Erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia…

Zientzia politikoen arabera, estrategia hirukoitza izan ohi dute mugimendu sozialek: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

Mugimenduak, sarritan, erresistentziarako sortu ohi dira. Egonezinean eta haserrealdian kimatu, eta protestaren logikari lotzen zaizkio.

Gerora, batzuek intzidentziaren estrategiari jarraitzen diote. Esfera publikoan eragin nahi dute, eta influentzia lortu, sistemaren parte bat aldatzeko. Litekeena da bide horretan erresistentzia-grina galtzea, Edo agian ez.

Hirugarren espazio bat ere zabaltzen da: arazoei irtenbideak ematea, botere publikoetatik harago. «Ez, erresistentzia ez da aski. Gure burua antolatu nahi dugu, gure buruaren jabe izateko. Gu geu gara erantzuna. Autogestioan sakondu eta disidentzia sortu nahi dugu».

Lehengo begiratu batean irudi lezake euskalgintzak bere burua dibertsifikatzea hautatu izan duela. Irudi lezake antolakunde batzuk erresistentziarako jaio direla; beste batzuk, intzidentziarako; eta badirela, halaber, disidentziarako bokazioa dutenak. Hori horrela, antolakunde horiek guztiek sistema bat osatuko lukete, eta sistemak ondo funtzionatuko luke, hiru estrategiak hartzen dituelako. Arreta gehiagorekin begiratuz gero, ezetz ikusten da. Ez da erabat horrela. Hiru estrategiaren zantzuak ikusten dira antolakunde guzti-guztietan.

Edgar Morinek printzipio hologramatikoa deitu zion horri: zati guztiek osotasun bat eratzen dute, baina osotasun hori zati bakoitzaren baitan ere bada. Zelula baten adibidea aipatu ohi da. Organismoa zelulaz osatu dago, baina zelula bakoitzean organismoaren ADN osoa dago txertatua. Mugimendu euskaltzalea ere horrelakoxea da. Erakunde bakoitzak mugimendu osoaren ADNa biltzen du bere baitan: erresistentzia, intzidentzia eta disidentzia.

Gibel solasa. Litekeena da gobernantza eredu berria(k) ate joka aritzea. Kontzeptua, behintzat, indarrez sartu da gure diskurtsoetan: instituzioek eta mugimenduek elkarrekin jardutea proiektu komunak abiatzeko. Nola deituko diogu? Konbergentzia? Ez dago gaizki esana: erresistentzia, intzidentzia, disidentzia… eta, behar denean, konbergentzia ere bai.