Gerra kulturalak

BAT

Bereziki egokia iruditu zait aurtengo Udaltop jardunaldiak landu duen gaia. Iruditzen zait haratago iresteko moduan geundela, baina, behintzat, ondorio batzuk atera dira. Nik neuk, behintzat, honela ikusten dut:

  • Erabat funtsezkoa eskolaz kanpoko ekosisteman eragitea. Eskolaz kanpokoa inguru konplexua da. Ekosistema hitza bera oso esanguratsua da: askotariko jarduerak, askotariko espazioak, askotariko eragileak… Ekosistema osoan eragin beharra dago, ez (soilik) jarduera zehatzetan.
  • Horretarako beharrezkoa da instituzioen esku-hartzea. Aterki juridiko-politiko egoki bat antolatu beharra dago. Instituzioek apustu egin behar dute, eta apustu hori bistaratu.
  • Horren aldeko aktibazio eta adostasun soziala ere landu beharra dago. Behetik ere indarra sortu behar da, prozesu horretan eragingo duena. Agian ez da erabat “politikoki zuzena” honela esatea, baina… presio soziala ere beharrezkoa da.
  • Zerbait antolatu beharra dago, bide horretan eragingo duena. Artefaktu bat, dispositibo bat… Horren aldeko indarrak eta ekimenak artikulatzeko gaitasuna izango duen zerbait. Kanpaina bat? Ezetz esango nuke… Kanpaina bat baino zertxobait gehiago behar da… zerbait organikoagoa, agian.
  • Helburua, aurrepauso txikietatik harago, kultura-aldaketa eragitea da. Arau soziolinguistiko berri bat sortzea, alegia: 16 urte azpikoentzat antolatzen den guztia (defektuz) euskaraz izatea. Beste hizkuntzak ere hor egongo dira ziur aski, baina euskara izatea aukera ez-markatua.

Ideia potentea iruditzen zait. Zoritxarrez “kultura-aldaketaren ideia” bera ere kolonizatu eta lapurtu egin digute.

BI

Maiatzean soziolinguistika jardunaldiak izan ziren Alcoi-n (XXV Jornada sociolingüística Alcoi 2022). Hitzaldietako batean hizlariek ikasleen eredu kognitiboetan eragin beharra mahairatu zuten, eta eredu kognitibo horien atzean zeuden ideia batzuk errepasatu ere errepasatu zituzten: aurriritziak, autogorrotoa, hizkuntzaren eta identitatearen arteko lotura, arlo pribatua eta arlo publikoa… Irakasleei deigarri egiten zitzaien bereziki katalan-hiztunek ere “erosi” egin dutela inposizioaren ideia. Haraino iritsi da ideien kolonizazioa.

Izan ere, Valentzian katalan-hiztunek ere hizkuntza inposatu egiten dela uste dute. Horrelako ideiak dituzten ikasleei hiztun “solidarioak” deitzen diete, erdi-txantxetan. Gela batera sartu eta katalanez hasten zarenean –Hola, bon dia. Com esteu?–, oso litekeena da hiztun solidario horietako bat agertzea. –Perdona, disculpa, però aquí hi ha una noia que ve de la Rioja i que no t’entén–. Beste neskak, jakina, den-dena ulertzen du. Agian ez du ezer esango, baina pentsatu bai: –No le entenderas tú. Yo estoy entendiendo perfectamente!–.

Irakasle horien ustez, larria da katalan-hiztunek inposizioaren diskurtsoa barneratu izana… Oso-oso arriskutsua da.

HIRU

Norberaren balioak, sinismenak eta praktikak gailentzeko gatazka ideologikoei gerra kulturalak deitzen omen zaie. Ideien hegemonia lortzeko borrokak dira. Zer da justizia, zer inposizioa, zer da bidezkoa eta zer ez, hori guztia nork erabakitzen du? Ideia horiek guztiak gure alde posizionatzea da gerra kulturalen helburua.

Orain dela egun batzuk, titular hau agertu zen El Correo egunkarian.

Bitxia da. Hasiera-hasieratik garbi dago intentzionalitatea, baina hurrengo parrafoa irakurri behar da zertaz ari den jakiteko:

PNV, EH Bildu y PSE-EE apalabran la nueva ley de profesiones del deporte, que será aprobada por el Parlamento vasco la próxima semana

Nonbait irakurri dut gerra kulturalen kontzeptua AEBetatik datorrela, eta zerikusi gutxi duela gure errealitatearekin. Ez dakit bada! Artikulu horren modukoak irakurtzen ditudanean… zalantzak sortzen zaizkit.

Izokinak gara, korronteen kontra

Eta Kitto ELKARTEAK ANTOLATZEN DUEN Transmisioa Mintegiaren baitan, Jose Mari Agirretxe Porrotxek herrigintzaz eta irrigintzaz jardun zuen. Balioei buruz hitz egin zuen: elkartasunaz, eta eraldaketaz. Dagoeneko klasiko bihurtu den galdera da: euskaltzale izaterik al da… feminista, ekologista edota berdinzale izan gabe?

Honela zioen:

Oso inportantea da kultura. Eraldatzailea da. Euskal kultura, gehiago. Ze euskarak baloreak ditu. Euskara ez da bakarrik komunikatzeko tresna bat. Gu izokinak gara, korronteen kontra. Korronteen kontra egin behar dugulako, korronteen kontra ari direnekin enpatizatzen dugu: ekologia batekin, genero begirada batekin, parekidetasunarekin, ekonomia batekin, justizia batekin. Errazago enpatizatuko duzu, zu ere hor ari zarenean. Txikitasunetik. Orduan ez dut uste euskara soilik denik komunikatzeko tresna bat. Hori ere bai. Euskara da balioak transmititzen dituen bitarteko ederra.

Toni Lodeirok, bestalde, Options aldizkariaren artikulu batean bestelako bizimodu baten defentsa egin du: bizimodu bat non “astelehenak arinagoak diren, eta ez horren astelehen”. Gure balioekin bat etorriko den bizimoldea proposatzen du.

Honela dio:

Banka etikoa, seme-alaben zaintza eta galegoa edo katalana indartzea zertan dira berdinak? Bada…hirurek gauza bera uzten dutela agerian: hirurek agerian uzten dute gaur egun “gudu-zelaiak gure gorputzak direla”. Hirurek hegemonia neoliberalaren kontrako alternatiba aldarrikatzen dute eta hemen eta orain gure balioekin bat etorriko diren bizimoldeak proposatzen dituzte, bizitzea merezi duten bizimoldeak, alegia.

Testu osoa hemen irakurri ahal da: Gorputzak, Hizkuntzak, Kontsumoa. (twitterren jaso genuen horren pista, @Garaigoikoaren bidez).

Mikel Irizarrek ere txio eder bat sareratu zuen aurreko batean:

Diglosiak poeta egiten gaitu; subalternalitateak, berdinzale eta berdintzaile; hegemonia borrokatzeak, eraldatzaile…

Ziur aski horregatik gaude Herrialde Katalanei begira. Izan ere… zaila egiten zaigu garaiotan beste inora begiratzea. Eta bai… niri ere begiak umeldu zitzaizkidan “Euskal Herria amb Catalunya” bideoa ikusi nuenean.

Euskara eta subjektu politiko berriak

jakin_208-720x1152Udan bi jardunaldiren berri izan dugu. Bat Iruñeko Katakrak liburu-dendan izan zen: ‘Herria, nazioa, estatua… eta euskararekin zer?’. Bigarrena Miramar jauregian: ‘Berrikunt za Politikoa: Konstituzio-Erreforma, Autogobernua, Erabakit ze-Eskubidea eta Independent zia’. Oso ezberdinak, baina biak interesgarriak. Batean zein bestean eztabaida izan da (balizko) prozesu konstituiente batean kontu identitarioek zein paper jokatu behar duten. Erabakitzeko eskubidea erabat inklusiboa izatea aldarrikatu izan da, eta Kataluniako ereduari begira, independentzia klabe nazionalean eraiki beharra, eta ez klabe nazionalistan. Horrek guztiak zer pentsatua ematen du, baita zalantzak sortu ere.

Unai Apalozaren testu batean irakurri nuen, talde batek jendartean eragiteko nahi konkretu bat duenean, lehen pausua subjektu politikoak eraikitzea dela: ahalik eta zabalenak, eta ahalik eta inklusiboenak. Horren arabera, subjektu politikoak eraikitzea operazio diskurtsiboa da, eta bi logika ezberdin bereizi ohi dira: logika esentzialista (subjektu politikoa a priori marraztea) ala hegemoniaren logika (subjektu politikoa prozesuan bertan eraikitzea). Kontua da: non geldituko da euskara subjektu politiko berri horien eraikuntzan? Zein leku izan behar du operazio diskurtsibo horietan?

Woolard antropologoak ideologia linguistikoei buruz esandakoak etorri zaizkit gogora. Haren esanetan, mendebaldeko kulturan hizkuntza baten autoritatea bi ideologia linguistikoren gainean eraikitzen da: egiazkotasuna eta anonimatua. Egiazkotasuna komunitate edo identitate baten adierazpide jator eta esentziala da, norberaren identitatea aldarrikatzeari dagokio. Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza txikien biziraupenerako estrategiak horretan oinarritzen dira. Hizkuntza hegemonikoek, ordea, beren autoritatea anonimatuan oinarritzeko joera dute, eta hizkuntza inorena ez delako baloratzen da, unibertsala delako.

Bi diskurtso horietatik zeinekin erosoago? Edo hobe… bietatik zein eraginkorrago?

Susmoa dut ezin dela erantzunik egon. Ezin da aldeko eta kontrako faktoreen zerrenda bat egin, bietatik aukerarik onena zein den erabakitzeko.

Ez batak ez besteak ezin gaitu erabat ase.

Legamia…

Hitzaldi bati buruzko iruzkina irakurri dut: Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?
Eta ekologista? Izan zaitezke ekologista euskaltzale izan gabe? Eta justizia sozialean sinetsi?
Jon Sarasuak hiru motibazio nagusi aipatu ohi ditu: fluxu motibazioa, pragmatikoa eta balio erantsiarena. Laugarren eta bostgarren bat ere eransten ditu: paradigmaren motibazioa eta mintzoaren ahalmena. Sarasuak esan ohi du paradigmaren motibazioa aurrekoak baino minoritarioagoa dela. Legamia ere deitzen dio. Honela azaltzen du berak:

Aurreko hiru motibazio horiek pertsona batzuen kasuan ez ziratekeen aski izango, hizkuntza beste amets zabalago baten gako izan ez balitz. euskara bestelako mundu baten ametsaren garraiatzaile ere izan da askorentzat, paradigma zabalago baten apustu.

Ez dago gaizki esana!

Antzeko ideia Txepetxi irakurri izan diogu. Buruz ari naiz [eta -agian- oker ere bai, aipua ez baitut inon aurkitu]. Oker ez banago, hizkuntza funtzioak zerrendatu ondoren (identitatea, familia, lana, herria, nazioa, kultura eta nazioartekoa), Txepetxek iradoki omen zuen euskara eta gainontzeko hizkuntza minorizatuak funtzioen eskalan denik eta funtziorik garrantzitsuena betetzera deituak direla: elkartasunaren hizkuntzak izatera, alegia.
To eta no!

Populismoak kutsu peioratiboa du gure artean: demagogiarekin lotu ohi da, planteamendu arrazionalen gainetik planteamendu emozionalak nagusitzearekin, lidergoekin…Ernesto Laclau-k “La razon populista” liburua idatzi zuen 2005. urtean eta bestelako esanahia proposatu zuen: horren arabera, populismoa subjektu kolektiboa eraikitzeko prozesua da, demanda partikularretatik abiatzea osotasun bat eraikitzeko. Hortaz, demanda partikular horiek artikulatzea da gakoa: “ekibalentzia-kateak” eraikitzea eta demanda horiek guztiak ekibalente bihurtzea. Artikulazio horretarako zerbait behar zela zioen: ideia bat, pertsona bat… inorena ez delako denona izan daitekeen zerbait… demanda horiek guztiak ordezkatu ditzakeen ideia bat… Significante vacio deitu zion horri.Ideia baten aurkia eta ifrentzua dira.
Badakit euskara ez dela demanda partikular bat, ezta feminismoa, ekologismoa eta justizia soziala ere… baina erronka interesgarria da horiek guztiak nola edo hala artikulatzea.