaniaz, beste hizkuntzekiko.
  • Kolonialismo linguistiko hau Austriekin hasi zen, Borboiekin zorroztu, eta diktadura frankistaz izan du adierazpiderik basatiena.
  • Bizi ditugun postfrankismoko garai hauetan, Estatu espainolak hasitako politíka linguistikoak ez du euskaldunon errotiko problema kulturalaren larritasuna kontutan hartzen; eta, beraz, ez da errealista. Badirudi emaitza berdinak lortuko dituen taktika berrien bila dabiltzala: gaztelaniaren hegemonia eta euskararen ezinbesteko heriotz pausatua, komunikabide-hizkuntzen arloan.

Bigarren testua oso bestelakoa da. 1978ko urrian argitaratu zen  Hizkuntz kolonizapena izenburuarekin eta euskara lantzera eta erabiltzera deitzeko manifestu baten formatua zuen. Hona zenbait pasarte:

Hizkuntzaren arloan gure egoera hizkuntz kolonialismoaren ondorio bat dela esatearekin, berealdiko aurkikunde bat egin bagenu bezala, gure hartan gelditzen gara, eta kolonizatzaileen hizkuntza erabiltzen dugu: espainola nahiz frantsesa. Eta hor dago kakoa. Hor dago gure okerra. /…/ Hizkuntz kolonialismoa borrokatzeko, edozein eratako kolonialismoa bezalaxe, ez dago bide bat besterik: kolonizatuen konzientzia esnatuz, kolonizatua dagoen herriko balioak indartu eta berbiztu /…/ 

Hona bada. Hizkuntz kolonialismoaren sare maltzur horietatik libratzeko bide bakarra: geure hizkuntza erabiltzea hizketan, idaztean, irakurtzean; geure hizkuntza, euskara, erabili nonahi eta beti etxean, kalean, lantokian, jolasean, kiroletan… Bestetik, euskara erabil erazi Administralgoan, Eskolan, Komunikabideetan, Zerbitzu publiko eta pribatu guztietan.

Horrela bakarrik hautsi ahal izango ditugu kolonialismoaren katemaila maltzur horik.

Testu biak Euskaltzaindiaren web orrian eskuratu daitezke: